Euskal Herriko Itzulia. Eguneko elkarrizketa. Jens Voigt. RadioShack Nissan Trek-eko txirrindularia

«Haimar eta Markel saiatzen dira euskarazko hitzen bat irakasten, baina ezinezkoa da»

Gozamena da Jens Voigtekin hitz egitea. 40 urterekin, tropeleko nagusietako bat da txirrindulari alemaniarra. Iaz euskal zaleei gutun hunkigarria idatzi ondoren, esker hitzak izan ditu berriz ere.

unai zubeldia
Gueñes
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Estres handirik gabe, 10:00ak pasatxoan esnatuta joan da Jens Voigt gosaltzera (Grevesmuhlen, Alemania, 1971). Hala azaldu dio RadioShackeko prentsa arduradunak kazetariari. Gordexolako hotelean ezinezkoa dela-eta, Gueñesko irteeran hartu ditu txirrindulariak hamar minutu BERRIArentzat, taldeko bilera amaitu berritan. Sinadura batean eta argazkia bestean, lasterketatik kanpo ere eredugarria da Voigten jarrera. Itzulia irabazteko faboritoez galdetu, eta etxera begiratu du: «Chris Horner, Andreas Kloeden eta Frank Schleck». Etapa bukatuta, hala ere, Kloedenek aukera ia guztiak galdu zituen, bost minutu pasatxo galdu ondoren.

Zer moduz zaude, Jens? Nekaezina zarela ematen du… Zein da sekretua hainbeste urtean hainbesteko indarrarekin borrokan jarraitzeko?

Oraindik ere maite dut nire lanbidea. Zorionekoa naiz, izugarri gustatzen zaidan kirola nire lanbide bihurtu ahal izan dudalako. Zoragarria da hori. Horregatik saiatzen naiz egunero ahalik eta ondoena entrenatzen eta lehiatzen. Ez nago orain bost urte bezain indartsu, baina oraindik ere gozatu egiten dut.

Aurten 41 urte beteko dituzu. Printzipioz, urtebeterako kontratua daukazu RadioShackekin, ezta?

Hala da, bai. Aurten bukatuko zait kontratua, eta gero ikusiko dugu zer egin.

Zein helbururekin etorri zara Euskal Herriko Itzulira? Lehenik eta behin, Kloedenen eta Hornerren alde lan egin beharko duzu, noski, baina beste helbururik zehaztu duzu?

Ikusiko dugu… Baina, oraingoz, Kloeden, Horner eta Schleck, hiru taldekide indartsu dauzkagu sailkapen nagusirako [Kloedenek bost minutu pasatxo galdu zituen etapa amaieran], eta haien alde lan egin beharko dugu gainerakoek. Gaur [atzo] eta asteazkenean, bereziki, kontrol lana egitea tokatuko zaigu ziurrenik, huts larria litzatekeelako talde handi bati ihes egiten uztea. Asteazkenekoa, Arraten amaituko dena, oso etapa gogorra izango da, eta taldekide guztiok lanerako prest egon beharko dugu.

Gauza bat daukazue alde RadioShacken, Itzulirako bi zelatari dauzkazuela taldean: Markel Irizar eta Haimar Zubeldia. Hitz egin al duzu haiekin? Ibilbidea ezagutuko duzu, noski…

Ibilbidearen berri badaukat, urte asko daramatzadalako inguru honetara etorriz. Gutxi gorabehera, badakit nolakoak diren etapak. Baina, bai, zoragarria da taldean bi zelatari edukitzea. Haimarrek urte asko daramatza tropelean, eta oso zorrotza da bere lanean. Taldearen alde egin behar den guztia egiteko prest egoten da. Inoiz ez du zaratarik ateratzen, eta oso gogor lan egiten du. Taldekide zoragarria da. Markel, berriz, gazteagoa da. Izugarrizko energia dauka, eta nik baino are gehiago eta azkarrago hitz egiten du! Bikote ona osatzen dute. Markel hizketan aritzen da une oro, eta Haimarrek bi hitz besterik ez ditu esaten: «bai» eta «ez» [barrez hasi da]. Oso desberdinak dira, baina zoragarria da haiekin egotea. Andaluziako Itzulian, esaterako, elkarrekin egon ginen; Markel ez zen isildu ere egiten. Haimar askoz lasaiago egon zen une oro. Ederra da haien ondoan egotea.

