Bera Berak esku-eskura du hirugarrenez jarraian Espainiako liga irabaztea. Gaur bertan lor dezake, Telden (Espainia), Ro'Casa mendean hartuz gero. Hori lortuta, sobera egongo lirateke azkeneko bi jardunaldiak. Gaur berdinduta ere, pauso handia emango luke, eta galduta ere, txapeldun izateko aukera izango luke, betiereRo'Casak ez badio irabazten bost golen aldeaz —25-20 nagusitu zen lehen itzulian Bera Bera—. Bost golbaino gehiagoren aldeaz galduz gero, orduan bai izango lirateke komeriak. Azkeneko bi partidak irabazi beharko lituzke —etxean, Zuazoren aurka, eta Leonen (Espainia)—, eta Ro'Casari punturen batek ihes egitea. «Ahaztu egin behar ditugu kalkulu horiek guztiak. Gaur irabazita, kito. Txapeldunak», esan du Ana Tempranok (Oviedo, Espainia, 1984), Bera Berako atezainak.
Partida erabakigarria jokatuko duzue gaur. Zer moduz zaudete?
Jokatzeko irrikan gaude, eta are gehiago irabazita txapeldun izan gaitezkeela kontuan hartuta. Halere, badakigu zaila izango dela, ligako aurkari indartsuena baita Ro'Casa, eta, gainera, haren pistan jokatuko dugu.
Zuk aipatu duzu: aurkari oso zaila da Ro'Casa.
Bai, eta are gehiago bere pistan jokatzen duenean. Beroa egin ohi du, eta kosta egiten da giro horri egokitzea. Horrek gotorleku bilakatzen du. Sasoi honetan, adibidez, bertan jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu. Zaila izango da bertan irabaztea.
Galduta ere, aukera izan dezakezue txapeldun izateko, betiere ez bada bost gol baino gehiagoren aldeaz.
Gure helburua da gutxienez puntu bat lortzea. Noski, irabazi egin nahi dugu, txapeldun izateko, baina argi dugu ere berdinketa emaitza ona izan daitekeela. Datorren astean lana errematatzeko beste aukera bat izango genuke.
Ro'Casa da, hain zuzen ere, ligan bost golen aldeaz irabazi dizuen azken taldea. Orain urtebete pasatxo izan zen, Telden. Kontuan hartzeko zerbait da.
Hala da, eta agerian uzten duRo'Casaren maila.
Non egongo da neurketaren gakoa?
Defentsan, beti bezala. Ro'Casaren indargunea erasoko jokoa da. Gol asko sartzen ditu. Guk, ordea, gutxi jasotzen ditugu, defentsa baita gure makulua. Saiatu behar dugu ez dezatela haien jokoa egin, ez dezatela baloia erraz pasatu batetik bestera, ez dezatela asko jokatu pibotarekin —Haridian Rodriguez—, eta ez daitezela erraz atera kontraerasora. Hori eginda, asko izango dugu eginda.
Presioa haiek dute?
Noski. Haiek egongo dira urduri; gu txapeldun izango gara irabazita. Lasai gaude, gainera, gora egin dugu azken partidetan.
Montse Puche iritsi denetik nabaritu duzue hobekuntza?
Hala da. Defentsan ez dugu izan gorabehera handirik sasoi honetan; erasoan, bai, ordea. Eta azken hilabetean alor horretan hobera egin dugu ere. Errazago jokatzen dugu, eta jada ez ditugu bat-bateko txakalaldiak. Montse etortzeak freskotasuna eman digu. Ez du egin nahi izan iraultzarik, eta eman dizkigun bizpahiru detaile nahikoak izan dira gora egin dezagun. Nabarmena da Montsek oso ondo ezagutzen duela emakumezkoen eskubaloia.
Entrenatzaile aldaketa, beraz, hoberako izan da?
Hobeto ari gara; hori agerikoa da. Klubak erabaki zuen entrenatzailea aldatzea, eta guk onartu egin genuen. Liga irabazten badugu, argi geratuko da klubak asmatu egin zuela erabaki horrekin.
Liga irabazita, laugarren titulua zenuke. Orain bi urte alerik ez zenuen, eta ohituta zinen mailari eusteko sufritzera. Bada aldea.
Bera Berara etortzea mugarri izan da nire kirol ibilbidean.
Hobekuntza nabaritu duzu?
Bai, baina inork ez dit ezer oparitu. Gogor lan egin dut. Ez dago beste modurik hobea izateko.
Aldatu egin zara?
Egunerokoan, ez; lehengo bera naiz, lehen egiten nituen gauza berak egiten ditut orain ere. Ez dut aldatu izateko era. Kirol arloan, ordea, bai nabari da aldaketa handia. Lehen baino ezagunagoa naiz, baina aldaketa handiena da orain tituluak irabazten ditudala.
Bera Berara iritsitakoan aldatu zenituen lehentasunak: eskubaloia ikasketen gainetik jarri zenituen. Hori ez da aldatu, ezta?
Ez, baina ez ditut utziak ikasketak. Oso-oso argi dut zerbait izan behar dudala hau bukatzen denerako. Bestela, ez dakit zertaz biziko naizen.
Sasoi honen amaieran bukatzen zaizu kontratua.
Bai, baina kluba eta biok hasi gara hizketan. Ziur jarriko garela ados. Klubak nik jarraitzea nahi du, eta nik hemen jarraitu nahi dut.
Ez duzu izan atzerriko liga batera joateko tentaziorik?
Ez, eta izan ditut eskaintzak, baina oraingoz hemen jarraitu nahi dut. Oso gustura nago, eta ez ditut utzi nahi ikasketak orain.
Ana Temprano. Bera Berako jokalaria
«Haiek egongo dira urduri; gu txapeldun izango gara irabazita»
Bera Berak hirugarrenez jarraian irabaz dezake liga gaur, Ro'Casaren pistan irabaziz gero (19:30). Ana Tempranok ohartarazi du zaila izango dela irabaztea. Hala ere, baikor da, gora egin dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu