Realak ez du mailaz igotzeagatik edo mailari eusteagatik borrokatuko igandean Valentziaren aurka. Gisa horretako partida estuak bizi eta gero, Imanol Agirretxek (Usurbil, Gipuzkoa, 1987) dio Reala ez dela «behartuta» zelairatuko, nahiz eta euren kirol ibilbideetako norgehiagokarik politena izan. Inoiz ez bezala ari da gozatzen bere taldekide gehienak bezala. Aurpegian ezagun du.
Valentziaren aurkakoa omen da sasoi honetako norgehiagokarik garrantzitsuena.
Ilusioz beteta gaude. Gutxi geratzen da liga amaitzeko, eta arerio zuzena datorkigu Anoetara. Irabaztera aterako gara, dakigun hori egitera, orain arte erakutsi dugun moduan. Ez dugu gure pentsaera ezertan aldatuko. Valentzia mendean hartzea erabakigarria izan liteke, baina ez galtzeak ere bere balioa izan dezake.
Bolada zoragarri hau noizbait etengo den beldur al zarete?
Gorriak ikusitakoak gara aurreko denboraldietan, eta porrot batek ez luke ezer aldatuko. Prest gaude emaitza onartzeko, edozein delarik ere, ez baikara Real Madril edo Bartzelona. Gure asmo bakarra orain artekoari eutsiz gozatzen jarraitzea da. Ez digu axola non gauden eta noraino irits gaitezkeen.
Denbora asko al daramazue gisa horretako lehia baten zain.
Aurreko asteleheneko Celta-Mallorca partidari urduritasun izugarria zerion, eta gure taldeak ondotxo daki zer sentitzen den halakoetan. Oraingo egoerak ez du zerikusirik horrelako zerbaitekin. Hain ongi gaude, geure buruekiko konfiantza hain da handia, ia ez dugu tentsiorik nabari. Astea joan, astea etorri, hurrengo lehia noiz etorriko irrikan gaude.
Aste honetan ere hori ari al zaizue gertatzen?
Bada, bai, beste edozeinen parekoa da. Taldekideak lasai sumatu ditut, giro atseginean entrenatzen. Ez dira sarrera itsusiak egin, ezta aurpegi ilunak ikusi ere, estu zabiltzanean gertatu ohi den moduan.
Zu zeu ere lasaitu al zara? Partida bakoitza ez da bilakatu azterketa batean garai batean gertatzen zen bezala?
Nik esango nuke kirol honek bi alde dituela. Batetik, taldea dago, elementurik garrantzitsuena, eta, bestetik, norberaren unea. Azkenerako denak eragiten dizu. Bigarren Mailan gazte askok eman genuen jauzia, eta uneren batean klubaren iraupena bera ere lor genitzakeen emaitzen baitan zegoen. Tentsio handiko uneak bizitzeak zama eragiten du, iritsi berria izan edo beteranoa, eta ez da samurra hori gainetik kentzea. Beharbada, horregatik ariko gara gozatzen hainbeste orain.
Noizbait pentsatu al duzu Philippe Montanierrengatik ez balitz non zeundekeen oraintxe bertan?
Hori baino gehiago, nik pentsatzen dut zer eman didan berak. Batek daki zer gerta zitekeen bestela. Auskalo. Aurreneko egunean bertan Philippek berak esan zidan klubaren txostena irakurri ostean nik ez nuela tokirik plangintza berrian, baina berak ahal beste lagunduko zidala nire egoera argitu arte, taldekide bat gehiago izango nintzela une oro. Horrela ekin genion entrenatzeari, lehen lagunartekoak jokatzeari, eta halako batean, entrenatzailea hurbildu zitzaidan zera esateko: «Bide horretatik jarraituz gero, tokia izango duzu nire asmoetan». Bada, sasoi hartako lehen jardunaldian, Gijonen, hasieratik jokatu eta bi gol sartu nituen. Orduantxe hasi zen, nolabait esate aldera, gure hartu-emana.
Fisikoki lan berezirik egin al duzu entrenatzailearen eskakizunak betetzeko?
Atzelariekin borrokatzen ikasten ari naiz, baina ez hainbeste alor hori lantzeagatik, baizik eta eskarmentuaren ondorioz. Jokatu ahala beti ikasten duzu zerbait. Noiz abiatu baloi bila eta noiz ez, nola bereganatu eta zaindu kokapena… Orain, erreferentzia modura ari naiz jokatzen aurrean, eta badakit alboetan dauzkadan bi jokalari bizkor horiek bizkarrera joango zaizkidala baloi luzeak jasotzera, diagonalak marraztuko dituztela. Horretarako modua eman behar diet atzelariak erakarriz, batera edo bestera mugituz eta baloiak zentzuz pasatuz. Moldatu egin behar izan naiz taldearen jokora.
Golak sartzeko ez zarete bide bakarra erabiltzen ari.
Nola sartu horrek ez gaitu ezertan kezkatzen. Era guztietakoak sartu ditugula esango nuke. Baloi luzeak sartuz, joko landuz, korner jaurtiketetan… konfiantzaz aritzean, badakizu edozein unetan asmatuko duzula.
Zuetariko bakoitza bete-betean egotea ezinbestekoa da hau guztia ulertzerakoan.
Hori da goian egotearen arrazoi nagusia. Zelaian dagoen bakoitzak bere onena emango duela badaki taldeak, eta konfiantza kutsatu egiten da. Txapelketa barruan oso talde onak daude, eta ez da nahikoa bizpahiru jokalari sasoian egotearekin beheko postuetatik aldendu eta bestelako helburuetan pentsatzeko. Multzo osoaren jarrera eredugarria iruditzen zait.
Diziplinaz ari al zara?
Partidak zer eskatu, hura ari gara ematen. Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu lanak pilatzerakoan ezker atzelariak hegalean gora egitea eta haren erdiraketa kontrako hegalekoak errematatzea, eta alderantziz. Norgehiagokak berak hori eskatzen zuelako. Edo euren aurretik jokatzen dutenak kontrakoari jarraitzea ondoko marraraino defentsan lagunduz. Kasu horretan, lana egitea tokatzen zen. Emaitza onen oinarrian hori dago.
Zer erakutsi nahi duzue igande honetan Valentziaren aurkako partidan?
Reala eta bere jarraitzaileak gozatzen ari direla eta gozatzen jarraitu nahi dutela. Ez badiogu sailkapeneko laugarren postuari eusten ere, liga amaieran ez dut uste lehenago sasoi honetan adina gozatu dugunik. Partida on bat baino gehiago izango dute jarraitzaileek gogoan gordeta. Valentziaren aurkakoa izan dadila horietako bat.
Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria
«Hain da handia geure buruekiko ustea, ez dugu ia tentsiorik nabari»
Gozatzen ari da Imanol Agirretxe sasoi honetan. Igandean ere «gozatzera» zelairatuko dira, Valentziaren aurkakoa Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian partida oso garrantzitsua izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu