Atzelariak dira biak, antzeko adina dute, eta euskal talde batean ariko dira datozen hiru denboraldietan. Xabi Etxeita, ordea, Athleticen ariko da, eta Joan Oriol, Osasunan. Biek jantzi zuten atzo talde berriaren elastikoa.
Etxeitarentzat, ordea, ez da elastiko berria, Zornotzako jokalariak (Bizkaia) lau urtez jantzi baitzuen Athleticen elastikoa, 2006tik 2010era: lehenbizi, Athletic Bn, eta gero, lehen taldean. Nagusiekin 21 partida jokatu zituen. Gutxi. Horregatik utzi zuen Lezama. Horregatik joan zen Cartagenara lehenbizi, eta Elxera gero: sarri jokatzeko eta futbolari gisa hazteko. Eta lortu du. Horregatik dago berriro Athleticen. «Mesede egin dit kanpora joateak, Athleticetik kanpo futbola nolakoa den ikusteko. Seguru nago esperientzia horrek on egingo didala. Nire kasuan, hobetu egin dut, eta heldu egin naiz», aitortu zuen atzo.
Etxeitak ez zuen inoiz galdu Bilbora itzultzeko ilusioa. Horregatik ez zuen bitan pentsatu Athleticen deia jaso zuenean. «Oso eskertuta nago etxera itzuli eta Athleticen elastikoa berriro janzteko aukera izateagatik».
Baieztapen ofizialik ez Solaz
Etxeita da datorren denboraldirako Athleticek fitxaturiko laugarren kirolaria, Ernesto Valverde, Beñat Etxebarria eta Mikel Balentziagaren ostean. Fitxaturiko bosgarren kirolaria Kike Sola izango da, talde zuri-gorria eta Osasuna ados baitaude aurrelari nafarrak Bilbon joka dezan. Hala ere, Josu Urrutiak ez zuen atzo akordioa baieztatu. «Guk ez dugu jokatzen beste klub batzuek bezala. Ez dugu ez baieztatzen ez ukatzen diru kopururik, ez behintzat dena sinatuta egon arte», esan zuen Athleticeko lehendakariak.
Hala ere, Osasunan ziurtzat ematen dute Solak Iruñea utziko duela, eta dagoeneko hasi dira haren ordezko baten bila. Oriol Riera Alcorconeko 27 urteko aurrelari kataluniarra da hautagai nagusia. Oriol Rierak hemezortzi gol sartu ditu sasoi honetan Bigarren Mailan. Hala ere, Osasunarena ez da Oriol Rierarengatik Alcorconek jaso duen eskaintza bakarra. Eskaintza onena ere ez da.
Erasoa indartu bitartean, atzealdea indartzen jarraitzen du Osasunak. Jordan Loties erdiko atzelari frantziarra eta Joan Oriol ezker hegaleko atzelari kataluniarra fitxatu ditu jada. Joan Oriol «eskertuta» azaldu da Osasunak Lehen Mailan jokatzeko eman dion aukeragatik. Badaki, hala ere, Natxo Monreal joan zenetik ezker hegaleko finkorik ez dela egon taldean. «Gogo handiarekin nator, eta ez diot hutsik egingo Osasunari. Lehen Mailan urte askoan joka dezakedala erakutsi nahi dut».
Gustuko dute elastikoa
Xabi Etxeita atzelaria «pozik» dago Athleticek fitxatu duelako, baita Joan Oriol ere Osasunan ariko delako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu