Dani Garcia. Eibarreko jokalaria

«Hainbat urtez Eibarren jokatuta, egoera hau ez da gozoa niretzat»

Hartua du erabakia Dani Garciak, eta ez du taldean jarraituko. Sasoia amaitzen denean esango du nora doan. Sentimenduak gainezka ditu, eta horregatik aitortu du azkenaldian ez dela ari gozatzen.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Arrasate</i>
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Atzoko entrenamendua bukatu eta segituan, Dani Garciak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990) keinua egin dio kazetariari: «Etorri txokora, han egingo dugu elkarrizketa». Atxabalpe zelaian, kafe makina eta fruitu aleen artean, lasai ederrean aritu da solasean kapitaina. Badu zertaz aritu: taldearen ibilia, haren etorkizuna eta abar. «Nahi duzuna galdetu, kazetaria zara eta», esan du galderei erantzuten hasi baino lehen.

Zergatik doa boladaka Eibarren denboraldia?

Ez dakit. Etxeko azkeneko partidetan ez dugu irabazterik eta galtzerik merezi, adibidez. Azkeneko bolada txarraren eragilea da ez garela ari zorte onik izaten golak sartzen. Lesioak ere asko ari gara izaten aurrealdeko jokalarien artean, eta, atzealdean huts handiak egin ditugunez, hori guztia batu, eta bolada txarrean gaude.

Europarako sailkatzeko ilusioa egon da taldean?

Bai. Borrokatu nahi genuen aurreko sasoian bezala, eta lortu ez dugunez, desilusioa gailendu zaigu orain.

Aldarte horretan zailagoa egiten da entrenatzera egunero etortzea?

Ez. Entrenamenduetako erritmoa makala balitz, eta talde barruan giro txarra balego, astuna egingo litzaiguke, baina gozatzen ari gara entrenamenduetan, eta bikaina da taldeko giroa.

Nola emaitzak ez diren onak izaren ari orain, eta nola sasoi amaiera gertu dagoen, azalpen erraza dabil kalean: Eibar oporretan dago.

Denboraldi hasieran, makalago ibili ginen erritmo aldetik entrenamenduetan, baina azkeneko hilabeteetan zoragarri gabiltza. Horretan, sekulako balioa eman behar zaie gutxi jokatzen ari diren jokalariei, bete-betean entrenatzen segitzen direlako. Begira nolako maila ona eman zuten Espanyolen aurka Lombanek eta Oliveirak erdiko atzelari gisa, denbora askoan jokatu gabe egon eta gero.

Noizbait utziko zaio emaitzei bakarrik begiratzeari talde baten azterketa egitean?

Ez dut uste. Azkenean, taldetik kanpoko jendeak, izan hedabideak izan zaleak, emaitzei erreparatzen die, eta talde barrukoak gara beste aldagai batzuk ere kontuan hartzen ditugunak. Azkenean, mila arrazoi egon daitezke partida bat galtzeko.

Zeri ematen diozu balio gehien denboraldi honetan?

Oso-oso egoera txar eta zailari buelta emateko gai izateari.

Sasoi hasierako bolada txar hartan, buruan ibili zenuen pentsamendu txarrena zein izan zen?

Oso gaizki pasatu behar genuela mailari eusteko. Partidetara joaten ginen pentsatuz sekulakoak eta bi egin beharko genituela hiru puntuak batzeko. Gero, berriz, bolada onean, kontrakoa zen: inork ez zigula irabaziko uste genuen. Buruak lan egiten du, azkenean. Orain, konfiantzaz goaz partidetara, baina gauzak ez zaizkigu ari ondo ateratzen.

Bolada txarra hain azkar aldatuko zela uste zenuen?

Aldagelan, jokalariek eta entrenatzaileek solasaldia izan genuen, eta garbi esan nien denei bi gauza aldatu behar zirela emaitza txarrak hobetzeko: batetik, jokalari bakoitzak bere maila hobetzea, eta, bestetik, entrenatzaileari eskatu nion bere estiloari oraindik eta indar handiagoa emateko. Ikusi da guk gurea egin dugunean oso zaila dela Eibarri irabaztea.

Nork esango zizun zuri Jose Luis Mendilibarren jokatzeko ereduaren jarraitzaile sutsua izango zinela, hasieran gustatu ere egiten ez bazitzaizun.

Ni ez nengoen jokatzeko eredu horren alde hasieran. Nahiago nuen Gaizkarekin [Gaizka Garitano] erabiltzen genuena. Baina, azkenean, futbolean modu askotara joka daiteke, eta denak dira onak. Orain, gehiago ari naiz gozatzen, Gaizkarekin jokatzen genuen moduarekin baino, baina emaitzek ere eragina izaten dute: orain, onak izaten ari direnez eta helburua lortzen ari garenez, errazago da jokatzeko modu batekin gozatzea.

Entrenatzaile izango zara futbola uztean?

Bigarren entrenatzaile ikusten dut neure burua entrenatzaile nagusi baino. Gustatzen zait erabakiak hartzea, baina kosta egiten da jokalari bati sinetsaraztea zure ideia hori. Sekulako meritua daukate entrenatzaileek, eta lan hauek guztiak ederki egiten ditu Mendik [Mendilibarrek].

Zein da Eibarren helburua lau partida hauetan?

Ahalik eta puntu gehiena batzea, eta ahal dugun ondoen bukatzea.

Eta gero zer?

Oporrak [barrez]. Iritsiko da garaia gertatu behar zaidana iragartzeko.

Atera da hainbat tokitan Athleticera zoazela. Zuk hori ez baieztatzeak zerbait esan nahi du?

Zain nago nire geroa iragartzeko. Ez da atera Eibarrekin kontratua berritu dudanik, eta horregatik ondoriozta daiteke zer gertatuko den. Ez zait iruditzen garaia denik ezer iragartzeko, Eibarri eman behar zaiolako inportantzia, eta ez Dani Garciari.

Denboraldia amaitu arte, hortaz, ez duzu ezer esango.

Hori da.

Eibar utzi behar duzunez, azkeneko aste hauek bereziak izaten ari direla pentsa daiteke, ezta?

Bai. Buruari buelta asko ari naiz ematen azken boladan, eta itolarriarekin nabil.

Hainbesterako da?

Irrikaz nago denboraldia amaitzeko, nire etorkizunaren inguruko hau dena buka dadin. Ez naiz ari gozatzen azkeneko partidetan, eta min ematen dit, berez gozatu egin beharko nukeelako. Ez nago egoera gozoan, hainbeste urte Eibarren egon eta gero.

Sentimenduak gainezka dituzula esan nahi duzu?

Bai. Gauza asko dira. Jende asko maite dut hemen, eta ohitu egin naiz hemen egotera. Horregatik da zaila erabaki bat hartzea.

Zergatik ez duzu, orduan, kontratua berritzen?

Gauza asko dira pentsatu beharrekoak, garbi esanda. Emango ditut azalpenak eman behar direnean.

Eibarri buruzkoak dira pentsatu beharreko gauza horiek?

Egoera pertsonalak dira. Aurrerapausoa izango da batzuentzat nire erabakia, eta atzerapausoa besteentzat, baina nirea da.

Zer utziko duzu Eibarren?

Pertsonak, batez ere. Maite eta miresten ditudanak. Mailaz igo ginen aldiak ere hor daude, eta ez ditut ahaztuko, baina bizi guztirako lagunekin geratzen naiz. Gero, zoriontasuna uzten dut.

Sei denboraldi hauetan zer aldatu da klubean?

Dena aldatu da. Lehen, errepide bazterreko izar bateko hoteletan lo egiten nuen, eta, orain, bost izarreko hoteletan; lehen, autobusean bidaiatzen nuen, eta, orain, hegazkin eta charter hegaldietan. Denon artean lortu dugu klub hau haztea, eta ari da egiten egin behar zuen bidea. Oinak lurrean edukitzen jarraitu behar du orain, eta denboraldiz denboraldi Lehen Mailan jarraitu, Eibar klub mitikoa izan dadin elitean.

Zure izena Eibarreko beste jokalari handi batzuen alboan jarrita ikusten duzu hemendik urte batzuetara?

