Jokatzeko eran ez ezik, hizketarako duen patxadan eta umiltasunean ere Realeko beteranoetako bat dirudi Mikel Oiartzabalek. Ordea, 20 urte besterik ez eta, taldeko gazteena da eibartarra, Igor Zubeldiarekin batera. Hirugarren sasoia du lehen taldean, eta inoizko ondoen ari da: zortzi gol sartuak ditu, sei ligan eta bi Europako ligan. Deportivoren aurkako garaipena mugarri izatea espero du, eta aurrerantzean behetik gora egitea. Ez du arazorik ikusten horretarako, jokalariek sinesten dutelako Eusebioren estiloan eta Iñigo Martinezen afera gaindituta daukatelako.
Ahaztua al zenuten zer zen Zubietan aste lasai bat igaro ahal izatea?
Dezente ahaztua, bai. Azken emaitza txarren erruz buruhauste ugari genituen aspaldian, eta, Deportivori 5-0 irabazita, gutxienez umore apur batez entrenatzeko baimena izan dugu. Broma batzuk egon dira tartean; urteko asterik onena izaten ari da. Ez geunden etsita, sinesten genuelako egiten ari ginen lanean, baina hirunaka batzeak konfiantza eta lasaitasuna ematen ditu. Oso gustura gelditu ginen azken partidan egindako lanarekin, eta orain bolada horri eustea da helburua, berriz ere Zubietara pozik etorri ahal izateko.
Deportivoren aurkako partidaren aurretik, zenbaterainoko ezinegona zeukan taldeak?
Handia, baina garbi genuen gauza bat: gure esku zegoela horri buelta ematea. Azken lehiatan egindako jokoa ongi aztertuta genuen, eta, akatsak zuzenduz gero, bagenekien irabazi egingo genuela. Jokalariona zen erantzukizun osoa, eta ikusi zen denok bat eginda geundela eta ez garela behera etortzen garai zailetan. Jokaldi denetan borrokatu ginen, eta bikain atera ziren gauzak. Irabazteak bakarrik ez, era horretan irabazteak asko bete gintuen.
Esan duzu okerrak begiz joakzenituztela. Zeintzuk ziren okerhoriek?
Batez ere, defentsako lana zen hobetu beharreko lehen arloa. Gehiago edo gutxiago, erasoan nahiko fin ari ginen, baina atzean egindako opariak ez ziren onargarriak Lehen Mailarako. Golak errazegi sartzen zizkiguten, eta hori konpontzea talde osoaren ardura zen. Denok batera egin behar genuen lasterka, lerroak beti koherentziaz lotuta, eta asmatu genuen. Deportivok ia ez zuen sortu gola sartzeko aukerarik. Horri esker, ikusi zen erasoan ez dugula arazo handirik golak sartzeko. Gauzak ondo eginez gero, talde ona da Reala, eta edozein aurkariri aurre egiteko gaitasuna badu.
Eskerrak irabazi zenuten, jendea nahiko haserre baitzegoen aspaldian. Ulertzen duzu jarraitzaileen jarrera?
Bai, guztiz. Normala da emaitzak aldekoak ez direnean jendeak jarrera hori hartzea, baina, zorionez, mundu honetan gabiltzanok badakigu futbolak nola funtzionatzen duen. Bolada kontuak askotan izaten dira, eta jakin behar da odol hotza mantentzen. Gure zaleak haserre antzeko egonagatik, uste dut zortea dugula haiekin. Deportivoren aurka lehen minutuak nahiko eskasak jokatu genituen, baina zaleen animoak etengabekoak izan ziren, eta horrek asko balio du. Ni neu oso eskertuta nago. Bost golekin, haiek emandakoa itzuli genien.
Jarraitzaile askok sarritan jarri dute zalantzan Eusebioren estiloa. Eta zuek?
Guk ez. Guk badakigu zerk egin gaituen indartsu, eta uste dut estilo horrekin talde askoren errespetua irabazi dugula, nahiz eta azkenaldian bolada txarrean egon. Gauzak gaizki egin ditugula garbi dago, baina konfiantza osoa dugu entrenatzailearen jokatzeko eran, eta bide berean segituko dugu. Iragan denboraldian distira lortu genuen joko horrekin, eta orain ezin dugu beste alde batera begiratu. Garenari eutsi behar diogu, eta, gainera, jokalariok eroso sentitzen gara.
Bolada txarra gutxi ez, eta beste albiste batek astindu zuen kluba iragan astean: Iñigo Martinezen irteerak. Ezustea izan al zen?
Bai, inoiz ez baita espero izaten halako albisterik. Badakigu hau fubola dela eta halako gauzak gertatzeko arrisku handia dagoela, baina ustekabea izan zen. Nahiz eta jende askok erabaki hori konpartitu ez, errespetuz jokatzea da guri dagokiguna. Iñigok pentsatuko zuen berarentzat onena Athleticera joatea zela, eta kito. Guk ezin genuen ezer egin, haren erabakia ez zegoen gure esku.
Kolpe handia izan al da taldearentzat?
Bai, izan zelai barrurako eta izan zelaitik kanporako. Bietan oso pertsona garrantzitsua zen Iñigo, futbol maila izugarri ona daukalako eta nortasunez ere aurrera begirakoa delako, baina ez dago atzera bueltarik. Hector Moreno etorri da haren ordez, eta dagoeneko lanean indartsu ari gara. Ilusiorik ez zaigu falta, eta jokalari bat falta izateagatik ez da ezer gertatzen. Realari indarra taldeak ematen dio.
Nolakoa izan zen Iñigoren agurra? Inor haserre agertu al zen?
Zurrumurru asko publikatu da, baina talde barruan gertatzen dena bertan geratzen da. Bakoitzak bere iritzia eman zuen, eta kito.
Iñigok ez zeukan Athleticen aurkako klausularik, baina zuk bai. Zergatik?
Klausula hori daukadala prentsak esan du, ez nik. Ondoen nik dakit zer sinatu nuen, eta hori egin nuenean banekien zertan ari nintzen.
Galdera derrigorrezkoa da: joango al zinateke Athleticera?
Ni txikitatik Realeko zalea naiz, Zubietan hazia naiz, nire etxea hau da, eta egon nahi dudan lekuan nago. Realari dena zor diot. Nire bizitzaren zatirik handiena hemen egin dut.
Napolik nahi zintuela zabaldu zen neguko merkatuan. Zenbat zuen egiatik albisteak?
Ez dakit, ez baitzait interesatzen halakorik. Norberaren inguruan zurrumurruak egotea ona da, lana ondo egiten ari den seinale delako, baina hortik egia izatera alde handia dago. Prentsaren jarrera ulertzen dut, hark ere saltzea duelako helburu. Niri buruz ez denean, taldekide baten izena agertuko da egunkarietan, baina horrek ez digu jokalarioi eragiten. Oso zentratuta aritzen gara eguneroko lanean.
Iñigo gabe ere Reala lehen bezain talde ona al da oraindik ere?
Bai, eta Deportivoren aurka ederki azaldu genuen. Jokalari baten gorabeherak ez du eragiten hainbeste, eta Reala oso talde indartsua da orain ere. Gure indargune nagusia harrobia da, eta beti egongo da gazteren bat lanak oso ongi egingo dituena. Harrobiaz gain, fitxaketek ere asko ematen digute. Oraingoz, Hector Morenok baikortasuna, umiltasuna eta lana egiteko grina ekarri dizkigu.
Zuk zeuk, hirugarren sasoia duzu lehen taldean. Orain arteko ondoen ari al zara?
Ez dakit. Iragan sasoian gol gutxi sartu nituela gauza jakina da, baina pertsona bezala eta futbolean jokatzen ere asko ikasi nuen. Kanpotik, estatistikei begira ondorio asko ateratzen dira, baina barrutik ezberdinak dira kontuak, beste betaurreko batzuekin ikusten baitira gauzak. Besteak beste, joan den denboraldian ikasi nuen gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean ere lanean segitubehar dela, ez dagoelako beste sekreturik. Hortik abiatuta, gainerakoa helduko dela garbi izan behar da, goizago edo beranduago.
Zure gaitasunen inguruan zalantza ugari sortu zen. Gaizki pasatu al zenuen?
Ez, lasai nengoen. Kontu horietan gero eta gehiago pentsatu, banekien okerrerako izango zela, eta bolada txar hura natural eramaten saiatu nintzen. Kontzientzia lasai neukan, lanean grina handiz ari nintzen, eta ez neukan neure buruari leporatzeko ezer. Futbolean boladek asko agintzen dute, eta ingurukoek izugarri lagundu zidaten: lagunek, familiak, taldekideek... Gol gutxi sartu arren, gustura sentitzen nintzen jokatzen, eta horrek betetzen ninduen.
Urtebeteko epean, zertan egin duzu hobera?
Esperientzia handiagoa daukat, eta horrek jokoa neurtzen laguntzen dit. Debuta egin berritan, baloi guztietara iristea izaten da helburua, taldekideei ahalik eta gehiena laguntzea, eta, gero,ikasiz joaten da bat ez dela beharrezkoa hainbesteko sakrifizioa egitea. Gutxiagorekin gehiago lor daitekeela, alegia. Nire xedea ez da inoiz izango gol kopuru jakin bat sartzea, taldeari ahalik eta gehiena laguntzea baizik. Oraindik ikasteko asko daukat.
Halere, talde barruan zure iritziak gero eta garrantzi handiagoa izango du, ezta?
Gutxi oraindik. Esperientziaz jositako jokalari ugari daude taldean, eta ez da ahaztu behar nik oraindik 20 urte besterik ez ditudala. Zubeldiarekin batera, taldeko gazteena naiz. Askotan ematen du urteak daramatzadala Lehen Mailan, baina ez da hala. Nire iritziak garrantzia izango duen eguna iristerako asko falta da. Beti saiatzen naiz ikasten esperientzia handiagoa duten jokalariengandik, eta egunero sentitzen naiz zorteduna Zubietara etortzeko aukera dudalako.
11 urterekin bat egin zenuen Zubeldiarekin. Nolako ibilia izan duzu behe mailetan?
Nire helburu bakarra futbolaz gozatzea izan da, eta zoriontsu sentitu naiz Realean hori eginda. Zubeldia eta biok kimu mailan elkartu ginen lehenengoz txapelketa bat jokatzeko, eta, gero, kadeteetan hasi ginen elkarrekin jokatzen. Hura zen profesionala izatera deituta zegoena, oso ona baitzen. Gu ez ginen hain distiratsuak. Nire leloa beti lana egitea izan da. Gurasoek horixe erakutsi didate, eta lanari esker iritsi naiz nagoen tokira. Inork ez dit ezer oparitu. Realaren harrobian ari diren gazte guztiei esango nieke futbolaz gozatzeko eta lanean jarraitzeko.
Zu zeu, Zubeldia, Odriozola, Guridi, Gorosabel, Kevin... Etorkizuna ziurtatua du Realak.
Beti esan izan da Zubietan oso lan ona egiten dela, eta egia da. Askotan, ez da kontuan hartzen harrobian lanean ari den jendeak egiten duen guztia. Euren lanik gabe lehen taldeak ez luke fruiturik jasoko. Ni saiatzen naiz egunero balioa ematen orain arteko kirol ibilbidean izan dudan zorteari. Gaixo egon eta entrenatzera etorri izan ez naizenetan ohartu izan naiz sarri nolako zortea duen batek Realeko jokalaria izanda. Oraindik ere amets batean nago, nagoen tokian nagoelako, eta berdin jarraituko dut. Nire izateko eran sartzen da hori.
Horregatik maite zaituzte zaleek hainbeste. Zuk sentitzen duzu maitasun hori?
Bai, dudarik gabe. Iragan sasoian, batez ere, jendeak nire bertsiorik onena ikusi ez arren, txaloka hartu ninduten etengabe. Beti babestu izan naute, eta horrela dena errazagoa da. Oso-oso eskertuta nago. Lanean jarraituko dut bueltan ahal dudan dena emateko.
Titulu bat, adibidez?
Hori litzateke nire ametsik handiena. Badakit oso zaila dela, askoz aurrekontu handiagoa duten taldeen kontra ari garelako, baina ilusioa ez digu inork kenduko. Ligan ia ezinezkoa da halakorik lortzea, baina Europako liga izan daiteke aukera on bat. Hurrengo astean kanporaketa erakargarri bat hasiko dugu Salzburgoren aurka, eta uste dut garai onean helduko garela, garaiz esnatu garelako. Oso lehiaketa berezia da guretzat. Ezin dugu ahaztu azken minutuan nola sailkatu ginen, eta han bizi izandako momentuen saria da final-hamaseirenetako kanporaketa. Ezin dugu aukera alferrik galdu.
Zer dakizue Salzburgori buruz?
Ezer gutxi. Oraindik ez dugu bideorik ikusi, baina geure buruak kezkatu behar gaitu, ez aurkariak. Orain arte taldeak buruan zeukan gauza bakarra zen egoerari buelta ematea, eta lortu dugu. Europako kontuak ahaztuta genituen, eta uste dugu Deportivoren aurka irabazi izanak asko lagunduko digula aurrera begira. Beste konfiantza batekin zelairatuko gara, eta berezia izango da datorren osteguneko partida. Halere, aurretik Real Madrilen aurkakoa daukagu, eta horri begira ari gara lanean.
Santiago Bernabeun irabazteko garai egokia izan al daiteke?
Urtero ari gara esaten garai egokia dela, baina inoiz ez dugu irabazten. Ea oraingoan lortzen dugun. Real Madril ez dago ondo, baina sekulako taldea da, eta zaila izango da. Hori bai, gugan sinetsita zelairatuko gara. Bi areatan ondo egotea ezinbestekoa izango da. Oparirik ezingo dugu egin, eta erasoan gure aukerak helduko dira. Egun ona izan daiteke.
Mikel Oiartzabal. Realeko jokalaria
«Guztia zor diot Realari; egon nahi dudan tokian nago»
Iñigo Martinezen irteerak «ezustean» hartu badu ere, lanerako ilusiorik ez du galdu Oiartzabalek, eta uste du Deportivoren aurkako garaipena mugarri izan daitekeela. Realaren indarra «taldea» dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu