Haizea da amets

Gaur gauean hasiko dira NBAko titulurako kanporaketak, eta Chicago Bulls hautagai sendoa da, Liga erregularra irabazi osteanDerrick Rose joko antolatzailea eta Tom Thibodeau entrenatzailea dira ikurrak

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Haizea da negu», esaten dute Himalayara joetan diren mendizaleek. Alegia, haizeak egiten duela negua gaizto, gogor. Haizerik gabeko hotza ez dela hotza. Chicago ere ez da ezer haizerik gabe. Haizea da Chicagoren ikur, eta horregatik deitzen diote Windy City, hiri haizetsua. Michigan aintzirako bazterrak gogor astintzen ditu haizeak, baina haize horrek jarri du Chicago munduko saskibaloiaren erdigunean. Haize berriak Chicago Bulls eraztuna lortzeko hautagai sendo bihurtu du gaur gauean hasiko diren titulurako kanporaketei begira. Haizea amets delako.

90eko hamarkada ikaragarria izan zen Illinoisko zezenentzat. Sei titulu irabazi zituzten bi hirurteko bikainei esker. Michael Jordan historia osoko jokalari onena gidari zela, saskibaloian arrakasta lortzeko oinarri sendoak finkatu zituzten: izar bat, bizkartzain sendo pare bat, izar txiki asko, talde lana, gidari zentzuduna eta hiri oso baten babesa. XX. mendea itzaltzen hastearekin bat itzali zen Chicagoren arrakasta, eta denek onartu zuten taldea gailurrera bueltatzea lan nekeza izango zela. Nekeza, eta agian ezinezkoa. Ez dira bat edo bi izan, orain hamarkada batzuk arrakasta gorena lortu, eta ondorengo berreraikitze prozesu guztietan bidean geratu diren proiektuak.

Chicagok hamahiru urtean lortu du beste talde txapeldun bat eraikitzea, eta hori oso zaila da. Zalantzarik gabe, etxeko lanak nola egiten diren jakitea oso garrantzitsua izan da. Urduritasuna saihestea, pazientzia edukitzea izan da Chicagoren aberastasuna. Zortzi urtetan sei eraztun irabazten dituenak dena egin behar duelako azkar. Lehorte aroan zentzuz jokatu dute, eta, pixkanaka, talde garailea eraiki. Hazkuntza horretan mugarria izan zen 2008ko draft-a, jokalari gaztearen hautaketa. Chicagok Derrick Rose hautatu zuen, eta Rosek haizearen abiadan eraman du bere bihotzeko taldea elitera.

Rose Chicagoko semea delako. 1988an jaio zen, eta 1991-1993 hiru urteko epe arrakastatsuak bere haurtzaroarekin egin zuen bat. Ez zuen zezen mitiko haiekin gozatzeko aukerarik izan, baina bai bigarren hirurtekoan. Garai horretan 8 eta 11 urte bitarte zeuzkan Rosek, eta United Center pabiloiko beste zale sutsu bat izan zen. Patua apetatsua da, baina badirudi Chicago eta Rosen harremana idatzita zegoela. Rosek bere bidea egin zuen college-ean eta Memphisko Unibertsitatean, eta 2008an, 19 urte zituela, draft-ean sartzea erabaki zuen. Batek daki Chicagok bera hautatzeko aukera handia zuela jakitun, Illinoiskoek oso denboraldi txarra egin zutelako draft horretako lehen postua lortzeko asmo garbiarekin.

Roseren hirugarren sasoia da Chicagon. Lehen urtean rookie onena izendatu zuten (jokalari gazte onena), eta taldeak titulua lortzeko kanporaketak jokatu zituen. Jokatu, eta ondo, zazpigarren partida behartu baitzuen Boston Celticsen aurka. Joan den sasoian ere dezente estutu zuten LeBron James handiaren Cleveland Cavaliers, baina final-laurdenetan esan zioten agur denboraldiari. Taldeko agintariak ez ziren lasai geratu, eta lanean jarraitu zuten taldeko bigarren makulua lortzeko, eta Tom Thibodeau entrenatzailea fitxatu zuten, Boston Celtics talde txapelduneko defentsa joko bikainaren aita.

Adar asko, gorputz bakarra

Thibodeauk eta Rosek NBAko talde onena egin dute Chicago. Pasa den sasoian zortzigarren postuan sailkatu zen Chicago Ekialdeko konferentzian, eta sasoi honetan, onena izan da. Ekialdean eta NBA osoan, 61-21 markarekin. Entrenatzaile eta jokalari onenaren sariak jasoko dituzte biek gauzak ondo, eta eraztuna lortzeko hautagai sendoa bilakatu dira. