Markel Bergara. Realeko jokalaria

«Gure jarrera zalantzan jartzea ez zait bidezkoa iruditzen»

Aspaldi ahaztua zuen jarraikortasuna ari da izaten sasoi honetan Bergara euskarria. Taldeak kalitate handia daukala uste du, eta konfiantza gehiago eskatu die zaleei.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bost urte bete zituen herenegun lehen taldean Markel Bergarak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). «Bat gehiago naiz», dio. Ez hainbeste txapelketari hasierako hamaikakoan ekiteagatik, baizik eta taldearen egunerokotasunean parte hartzen ari delako inolako oinazerik gabe. Giharrak zaintzeko prozedura berezi bat egin beharko du betiko. Futbolak eskatu dion ordaina da. «Onartuta daukat». Philippe Montanier entrenatzailearen kutunetakoa da; iraunkortasuna topatu nahian dabil, bere taldearen antzera.

Drama gehiagorik ez egiteko eskatu zenuen herenegun prentsa aretoan. Zer dela eta?

Gauzak bere onetik atera diren sentipena daukagu aldagela barruan. Gu itzuli ginen Mallorcatik nahigabetuenak, irabazteko helburuarekin zelairatu ginelako. Bestelako ikuspegi batetik aztertu behar dira gauzak, lasaiago. Etxetik kanpo ez gabiltza batere fin. Zer hobetua badaukagu. Ukaezina da hori. Hala ere, bi neurketa baino ez ditugu jokatu, eta horietako bat, gainera, Bartzelonaren etxean izan zen.

Zuen inguruan entzundako hizkera gogorregia izan al da?

Azken egunetan egin dizkidaten galderekin ohartu naiz lasaitasun pixka bat falta dela. Hau hasi besterik ez da egin. Ziur gaude Zaragozaren aurkakoa irabaziz gero ikuspuntua berriz baikortuko dugula. Zalantza nabaritu dut.

Celta eta Mallorcaren neurketetatik zer ondorio atera dituzue?

Anoetan jokatu genuen lehen zatia bete samarra izan zen. Celtaren jokalarien gainean egon ginen, eta ez ziren ezertarako gai izan, ez ziren eroso sentitu. Bigarren zatiaren hasieran hobera egin arren, hiru puntuak etxean geratu ziren. Uste dut zaleak gustura utzi zuela zelaia. Mallorcan ere esango nuke txukun ekin geniola partidari. Kokapena aurreratzeko gai izan ginelako. Ondoren ez genuen asmatu. Lehia gehienak irabaztearen poderioz indartu egin ziren, eta merezimenduz eskuratu zuten garaipena.

Nola joka dezakezue elkartuago? Nola izan zaitezkete sendoagoak?

Haien bila atera ginenean, denok eman genuen aurrerapauso bat. Aurreratuenen jokatzen dutenek galarazi behar dute aurkariaren baloi irteera, eta, hala, zelai erdikook ere gorago egiten dugu presioa. Mallorcak ongi erantzun zuen bigarren zatian, eta konturatu gabe atzean sartu gintuen.

Etxetik kanpo irabazteko zer arazo dituzuen ikusita, galtzen hastea kolpe erabakigarria al da?

Ez da batere lan samurra Lehen Mailan kanpoan irabaztea. Joan den jardunaldian Malagak baino ez zuen lortu. Emaitza on bat atera ahal izateko, ezin gara atzean sartu, zain egon. Gola bilatu behar dugu.

Irakurri edo entzun dituzun kritiketatik zein ez zaizu bidezkoa iruditu?

Jarreraren inguruan galdegin zidaten duela gutxi prentsa aretoan. Ongi jokatu ez duzunetan arrazoiak topatu nahi izaten dira, baina bide horretatik jo izana ez zait legezkoa iruditzen. Ez nator bat. Gure profesionaltasuna ezin dezake emaitza batek kolokan jarri.

Jokabidea eta izaera ez dira gauza bera. Bigarrenaz galdetuz gero?

Kanpoan egiten ari garenarekin askok pentsa lezake lehiakortasuna falta zaigula, nahiz eta hori ere emaitzen arabera neurtu ohi den. Aurrerapausoa emateko gogo biziz gaude. Lehen Maila oso da exijentea, eta ezin daiteke egun batetik bestera gauzak lortu. Kalitate handiko multzoa daukagu, eta pixkanaka gorantz egingo dugu.

Konfiantza landu al daiteke?

Montanier trebea da giza taldearen kudeaketan. Multzoaren parte garela sentiarazten digun heinean, konfiantza hartuko dugu. Inork ez du ezeren kexarik.

Hirugarren partida jokatu zenuen segidan hasieratik aspaldiko partez.

Zangoek ez didate kale egin. Oso pozik nago.

Giharrak babesteko lan berezia egiten jarraitzen al duzu?

Bai, eta nire kirol ibiliak irauten duen bitartean egiten jarraitu beharko dut, sasoiko egon ahal izateko. Hori tokatu zait niri, eta onartuta daukat. Taldearen barruko eta kanpoko espezialisten aginduz prozedura bat ari naiz jarraitzen, eta, oraingoz, oso emaitza onak lortu ditut.

Lasai al zaude?

Bai, bai, oso lasai. Une gozo edo txarrenetan taldearen parte zarela sentitzeak berebiziko garrantzia du. Alde horretatik, bat gehiago naiz. Arazo fisikoen erruz gorriak ikusi ditut, baina horrek pentsaera gogortzeko ere balio izan dit. Aurrerantzean lagungarri izango zait orain arte pasatu dudana.

Gehiegizko irrikaz aritzea eragin al dizute oinaze horiek guztiek?

Jarraikortasunik lortzen ez duzunean sekulako gogoarekin zelairatzen da norbera bere aukera baliatzeko, eta batzuetan ez da mesederako izaten. Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta lasaiago egoten zara.

Lehen Mailako futbolaria sentitzen al zara?

Bai. Bigarren Mailarekin alderatuz gero, askoz ere jokalari desorekagarriagoak daude goi mailan. Erritmoari dagokionez, ordea, ez dago halako alderik.

Lan hitzarmena ez duzu oraindik berritu.

Ez dago korrika eta presaka aritzeko beharrik. Egongo da astia gerora ere. Klubak jakinarazi zidan aintzat hartuko ninduela, eta nik ere ez dut beste ezer buruan. Iritsiko da iritsi behar duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.