Ez dut uste. Ez naiz gol asko sartzen dituena, eta ez dut gauza handirik egin. Langile bat izan naiz klubarentzat, eta uste dut elkarrenganako kexurik ezin dugula izan bi aldeek. Den-dena eman dut beti.

Erraza al da Eibar beti izan den horri eustea hainbeste tentazio dituen futbol mundu honetan?

Uste dut jendea ez dela konturatzen zenbateko meritua duen Eibarrentzat Lehen Mailan egoteak. Ohitu egin da gu partidak irabazten ikustea, baina normalena litzateke Eibar galtzen ikustea. Aurrekonturik txikiena daukagu, eta horregatik bakarrik sekulako meritua daukagu. Europara joateko eskatzen zaigunean, ondo dago, guk ere nahi dugu joan, baina jendeak jakin behar du oso-oso zaila dela. Jendea erraz ohitzen da irabaztera, baina zailagoa da galtzera ohitzea, eta, horregatik, gure zaleek meritu handia daukate, beti gure alboan daudelako.

Lehen Mailan denbora luzez jarraitzen badu Eibarrek arriskua dago oraingo lorpenak txiki direla uste izateko?

Jendeak pentsa dezake beste helburu batzuk jarri beharko liratekeela, baina garbi utzi beharra dago hamabi talde gaudela Lehen Mailatik ez jaisteko borrokan, eta hamabi horien artean aurre samar geratzea helburu handia da, berez. Lehen zortzietan sartzea beste mundu bat da, sekulako denboraldia egitea, eta dena atera behar zaigu ondo. Horregatik, sasoi honetan, egoera txarrari buelta emateak meritu handiagoa dauka iaz egindako sasoi osoak baino.

Zertan hobetu duzu Eibarren?

Urtez urte azterketak gainditzen ibili naiz, lan ona egin ezean ez zidatelako taldean jarraitzeko aukera emango. Lehen Mailako lehen denboraldiko bigarren erdia oso txarra egin nuen, eta kontratua eduki dudan arren, banekien lan txarra eginda lekua galduko nuela. Beti uste izan dut horrela, eta eskakizun maila handi horri esker hobetuz joan naiz. Gaizki entrenatzen banaiz, badakit hamaikakoan lekua galduko dudala, eta lan txarra egitean haserre joaten naiz etxera. Beti izan naiz oso lehiakorra, eta horregatik nago hemen. Gero, teknika aldetik asko hobetu dut. Taktikoki eta defentsako lanean beti moldatu izan naiz ondo. Hobetzen jarraitu behar dut teknikoki.

Pertsona gisa zer ikasi duzu Eibarren?

Lehen, oso jokalari ahula nintzen buru aldetik, eta, orain, indartsuagoa naiz. Lehen Mailako lehen sasoiko bigarren erdiak gaina hartu zidan, ez nengoelako prest bolada txar haiek jasateko. Esan nion lagun bati: «Hau bada Lehen Mailan jasan behar dena, nahiago dut Bigarren B Mailan jokatu, futbolaz benetan gozatzen». Sentitzen nuen huts egiten ari nintzela Gaizkari, hainbeste eman zidan entrenatzaileari, eta gogorra egin zitzaidan. Gero, Mendirekin, kapitain jarri ninduenez, gauza batzuk aldatzeko aukera izan nuen talde barruan.

Zer da Mendilibar Eibarren?

Gauzak normal egiten ditu, eta meritua du horregatik. Bi egun jai eman behar direla? Eman egiten ditu. Jokalari guztiok gozatzen dugu bere entrenamenduetan, eta denoi sentiarazten gaitu garrantzitsuak garela. Jaiegunak luzeak egiten zaizkit, entrenatu nahi dudalako. Esan diot Mendiri bera gabe ez dudala Eibar ikusten. Beste entrenatzaile bat etortzen bada, oraingo zoriontasun giroa alda daiteke, eta arriskutsua litzateke. Lan ederra egiten ari da.

Berrituko du kontratua Mendilibarrek?

Ez dakit, jokalariok ez dakigu ezer. Agian, gauza txiki batzuk izango dituzte konpontzeko oraindik berak eta klubak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.