Denboraldi honetako Markel Susaetak (Eibar, Gipuzkoa, 1987) ez dauka zerikusirik joan den sasoikoarekin: minutu gutxiago jokatu ditu, eta gol gutxiago sartu. Finean, ez da nabarmendu aurreko sasoian bezala. Espanyolen aurkako partidako lan onak indartuta, sasoia zapore gozoarekin amaitu gura zuen. Baina ezingo du bete helburua, entrenamendua amaitu ezinik Bilboko ospitale batera eraman behar izan zutelako atzo, berezko pneumotorax bat tarteko —toraxean pilatutako aireak birika kolapsoa eragin zion—. Bihar ezingo du jokatu Levanteren aurka, eta litekeena da sasoi honetan gehiago ez jokatzea. Bizpahiru egun igaro beharko ditu ospitalean. Lesioaren aurretik egindakoa da elkarrizketa.
Europan sartzeko lehen aukera izan zenuten aurreko jardunaldian, baina kontrakoa gertatu zen. Aurkari zuzen guztiek irabazi zuten, eta horrek estutu egin du sailkapena.
Dena txarto irten zitzaigun. Jardunaldiko gauza on bakarra da Espanyolekin ere alde daukagula golen aldea. Ea jardunaldi honetan Bartzelonak Pochettinoren taldea menderatzen duen eta gu Levante gainditzeko gai garen. Hori gertatuz gero, biribila izango litzateke jardunaldia.
Partida batzuetan egiten duen jokoa aintzat hartuta, askorentzat miraria da Athletic Europan sartzeko postuetan egotea.
Norgehiagoka txarrak egin ditugu, bai. Jokoa ez da beti ona izan, baina emaitzak hor daude. Zaleek baloratzen dute taldeak egiten duen jokoa, baina emaitzak dira futbolean garrantzitsuena. Europan jokatzea lortzen badugu, guztiok pozik egongo gara.
Athleticen emaitzak onak dira oso, baina badirudi jarraitzaileak ez daudela erabat gustura. Zapore gazia lagatzen du sarritan taldearen jokoak.
Hala da. Zenbait partidatan ez dugu norgehiagokei aurre egiteko baliabiderik izan. Gu ere haserretzen gara taldeak egiten duen jokoarekin. Baina gu txarto egindakoak zuzentzen ahalegintzen gara eguneroko lanean. Levanteren aurka ondo jokatzen eta irabazten ahaleginduko gara.
Jokalariak gozatzen ari zarete futbol zelaian?
Astero gozatzen duen talde bakarra Bartzelona da. Guk lantzean behin gozatzen dugu. Etxean markagailuan abantaila izan dugunean eta erasora jokatu dugunean gozatu dugu gehien. Baina horrelako partidak ez dira asko izaten Lehen Mailan. Makina bat aldiz sufritzea egokitzen ari zaigu.
Defentsako lana hobetu behar duzue beste gauza guztien gainetik?
Espanyolen aurkako partidan defentsako lanean egin genuen huts. Baina uste dut arlo horretan ez gabiltzala hain txarto eta hurrengo partidetan hobetu egingo dugula.
Arriskuan ikusten al duzu Europan sartzea?
Arrisku apur bat badago. Aurreko sasoian oso luze egin zitzaigun sasoia. Denboraldion ezin da aurrekoa errepikatu. Taldea gogotsu ikusten dut, eta ez dut uste sari barik geratuko garenik.
Lau jardunaldi falta dira, eta bosgarren postua da lehentasuna edo zazpi aurrenekoetan sailkatzearekin konforme egongo zinatekete?
Helburua sailkatzea da. Behin hori lortuta, ahalik eta posturik onena lortzen ahaleginduko gara.
Taldearen ikuspuntutik aztertuzgero, ahazteko modukoa izan zenEspanyolen kontrako norgehiagoka. Baina arlo pertsonalean ez zaudekexatzeko moduan. Azterketagainditu zuen apurrenetakoa izan zinen.
Pozik nago Cornellako partidarekin. Lastima da sartu nuen golak ez zuela ezertarako balio izan. Hala ere, ez dut uste lan ona egin nuen bakarra izan nintzenik. Lehen zatian txukun aritu ginen.
Gol ederra sartu zenuen. Denboraldion sartu duzun lehenengoa izan zen. Gutxi da zu bezalako jokalari batentzat.
Argi dago. Ea gol horrek konfiantza ematen didan. Lau partida falta zaizkigu sasoia amaitzeko, eta baliteke gehiago sartzeko aukera izatea.
Golak sartzerakoan bakarrik ez, jokoaren beste arlo batzuetan ere gehiago eskatu behar zaizu. Denboraldion ez zara asko agertu.
Ados nago. Joan den denboraldia nire kirol ibilbideko onena izan zen. Hala ere, aurreko sasoian egindakoa hobetzea zen nire asmoa. Baina gauzak aldrebes egin ditut. Ez nago pozik eman dudan itxurarekin. Hobeto egin behar ditut gauzak.
Jokalariok autokritika egiten duzue. Zer falta izan zaizu?
Aurreko denboraldian gauza guztiak ondo atera zitzaizkidan. Sasoi hau ere ondo hasi nuen. Konfiantzarekin. Baina taldean lekua galtzeaz bat emaitza onak etorri ziren, eta, normala den moduan,kosta egin zitzaidan protagonismoa berreskuratzea. Aukeraren zain egon naiz.
Entrenatzailearen babesa daukazula sentitzen duzu?
Bai. Sasoi hau da gutxien jokatu dudana, baina gustura nago entrenatzailearekin.
Bihar Levanteren aurka jokatuko duzue San Mamesen. Denboraldi honetako ezusteko nagusia al da?
Beharbada, bai. Sasoia ez zuen ondo hasi, baina bigarren itzulian buelta eman dio egoerari. Ez da aurkari erraza izango. Ikusi bestela joan den jardunaldiko emaitzak. Egun ez dago aurkari errazik.
Aurkari gogorra izan arren, derrigorrez irabazi beharreko partida da?
Bai. Irabazi egin behar dugu.
Zenbat puntu lortu beharko dituzue geratzen diren lau jardunaldietan aurkari zuzen bat atzean utzi ahal izateko?
Ez dut kalkulurik egin nahi. Hala ere, jokoan egongo diren hamabi puntuetatik erdiak lortuta nahikoa izango dela uste dut.
Markel Susaeta. Athleticeko jokalaria
«Gu ere haserretzen gara taldeak partida batzuetan egiten duen jokoarekin»
Taldekide guztiek bezala, Markel Susaetak ere joko onaren ondoan emaitzak lehenetsi gura ditu. Arlo petsonalean, sasoi guztian erakusterik izan ez duena ematea du xede azken lau jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu