Lagun Aro GBC 73. Obradoiro 77

Gurutze bidea luzatzen

Lagun Arok galdu egin du; salbatzeko, azken hiru lehiak irabazi behar ditu, eta Fuenlabradak, denak galdu

Lagun Aroko jokalariak, burumakur, atzo, partida amaieran. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lagun Aro GBC. Salgado, Papamakarios (12), Woods (15), Paunic (3), Doblas (17) —hasierako bostekoa—; Neto (2), Rubio (4), Finley (14), Diez (2) eta Ibekwe (4).

Obradoiro. Andres Rodriguez (8), Pumprla (7), Corbacho (9), Kendall (3), Mejri (7) —hasierako bostekoa—; Junyent (4), Luz (11), Buford (5), Hummel (10) eta Dewar (13).

Markagailua. 13-17, 38-29 (atsedenaldian); 55-53 eta 73-77.

Epaileak. Garcia Gonzalez, Peruga eta Cardus. Doblas kanporatu zuten (40. min.).

Bestelakoak. 5.720 ikusle Ilunbeko pabiloian.

Lagun Aro GBCk ez du maila galdu, baina denbora kontua dirudi. Astebeteko kontua, agian. Donostiako taldeak miraria behar duelako, seigarren urtez jarraian ACB ligan jokatzeko. Atzo jaitsierari izkin egin zion, baina ez hori egiteko merituak egin zituelako. Egindako lanagatik balitz, Lagun Aro jada Urrezko LEB ligako taldea litzateke. Atzo, derrigorrean irabazi behar zion Xacobeori, eta hori egiteko gai ere ez izan. 73-77 galdu zuen, Galiziako taldearen aurka. Emaitza horrek eta Valladoliden eta Fuenlabradaren garaipenek Urrezko LEB ligara kondenatzen zituen donostiarrak. Eta hori gertatzear izan zen. Valladolidek irabazi egin zuen, 88-84 Cajasolen aurka. Fuenlabradak Laboral Kutxa Baskoniari irabaziz gero, akabo. Baina Gasteizko taldeak mesede galanta egin zion Donostiakoari, Fuenlabradari 83-86 irabazita. Zan Tabakek entrenatutakoek liga erregularreko bigarren postua ziurtatu nahi dute nola edo hala, eta, hori lortu nahian, bete-betean aritu ziren. Hala ere, Fuenlabradak estu hartu zituen gasteiztarrak, eta denbora askoan aurretik izan zen. Azkenean, baina, Baskoniarentzat izan zen garaipena.

Baskoniaren garaipenak, hala ere, donostiarren agonia luzatu besterik ez du egingo. Izan ere, liga erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, Donostiako taldea azken-aurrena da, zortzi garaipenekin. Hirura ditu Cajasol eta Fuenlabrada, baina Sevillako taldea salbu dago jadanik, Lagun Arok baino puntu alde hobea baitu. Beraz, Fuenlabrada da donostiarrek aurrera dezaketen talde bakarra. Egin beharrekoa, ordea, sinplea bezain ezinezkoa da, azken hiru partidak irabaztea: lehenbizi, datorren igandean, Kanaria Handiari, bere kantxan; ondoren, Bartzelonari, Ilunben; eta azkenik, Real Madrili, bere kantxan. Hau da, sailkapeneko lehenari, hirugarrenari eta zazpigarrenari irabazi behar diete donostiarrek. Eta hori eginda ere maila gal dezakete, Fuenlabradak nahikoa baitu gelditzen zaizkion hiru partidetako bat irabaztea mailari eusteko. Kanarias etxetik kanpo, CAI etxean, eta Cajasol etxetik kanpo. Horra espainiarren egutegia. Argi dago donostiarrena baino askoz samurragoa dela. Beraz, atera kontuak. Egundoko miraria behar du Lagun Arok.

Bilbo Basket, CAIren aurka

ACB ligako beste euskal taldeak, Uxue Bilbo Basketek, gaur jokatuko du, etxean, CAI Zaragozaren aurka (19:00, Teledeporte). Liga erregularrean laugarren postua lortzeko lehian partida garrantzitsua da gaurkoa. Eta norgehiagoka garrantzitsu hori jokatzeko, Fotis Katsikarisek lau jokalari ditu kili-kolo: Raul Lopez, Vasileiadis, Rakovic eta Samb.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.