Haize freskoa

2005eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Datorren urteko AlemaniakoMunduko Koparako sailkatze faseak hainbat herrialde garrantzitsu kolokan jarri ditu. Beste hainbat futbolaren mapa aldakorrean finkatuta geratu dira. Ohiko distiratik ihesi, kanpoan geratu direnen artean bitxikeria politak daude. Zirraragarriena, agian, Zambiako Kalusha Bwalya kapitain eta hautatzailearena. 41 urte ditu, PSV Eindhoven taldean aritu zen aspaldi, Romariorekin batera, eta duela hamar urte bizitza zeharo aldatu zitzaion. Zambiako selekzioa hegazkin istripu batean hil zen. Kalusha ez zegoen bidaiarien artean PSVrekin jokatu behar zuelako. Zambiako sinboloak aurrera jarraitu zuen, gaur arte. Sailkatze faseko lehen itzulian, Liberiaren aurka etxean jokatutako partidan ez zen golik, Kalusha zelaira atera zen arte. Falta jaurtiketa, gola, eta Zambiako ikurrari ohore.

Zambia ez da Alemaniatik oso urrun ibili. Bere multzoan Togo gailendu da: Munduko Kopa jokatuko duen herrialderik txikiena. Bost milioi biztanle eskas ditu eta Monako taldeko Adebayor aurrelari luzearen golek bultzatuta sartu da. Afrikako mapa goitik behera aldatuko da Alemanian. Togorekin batera Angolak, Ghanak eta Boli Kostak aurrenekoz jokatuko dute Munduko Kopa bat. Afrikan bostetik lau berriak dira, Tunisia klasikoa baita.Boli Kostak ez zuen alferrik galdu Kamerunek egindako oparia. Eto'ok ez zuen penalti erabakigarria jaurti nahi izan, ezta Song kapitainak ere: bi horien mitoa lurrera erori da Kamerunen. Afrikan, futbola da jendearen ezinikusia konpontzeko botikarik egokiena. Herrialdeen izaera ezegonkorrak gerra zibilaren ertzean ipini ditu kontinenteko hainbat txoko: krisi ekonomikoa dela, etnien arteko liskarra, edo diktaduren aurkako matxinadak. Kamerunek Munduko Kopa behar zuen, une latzak bizi baititu ekonomia arloan. Lehoi menderaezinek egoera arintzeko aukera zuten, baina larunbatean zaleek samina bortizki azaleratu zuten: penalti erabakigarria huts egin zuen Wome jokalariaren autoa erre zuten, eta haren etxera sartzen saiatu ziren.Boli Kostan futbola sendagai bikaina izango da orain. Urteak daramatzatebake prozesua uztartu nahian, baina urrirako iragarrita zeuden hauteskundeak ere kolokan jarri dituzte, hegoalde eta iparraldekoen arteko ezinikusiak herrialdearen egonkortasuna arriskuan jarri duelako. Futbolak soilik jartzen ditu guztiak ados: Drogbaren eskutik ilusioa zabaldu da Boli Kostan. Futboletik haratago joatea espero dute jokalariek, bakearen mesedetan. Angolako Palanka beltzek ere opari ederra egin diete herrikideei, gerrate zibilaren ondotik. Eta Ghana, azkenean, gazte mailako txapelketetan zeresan handia eman ondoren. Essienek bultzatzen ditu Izar beltzak.

Europan zalantzak

Ukraina izan da Europan irmoen aritu dena. 1991n independentzia lortu zuenetik garai bateko ama Errusiaren gainetik aritu da gehienetan. Shevtxenkok azkenean Munduko Kopa jokatuko du. Baina Ukraina ez da Urrezko Baloia bakarrik. Oso talde sendoa egin du Blokhine hautatzaileak. Hura ere Europako jokalaririk onena izan zen, Dinamo Kieven ari zela. Blokhine politikan ere badabil: Kieveko Legebiltzarrean. Duela hilabete batzuk kolokan jarri zuten hautatzaile kargua, bi lan horiek bateraezinak zirelakoan. Epaitegiek arrazoia eman zioten Blokhini, eta Legebiltzarrean ez ezik Ukrainaren aulkian ere jarraitzen du, baina ez du soldatarik jasotzen.

Alemanian oso kezkatuta daude antolatzaileak eman dezakeen mailarekin. Klinsmannek gazteei atea zabaldu behar izan die derrigorrez, baina ez dute garai batekoen grina. Michael Ballack alde batera utzita, nekez aurki daiteke Alemanian goi mailako jokalaririk. Poloniar etorkinen semeak ageri dira (Sinkiewicz,Podolski eta Klose); afrikar jatorrikoak (Owomoyela eta Asamoah); baina Alemanian jaiotako turkiar dohatsuak (Altintop anaiak) ezin izan dituzte gorde. Mundializazioa aspaldi iritsi zen futbolera, eta Munduko Kopan agerian geratuko da berriro.Frantziak ere zalantza ugarisortu ditu. Zidaneren itzulerari helduta, frantziarrek malda neketsua gainditu dute txartela lortzeko, baina taldea ez dago behar bezala uztartua. Burua garbitu beharko dute lehenengo, eta Domenech hautatzaileak Zidane ez dagoenean beste era batera jokatu behar dela ikasi beharko du.Europan, isilean ari direnak dira arriskutsuenak. Italia, nola ez, beti bezain zurrun eta bortitz, odol berriarekin: Toni eta Gilardino golegileak, kasu. Suedia ere kontuan hartu beharko da, Ibrahimovic handiarekin. Holanda arina Van Bastenen eskutik eraberrituta dator, Van der Vaart, Robben eta Van Nistelrooyren bultzadarekin. Ingalaterrak behingoz erakutsi beharko du urrun iristeko asmoa baino gehiago baduela... Horien azpitik, Portugal, Polonia, Kroazia eta Serbia ageri dira. Espainia, Txekia eta Turkia kanporaketen zain daude, Suitza, Norvegia eta Eslovakia bezala.

Brasilen nagusitasuna

Parreirak Ronaldinho, Kaka, Ronaldo eta Adriano elkarrekin jartzeko asmoa du Munduko Kopa seigarren aldiz irabazteko. Hego Amerikan Argentinaren aurretik sartu dira. Azken horiek Espainiako Ligan dute habia; han jokatzen dutenekin osatuko du bizkarrezurra Pekerman hautatzaileak. Ekuadorrek eta Paraguaik bat egingo dute festan, eta guarani-ek talde polita dute, Nelson Haedo Valdez eta Santa Cruz aurrelariekin. Uruguaik kanporaketa jokatu beharko du Australiarekin.

Ertamerikan itxura ona duten bi talde daude: Mexiko eta AEBak. Munduko Kopa unea baliatzea denez, eta bi horiek erakutsi duten joskera eta kalitatearekin, edonori aurre egiteko gauza dira. Costa Rica ere zuzenean sailkatu da eta Trinidad eta Tobagok kanporaketa jokatu beharko du Bahreinen aurka.

Asian, zalantza artean iritsiko dira talde guztiak. Laurak dira klasikoak. Japoniak ditu baliabide onenak. Hego Korea, Saudi Arabia eta Iran ere sailkatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.