Joan den urtean eskutitz bat idatzi zenien euskal zaleei, urteotan emandako babesagatik eskerrak emanez. Asko maite dituzu euskal zaleak…

Bai… Zorte handia daukat haien ondoan egoteko aukera izan dudalako. Hasieratik nabaritu nuen euskal zaleekin lotura edo konexio berezia neukala. Bertan irabazi nuen nire lehen lasterketa, 1998ko Itzulian, eta harrigarriak dira bertako zaleak. Berdin zaie eguzkia dagoen, euria ari duen, hotz edo bero egiten duen… Zale asko pilatzen da beti errepide bazterrean, eta den-denak animatzen dituzte; sari banaketan ere han jarraitzen dute askok eta askok. Tourrean ere aparta da Pirinioetako giroa. Dena laranja kolorez janzten dute, euren banderekin joaten dira, eta denei oihu egiten diete; aurrean, tropelaren erdian eta atzean ezinean doazenei, guzti-guztiei: «Benga, benga, aupa» [hitz horiekin esan du]. Asko gustatzen zait hori. Berdin zaie parean daukatena euskalduna edo alemaniarra den.

Eskutitz horretan azaldu zenuen iazkoa izango zela, ziurrenik, zure azken Itzulia, baina hemen zaude aurten ere…

Bai, badakit... Iaz, egia esan, ez nekien beste urtebetez haien ondoan egoteko aukera edukiko nuen edo ez, eta horregatik eman nahi nizkien eskerrak. 40 urte dauzkat, eta badakit tropelean ez dudala jarraituko beste bost-hamar urtean. Hau izango da nire azken taldea, eta egiteko neuzkan lanak egiten hastea erabaki nuen; euskal zaleei idaztea zen lan horietako bat. Hamabost urteotan hasi ditudan lan guztiak amaitutakoan gelditu nahiko nuke.

Lau etapa irabaziak dituzu Itzulian; bai zuretzat eta bai zaleentzat, zoragarria litzateke beste bat irabaztea…

Zalantzarik gabe! Baina gauza askoren mende dago hori; taldea zer moduz dagoen, ni neu zer moduz nagoen, lasterketa nondik nora doan… Baina neure barruan, nonbait, helburu horrentzat ere badago tarte txiki bat.

Euskarazko bi hitzekin amaitu zenuen eskutitza: «Mila esker». Gai izango zinateke beste zerbait euskaraz esateko?

Ez, ez, ez. Markel eta Haimar saiatzen dira euskarazko hitzen bat irakasten, baina ezinezkoa da. Oso hizkuntza zaila da!

Sei seme-alaba dauzkazu, eta, oker ez banago, bat euskaraz hitzen bat edo beste esateko gai da, ezta?

Ez, ez. 16 urte dauzka nire semerik zaharrenak, eta espainiera aukeratu du bigarren hizkuntza gisa; Oraindik ez da hasi euskararekin, baina nork daki!

[Irteerara joateko dei egin diote, eta azken galdera egiteko eskatu du] 2006ko Giroan, ihesaldian sartu ondoren, garaipena oparitu zenion Juanma Garateri. Zure nortasunaren beste adibide bat izan zen hura…

Gogoan daukat, bai. Ihesaldian sartu ginen, baina, taldearen aginduz, etapa guztian nik ez nuen lanik egin aurrean. Zazpi orduko ahaleginaren ondoren, biok bakarrik geratu ginen azkenean, baina etapa hura irabazi banu, neure seme-alabaren bat hil izan banu bezala sentituko nintzatekeen. Ezin nuen hori egin. Lanik egin ez, eta gero irabazi? Lehiatu izan banintz, irabazi ahal izango nuen ziurrenik, baina gogor lan egin ondoren irabaztea gustatzen zait niri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.