Realaren hamaikoan agertu ez agertu dabil sasoi honetan Aritz Elustondo. Jokatuz eta bikain arituz hasi zuen denboraldia, baina desagertu egin zen gero Eusebio Sacristanen planetatik. Jardunaldiak egin zituen ia jokatu gabe, baina haren premia izan zuen taldeak gerora, Iñigo Martinez Athleticera joan zenean. Ateak ireki zitzaizkion, baina berriz ere partida onak egin arren, aulkira bidali zuen Eusebiok. «Kosta egin zitzaidan hori ulertzea, baina ez dut inoiz etsi». Bi hilabete zeramatzan lehiatu gabe, Imanol Alguacilek taldearen gidaritza hartu arte. Hasieratik aritu da azken bi partidetan, txukun aritu ere. Eskuin hegalean jokatu du, gainera, aspaldiko partez. Hazten jarraitzeko gogoz dago.
Derrigorrean, Xabi Prietoz izan beharra du lehen galderak. Nola hartu du taldeak albistea?
Pena galanta izan da, eta albisteak gehiago du tristetik pozetik baino. Xabi Prieto txikitatik ezagutu dut Realeko jokalari gisa, eta oraindik ez dut imajinatzen hura gabeko talde bat. Galera izango da, eta kostako da halako balioak izan dituen beste jokalari bat sortzea. Ikusten genuen erabakia irits zitekeela, eta onartua genuen. Zalantza dezenterekin ibili da sasoi honetan, eta erabakiak ez gaitu ezustean harrapatu.
Nola jakinarazi zizueten erabakia?
Denok elkarrekin geunden, eta esan zigun nahiago zuela erabakiaren berri zuzenean eman, hurrengo egunean egunkarietatik jakin baino. Halere, prozesu bat izan da, eta ez egun bateko kontua.
Zuretzat zer izan da Xabi Prieto?
Eredua. Beti sumatu izan dut haren babes handia, baita bigarren taldean nengoenean ere. Ez naiz gogoratzen harekin egon nintzen lehen egunaz, baina badakit beti zegoela gazteongandik gertu. Oso hurbilekoa da, sentikorra, eta garrantzitsuena da inork baino hobeto dakiela gazte batek zer sentitzen duen Realera iristen denean. Bera ere horretatik pasatu zen, eta horrek mesede egin dio gazteok babesterakoan. Behar izan dugun guztietan egon da hitz egiteko prest. Kapitain onena izan da.
Denbora gutxian, lau kapitainetako hiru faltako dira Realean: Carlos Vela, Iñigo Martinez eta Xabi Prieto. Nork hartuko du erantzukizuna orain?
Futbola horrelakoa da, eta badakigu jokalarien joan-etorrikoak ohiko kontuak izan daitezkeela. Ez da ezer berria. Halere, Reala klub berezia da harrobiko gazteekin lan egiten duelako, eta uste dut taldean badagoela non aukeratua kapitain lanerako. Agirretxe gurekin daukagu, Zurutuza ere hor dago, eta gazteok ere prest gaude egunen batean liderrak izateko. Gustatuko litzaidake kapitain izatea eta Xabiren balioei eustea. Hala ere, oraindik denbora dezente falta zait egun hori iristeko.
Joan-etorriak aipatu dituzu, eta Eusebio eta Loren ere falta dira. Zenbateraino eragin du taldean?
Esan dut futbola halakoa dela, eta inoiz ez da atsegina entrenatzailea eta kirol zuzendaria kargutik kentzea. Autokritika egin behar dugu, uste baitut errua guztiona izan dela: entrenatzailearena, jokalariona, zuzendaritzarena… Betikoak ordaindu du. Ahal dugun guztia egin dugu denbora honetan egoera iraultzeko, baina ezin izan da. Ez dugu aski indar eduki hori lortzeko. Jokoak ez du funtzionatu guk nahi bezala.
Amaitutzat zegoen Eusebioren aroa?
Ez dakit. Ziurta dezakedan bakarra da gure esku egon den guztia egin dugula emaitza onak lortzeko. Norabide berean joan gara entrenatzailea eta jokalariak. Iragan sasoian hain partida distiratsuak jokatuta, orduko hartara itzultzea zen helburu nagusia, eta konbentzituta geunden gure joko estiloari eutsita lortuko genuela. Partidak joan eta joan, emaitzek ez zuten laguntzen, eta konfiantza galtzen joan ginen. Estiloari eusten genion, baina hirunaka batu ezean, alferrik da. Sumatzen genuen arriskuan zegoela Eusebioren postua, eta erabakia ailegatu zen.
Distiratik iluntasunera egin du Realaren jokoak. Zergatik ez duzue funtzionatu sasoi honetan?
Arrazoi bat baino gehiago egongo dira, ziur aski. Joan den denboraldian bi lehiaketatan soilik geunden, eta uste dut hirutan aritzeak ondorioa izan duela. Europan hainbestean ibili gara, baina ligan eta Espainiako Kopan ez ditugu bete aurreikuspenak. Kolpe latza izan zen Kopatik kanpo geratzea. Emaitzek ez dute lagundu, eta baliteke guk ere jokoan asmatu ez izana. Oso joko erasokorra egiten genuen Eusebiorekin, jende gutxirekin aritzen ginen defentsan, eta zailtasun garaietan garesti atera ohi da arriskuak hartzea. Akats txikienetan golak jasotzen genituen, aurkariek oso gutxirekin min handia egiten ziguten, eta ezin genuen partidarik irabazi. Hausnartzen genuen horri buruz, baina estiloa ez genuen aldatzen. Oreka falta zitzaion taldeari.
Arazoari zergatia bilatu bazenioten, zergatik ez zenuten aldatzen estiloa?
Entrenatzailea konbentzituta zegoen lehengo distirara itzuliko ginela. Esaten zigun konfiantza handia zuela gugan eta kalitate handiko jokalariak ginela. Guk ere badakigu gure mailatik urrun ibili garela eta ondo jokatuz gero goiko postuetan ibiliko ginela. Dena den, gauzek ez dute ondo funtzionatu, eta, orain, liga ondo amaitzea da egin dezakegun onena. Hori egiten badugu, hurrengoa ilusio eta konfiantza handiagoarekin hasiko dugu. Talde bikaina daukagu, eta baikorrak izan behar gara.
Zer moduz zabiltzate Imanolekin?
Gustura. Estiloa zerbait aldatu dugu, atzean askoz sendoagoak gara, eta, gutxienez, lehiakorrak izan gara azken bi partidetan. Distira gutxiagoko taldea osatzen dugu akaso, baina eraginkorragoa. Eta horixe da orain behar genuena. Lehen helburua golik ez jasotzea da, eta, hori lortuz gero, gertuago izango dugu irabaztea. Gainera, ikusi da aurrean jo handia daukagula. Gironaren aurka beraiek baino gutxiagotan izan genuen baloia, eta bost gol sartugenituen. Bizpahiru gauza garbi edukita, eroso sentitzen ari gara. Bide egokian goaz.
Entrenamenduetan alde handia al dago batetik bestera?
Seriotasuna beti mantentzen dugu, baina Imanol latigoarekin etorri da. Nortasun handiko entrenatzailea da, eta intentsitate handiz aritzea gustatzen zaio. Taldeak irabazi duen sendotasuna antzeman da partidetan. Jokalarion gainean dago beti, jokaldiak zuzentzeko prest, eta, gogorra izan arren, hurbila izaten ere badaki.
Zuri atea zabaldu zaizu.
Eta oso pozik nago. Denboraldi gorabeheratsua izaten ari da niretzat, eta liga jokatuz amai dezakedala ikustea oso pozgarria da. Hasieran, tokia nuen hamaikakoan, baina egun batetik bestera aulkira joan behar izan nuen inolako azalpenik jaso gabe, eta bi hilabete egin nituen egoera horretan. Gero Atletico Madrilen zelaian itzuli nintzen, Europan ere jokatu nuen, baina akats pare baten ondorioz nigan konfiantza galdu zuen entrenatzaileak. Otsailetik jokatu gabe nengoen, eta Ipuruan nahiko ondo sumatu nuen neure burua. Beti egon naiz aukeraren zain, eta konplitzen ari naiz.
Jarraitzaileen maitasun osoa lortuta daukazu, beti ematen baituzu zurea, baina, halere, kosta egiten zaizu apur bat batzuk jokatzea. Amorrurik sortzen dizu horrek?
Amorrua ez, eta jokatu ez dudanetan ere oso lasai egon naiz, banekien-eta aukera helduko zitzaidala. Ni Realekoa naiz txikitatik, taldearentzat onena nahi dut, eta aulkitik ere laguntzen saiatzen naiz. Gainera, iragan sasoian baino dezente gehiago jokatzen ari naiz. Uste dut 462 minutuan jokatu nuela guztira, eta orain protagonismo gehiago izaten ari naiz. Iaz izugarri sufritu nuen; gainera, aita hil zitzaidan, eta zelaian gaizki sentitzen nintzen. Pase bakar bat emateko ere beldurrez egoten nintzen. Halako sufrikarioaren ondoren, orain askozpertsona gogorragoa naiz, eta jokatzen ez dudanetan ez naiz behera etortzen. Psikologikoki asko indartu naiz.
Eskuin hegalean jokatu duzu azken bi partidatan. Eroso zaude, ala erdian jokatzea nahiago duzu?
Berdin-berdin zait; jokatzen dudan bitartean, pozik nago. Entrenamendu guztietan dena ematen dut, eta entrenatzaileak badaki edozein postutan jokatzeko prest nagoela.
Zer eskatuko diozu entrenatzaile berriari?
Ez dut horretan pentsatzen. Imanolekin oso pozik nago, eta berdin jarraitu nahi dut. Ez daukat beldurrik nor etorriko den eta nolako erabakiak hartuko dituen. Oso lasai hartzen ditut aldaketak, eta naizen bezalakoa izango naiz. Espero dut aukera izatea, baina ez naiz erotuko. Konfiantza handia dut neure buruarengan, eta badakit balio dudala. Hortik aurrerakoa ez dago nire esku.
Aritz Elustondo. Realeko jokalaria
«Gustukoa nuke kapitain izatea eta Xabi Prietoren balioei eustea»
Gaztea izanagatik, bizitzan pasatutakoak aski heldu du Aritz Elustondo. Prest da taldearen erantzukizuna hartzeko. Imanol Alguacilen estiloa «eraginkorragoa» dela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu