Lara Gonzalez

Habia uzteko garaia heldu zaio

Orain egun batzuk iragarri zuen IDK Euskotreneko kapitain Lara Gonzalezek taldea utziko zuela. Bederatzi urte egin ditu taldean, eta duela lau urtetik du buruan atzerrian jokatu eta esperientzia berriak bizitzea. Horretarako adin eta garai egokian dagoela uste du. Lasai doa, Donostiako taldearen proiektua sendo ikusten duelako.

Ia hamarkada bat taldean egin eta gero, Gaskatik urrun ariko da hurrengo denboraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Txoriak eroso eta babestuta sentitu ohi dira habian. Baina behar izaten dute hortik atera eta hegan egin. Horixe gertatu zaio Lara Gonzalezi, IDK Euskotreneko kapitainari. Bederatzi denboraldi bertan egin eta gero, hegan egiteko garaia iritsi zaio, pertsona eta kirolari moduan esperientzia berriak topatzeko. Horregatik iragarri zuen duela egun batzuk kluba uzteko erabakia hartu zuela. «Hemen hazten segitzeko aukera nuen, baina nire erosotasun gunetik ateratzeko beharra sentitu dut». Eskertuta doa. «IDK-k eman zidan profesional izateko aukera, eta oso harro noa». Datuek erakustendute arrastoa utzita doala: 203 partida jokatu ditu, 717 puntu sartu eta 376 errebote eskuratu.

Zaila egiten zaio urte hauetan bizi izan dituen une bakarrarekin geratzea. «Asko izan dira, eta gehienak, politak. Baina irabazitako partida bakoitzarekin geratzen naiz, denboraldiak aurrera joan ahala konturatzen baitzara garaipen bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen». Garairik zailena iazko denboraldi hasiera izan zen, partida asko egon baitziren irabazi gabe. «Gogorra izan zen; are gehiago kapitain izanda, zama beti baita handiagoa».

Azken hauek emozio handiko egunak izan direla onartu du. «Iragarri nuen eguna gogorra izan zen, baina jada lasaiago nago, eta, kostata izan bada ere, oso konbentzituta hartu dudan erabakiarekin, behar hori sentitzen nuelako. Sentitzen dudanari eman nahi diot lehentasuna. Pentsa, oraindik ez dut ezta eskaintzarik». Prozesu luzea izan da, duela lau urte hasi baitzen horretan pentsatzen. Orduan, udan, Argentinako ligan jokatzen aritu zen hilabete batzuk. Obras de Argentina taldean aritu zen, hain zuzen. Espainiako Liga oso goiz amaitzen denez, ohikoa izaten da jokalari batzuek Hego Amerikara joatea, udako etena hain luzea ez izateko. «Izugarrizko esperientzia izan zen, eta ordutik banuen buruan halako zerbait denbora luzeagoan bizitzeko ideia». Baina ez zuen urratsa egin. «Jokalari eta pertsona moduan oraindik ez nintzen hain heldua ikusten horretarako». Baina iritsi da garaia. «Beste askori bezala, duela urtebetetik bizitzen ari garenak momentua bizi behar dela erakutsi dit». Halako esperientzia bat abiatzeko adin egokia duela uste du.

Urtarrilean hasi zen horretan «serio» pentsatzen, eta behin betiko erabakia martxoan hartu zuen. Klubak ulertu zuen, eta taldekideak ez zituen ezustean harrapatu. «Bazekiten buruan nuela». Azu Muguruza entrenatzailearekin ere hitz egin zuen. «Hasieran harritu egin zen, uste zuelako 24 urte nituela. Baina 27 nituela esan nionean, ulertu zuen».

Europako beste liga batean jokatu nahi du. Italia eta Alemania ditu begiz joak. «Emakumeen saskibaloia goi mailakoa da bi herrialde horietan, eta ederra litzateke. Italiak herrialde moduan asko erakartzen nau, eta, Alemaniaren kasuan, unibertsitatean alemaniera ikasi nuen, eta horretan segitzeko aukera polita izan daiteke». Izan ere, Enpresa ikasketak amaitzeko ere baliatu nahi du. «Saskibaloia ez da betiko izango».

Proiektua «sendo»

«Lasai» doa. «Proiektua sendo ikusten dut. Oso garbi ditu bere balioak: lana, konpromisoa... Bai bulegoetan eta bai kantxan ondo zuzenduta eta kudeatuta ikusten dut». Iulene Olabarriak erretiroa hartu zuenetik, kapitain izatea egokitu zaio. Orain, Maria Erauntzetamurgili dagokio ardura hori hartzea. «Gazte tokatu zaio, baina prest dago. Kantxan, gainera, aurrerapauso bat eman du denboraldi honetan, eta horrek ere lagunduko dio».

Bi gomendio eman dizkio. «Den bezalakoa izateko, eta beregatik eta taldeagatik begiratzeko».Lan polita dela adierazi du. «Jokalari moduan hazi egiten zara. Baina desgaste bat ere bada, ardura handiak dituzulako, klubaren eta jokalarien arteko lotura lana egin behar duzulako».

Hemendik aurrera ez du ardura hori izango. Arreta jarri nahi du jokalari moduan hobetzen. «Batez ere partiden erritmoa kontrolatzeko orduan. Horretan badut zer hobetua, eta nire postuan funtsezkoa da». Asko ikasi du taldekideengatik. «Guztiek erakutsi didate zerbait». Etxekoak izan ditu erreferente. «Iulene, Onintza [Aduriz] eta Tochekin [Sarr] hazi naiz». Kanpokoen artean Laura Garcia eta Joyce Couseeins-Smith nabarmendu ditu. «Laurarekin une asko partekatu ditut, eta betiko hor izango dut».

Bera joanda, harrobiko bi jokalari baino ez dira geratzen taldean: Erauntzetamurgil eta Ane Esnal. Baina argi du gehiago iritsiko direla. «Pazientzia izan behar da». Argi du zein den gazteen ezaugarri nabarmenena. «Ez dute beldurrik saskiratze bat saiatzeko edozeinen aurrean, eta hori ona da, oinak lurrean badituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.