Denboraldiko partidarik erabakigarriena du gaur Bera Berak, Galizian, Guardes bigarren sailkatuaren aurka. Irabazten duenak pauso garrantzitsua emango du liga irabazteko. Are gehiago Bera Berak, liderra baita. Aste honetan beste bi jokalarik hartu dute min taldean, baina Ana Tempranoatezaina (Oviedo, Espainia, 1984) baikor da, eta partida gutxiago jokatu duten taldekideen ilusioa eta kalitatea goratu ditu.
Patricia Elorzak eta Marta Lopezek min hartu dute aste honetan, eta ezingo dute jokatu gaurko lehia. Kolpe gogorra izango zen hori zuentzat, ezta?
Bolada txarra daramagu lesioekin: zuntz hausturak, belauneko bihurrituak, zaintiratuak... Patricia [Elorza] eta Marta [Lopez] lesionatu ez ezik, Esther [Arrojeria] eta Alicia [Fernandez] ere denbora luzerako daude min hartuta. Hori ere kolpe gogorra izan zen. Taldeko bi erdikoak dira, eta oso ondo ari ziren taldea gidatzen, konfiantzaz eta ardura handiz. Ondorioz, gure jokoa zertxobait moldatu behar izan dugu.
Nola eragin dezakete Elorzaren eta Lopezen lesio horiek Guardesen aurkako partidan?
Batez ere eragina izango dute partidan zehar aldaketak egiteko garaian. Estuago ibiliko gara, eta jokalari garrantzitsuek denbora gutxiago izango dute atseden hartzeko. Gainera, Patri ezkerra da. Taldean ez daude asko, eta hori ere antzeman dezakegu. Dena den, gutxi jokatzen duten jokalariak gogo handiz daude duten maila erakusteko. Gazteak dira, eta kalitate handia dute.
Denboraldiko lehiarik garrantzitsuenetakoa da Guardes bigarren sailkatuaren aurkakoa. Astea berezia izan al da?
Berezia izan da Guardes bigarren sailkatua delako eta oso ondo jokatzen ari delako. Horren ondorioz, are gehiago aztertu behar duzu aurkaria; txikikeri guztiak zaindu behar dituzu. Oso serio eta arretaz entrenatu gara, intentsitate eta motibazio handiarekin.
Guardesi irabazita liga erabakita dagoela uste duzu?
Urrats garrantzitsua egingo genuke, lau punturen abantaila eta golen aldea gure alde baikenuke. Beraz, ez genuke aurkari zuzenen emaitzei begira egon beharko. Baina, irabazita, liga ez litzateke egongo gure alde erabakita. Oraindik hirugarren —Rocasa— eta laugarren —Zuazo— sailkatuen aurka jokatu behar dugu, eta ez dira izango batere partida errazak. Irabazteak aukera emango digu partidaren batean huts egiteko. Gainera, energia dosia izango da datorren astean jokatuko dugun Espainiako Kopari begira. Galduz gero, sei golen baino gutxiagoren aldearekin egin behar dugu, golen aldeari eusteko.
Zeintzuk dira aste honetan landu eta zaindu dituzuen txikikeria horiek?
Gauza asko hartu beharko dira kontuan halako partida batean, eta horiei erreparatu diegu. Defentsa ondo lotu behar dugu. Denboraldi honetan neurketa asko irabazi ditugu defentsako lanari esker, eta oraingoan are garrantzitsuagoa izango da lan hori. Bestalde, ahalik eta baloi gutxien galdu behar ditugu. Izan ere, erasoan ederki baliatzen dituzte kontraerasoak egiteko aukerak. Erasoan, gainera, lehen lerro oso indartsua dute, eta, baloia erraz mugitzen uzten badiegu, piboteekin min handia egin diezagukete. Baloirik gabe oso ondo jokatzen dute piboteek, eta lerroan ederki mugitzen dira. Lerro arteko joko hori eten edo trabatu behar diegu.
Joaneko partidan 28-22 irabazi zenuten. Nolako norgehiagoka espero duzue oraingoan?
Oso bestelakoa izango da. Hemenjokatu zutenean, ez zuten partida ona egin. Orain, ordea, etxean jokatuko dute, eta horrek asko aldatzen ditu gauzak. Partida gogorra izango da, eta oso parekatua. Pazientzia handiz jokatu behar dugu, gol alde txikiarekin erabakiko baita ziurrenik. Beraz, azken minutuak ondo kudeatu behar ditugu. Fresko iritsi behar dugu minutu horietara.
Zuek ohituago zaudete halako neurketak jokatzera. Abantaila izango al da hori zuentzat?
Aurreko sasoietan, Guardes gutxigatik geratu da liga irabazteko lehiatik kanpo, eta aurten, titulu bat lortzeko taldea osatu dute. Presio hori izango dute ziurrenik, eta guk hori baliatu behar dugu.
Atezainaren postua berezia da. Nola prestatu duzu partida?
Bideo dezente ikusi ditut, aurkariaren jokaldiak aztertzeko. Horrekin batera, taldekideekin ohi baino gehiago hitz egiten dut entrenamenduetan, gure artean oso koordinatuta egon behar dugulako. Haien laguntzak funtsezkoak dira, nik denbora gehiago izateko baloietara iristeko, urrutiko jaurtiketetan batez ere.
Sasoia min hartuta hasi zenuen. Zer moduz zaude orain?
Gorabeherak izan ditut denboraldian. Baina orain ondo nago, konfiantzaz, eta taldea ere hala ikusten dut.
Ana Temprano. Bera Berako atezaina
«Guardesi irabazita ere, liga ez litzateke egongo gure alde erabakita»
Defentsako lanari esker lortu ditu sasoi honetan garaipen asko Bera Berak. Lan horretako zutabeetako bat da Temprano. Partida gogorra eta parekatua izatea espero du gaur Guardes bigarren sailkatuaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu