David Etxebarria, Pedro Horrillo, Iñigo Landaluze. Dabiltza. Abraham Olano eta Miguel Indurain. Ibili ziren. Fede Etxabe, Alberto FernandezÉ historia egin zuten. Ibiliko direnekin amets egiteko esperantzarekin itxiko dugu zerrenda. Amets egitearen parekoa baita, ia-ia, euskaldunak iparraldeko klasikoetan punta-puntan ikustea. Horren zergatiak aztertzen milaka eta milaka karaktere beharko genituzke, eta hobe txirrindularitzaren historia bere egin duten proben, monumentuen xarmaz mintzatzea. Tradizioari leial, bere lekutik mugitu gabe, gurpildun monumentuak.
Urtero korritzen dira, baina Olinpiar Jokoen pareko oihartzuna dute Belgikan, Holandan, Frantzian, Italian. Apalagoa beste hainbat herritan, Euskal Herrian, Alemanian nahiz Espainian, adibidez. Erresistentzia eta indarra dohain dituzten txirrindulariak saritzen dituzte Flandesko Tourrak, Paris-Roubaixek eta Lieja-Bastogne-Liejak. Mutil sendoa izan behar du han irabazi nahi duenak: hanka zuztar gihartsuduna, ordokizalea, eskarmentu handikoa, sufritzeko prest dagoena. Zaldi trosta luzeko 80-85 kiloko morroskoek bakarrik irauten dute han, bizikleta jostailu txikienaren pare uzten duten mutikoteek.
Txirrindulari bikainek soilik irabazten dute hiru probetan. Garaipen zerrendari erreparatu beste lanik ez dago horretaz jabetzeko. Gehienak txirrindularitzaren urrezko historian lekua duten karreristak dira: Eddy Merckx, 10 garaipenekin hiru klasikoetan, Roger de Vlaeminck, Rik Van Looy eta Johan Museeuw (seina garaipen), Rik Van Steenbergen eta Francesco Moser (hiruna), Sean Kelly eta Paolo Bettini (bina)ÉZer esan hiru probetan bide ertzean, hormetan zintzilik, harbidearekin bat eginda, elkartzen diren dozenaka mila zaleez. Flandes, Belgika, Holanda, Frantzia eta Italiako banderak dantzan direla, eta, gero eta gehiago, Euskal Herriko ikurrinez inguratuta egiten dute bidea txirrindulariek, begiak hautsez eta lokatzez beteta, itsu-itsu, aurretik zer duten ikusi gabe.
Gogorrak, arriskutsuak, erakargarriakÉ
Zer dute, baina, klasiko handi horiek, hain erakargarriak izateko? Azaletik dena da txarra. 250 kilometrotik gora, zazpi ordu baino gehiago bizikleta gainean eman eta eman. Sarri, eguraldi busti eta hotzarekin, eta arrakasta izateko aukera, oso murritza. Horri zeruraino tentetzen diren mur edo horma bihurriak gehitu, edo Roubaixera bidean dauden harbide zakarrak, errepide hondatua eta dardar batean joan beharra, kilometro amaigabeetan, eroriko larriren bat jasan, edo gurpilen bat zulatu, eta taldeko autoaren zain geratu, lur-jota, amore eman eta lasterketa begien aurrean ihes nola egiten ari den ikusten, amorratuta.
Pedro Horrillo ermuarraren azalpenak lagungarriak dira. Ezin hobeak. Dakienaren, sufritu eta gozatu duenaren bihotzetik egindako hitzak dira. Sentimenduz. Pasioz. Maitasunez: «Jendeak ez du ulertzen txirrindulariok Paris-Roubaix probarekin dugun harremana, baina niretzat dena da. Ezingo nuke Paris-Roubaix korritu gabe bizi. Hasi eta bukatu arte, giroa ikusgarria da, hegan bezala zoaz, nekea nabaritu gabe, erorketa arriskuei erreparatu gabe. Ez dago lasai joateko tarterik. Zu eta harbidearen arteko borroka da, epikoa: Kokapena ez galtzeko, aurrekoaren gurpilari itsasteko, taldekideak babesteko, aurkariak atzean uzteko... Harbide zati bat bukatu eta zatia hasitako kokapen bera mantendu edo hobetu baduzu, indarberrituta ekiten diozu, 250 kilometro egin badituzu ere».Oscar Freire munduko txapelduna ere harrituta geratu zen Mapein eta Quick Step taldeetan zegoela, taldekideek klasiko handiak bakarrik zituztelako ahotan. Hitz bakar bat ere ez omen zuten egiten Vueltaz, Giroaz edo Tourraz, gurean hainbeste oihartzun duten probez. David Etxebarriari ere begiek dir-dir egiten diote Lieja-Bastogne-Liejaz galdetuz gero. Kutsatuta daude, iparreko klasikoen gaitzak jota.Urte oso bateko prestakuntza egun bakar batera bideratzen dute Horrillok, Freirek eta Etxebarriak. Freirek berak, munduko onena izanagatik, aukera txikia du Flandesko Tourra irabazteko, baina arrakasta lortuz gero, oso txirrindulari gutxi dauden aldarera igoko da. Horrillok helburu apalagoak ditu. Korritu eta gozatu, sufrimendua itzela izango dela jakinaren gainean badago ere. Eta han gozatutakoa kontatu, lau haizeetara zabaldu, zaleei biziarazi. Itzuli handiak baino lehenagokoak direlako klasikoak. Eta klasikoak, aspaldian, gurpilentzako monumentuak dira. Eta monumentuak monumentuak dira; ez dira, nolanahi, urtegutxi batzuetan eraikitzen.
TXIRRINDULARITZA. KLASIKOAK
Gurpilentzako monumentuak
Datozen hiru asteetan korrituko dira Flandesko Tourra, Paris-Roubaix eta Lieja-Bastogne-Lieja, txirrindularitzako ikurrak; parerik gabeko kirol festa dira herri askotan, tradizioa puri-purian; Euskal Herrian ez dute itzuli handiek adina jarraipen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu