Mikel Huerga. Xakeko Nazioarteko Maisua

«Gutxiago jokatzeak xakearekin gehiago gozatzen lagundu dit»

Josu Tornay.
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko aurreneko txapela irabazi berri du, Zornotzan, eta zoriontsu ageri da Mikel Huerga (Iruñea, 1989). Inoizko txapeldun gazteena da, eta txapelketan egon den maila goraipatu du: «Txapelerako bost hautagai geunden».

Euskal Herriko txapelketa irabazi duzu 22 urterekin. Inoizko txapeldunik gazteena zara, ezta?

Orain arte ez nengoen oso ziur, baina egiaztatu dut hala dela. Orain arte txapeldunik gazteena Santiago Gonzalez zen: Portugaleten irabazi zuen, 2004an, 23 urterekin. Gutxigatik lortu dut marka.

Emaitza aldetik gorabehera asko izan duzu azken urtean. Euskal Herriko txapelketa prestatzeko garaian eragina izan du horrek?

Iazko udan, asko lan egin ondoren, emaitzak ez ziren onak izan, eta horrek eragina izan zuen nigan. Xakeari buruzko nire ikuspuntua aldatu zen. Momentu horretatik Euskal Liga jokatu dut bakarrik. Hor nire emaitzak ez ziren txarrak izan, baina ezta oso onak ere. Egia esanda, gutxiago jokatzeak xakearekin gehiago gozatzen lagundu dit.

Torneoko hasiera ez zen ona izan.

Euskal Herriko txapelketa oso gogorra da, eta lehen partidatik oso jende lehiakorraren aurka jokatzen da. Lehen txandan Alvaro Diaz egokitu zitzaidan, talentu handiko jokalaria, eta zuriekin jokatu arren, ez nuen ezer lortu irekitzean. Berak gogor jokatu zuen, eta nik kontuz ibili behar izan nuen. Berdinketa justua izan zen. Torneo horretan garrantzitsuena txandaz txanda eustea da, eta partidarik ez galtzea.

Txapeldun izateko, ezinbestean David Astasioren aurka irabazi behar zenuen azken partidan, eta ondo hasi zinen. Hark, baina, partida askotan erakutsi du oso posizio zailak mantentzeko gai dela. Noiz hasi zinen pentsatzen puntu erabakigarria lortuko zenuela?

Finalean abantaila apur bat neukan. Hala ere, nik estutu behar nuen. Astasioren 41. mugimendua ikusita, ondo sentitu nintzen. Norabidea galtzen ari zela iruditu zitzaidan, eta txapeldun sentitzen hasi nintzen. Hala ere, ez nintzen lasaitu, euforia horren erruz partida asko galdu izan ditut eta. Burua hotz mantendu nuen, eta saiatu nintzen presionatzen jarraitzen. Azkenean, jokaldi batzuen ondoren, haren posizioa erori egin zen.

Torneoa beste batzuetan baino irekiagoa ikusi al duzu?

Torneoa gero eta irekiagoa da. Nazioarteko Maisuak gure maila hobetuz joan gara, eta Mario Gomez Maisu Handiak lehen ateratzen zigun abantaila pixkanaka txikiagoa egin da. Gaur egun, bost faborito inguru dauzka torneoak, eta lehia oso berdindua egon da.

Mario Gomez nahiko atzean geratu da azkenean. Belaunaldi berriak kontrola hartu al du?

Mario jokalari handia da, eta benetan miresten dut. Haren lehiakortasun ahalmena oso handia da, baina teknologia berriek ez diote laguntzen. Beste jokalari guztiei, berriz, bai. Hala ere, Mario ez dago borrokatik kanpo.

Noraino hel daiteke euskal jokalarien belaunaldi berria? Maisu Handi belaunaldi berri bat izango al dugu?

Garaiak aldatu dira, eta dedikazioa ere bai. Euskal Nazioarteko Maisuen artean inor ez da xakelari profesionala. Denek lan edo ikasi egiten dugu. Horregatik, zaila ikusten dut Maisu Handiko titulua lortzea norbaitek. Agian, gutako batek edo bik lortuko du.

Euskal Herriko Txapelketaren historian hiru aldiz lortu du nafar batek txapela. Zein da nafarren maila Euskal Herriaren barruan?

Nafarroa beti izan da hobea maila ertainean, goi mailan baino. Hala ere, denborarekin, izan ditugun bitarteko eta ahaleginekin, hobekuntza handia izan dugu. Gaur egun, Nafarroan maila altua dago. EAEn tituludun eta maila gehiago dago, baina nafarrak beti lehiaren barruan gaude. Harrobiari dagokionez ere, uste dut pozik egon gaitezkeela egindako lanarekin. Eskolako lizentziak askoz gehiago dira orain, klaseak ematen dira eta emaitzak gero eta hobeak dira. Mikel Ortega eta Iñigo Ortin aipatu behar dira, halaber, Espainiako txapeldun izan direlako, bakoitza bere mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.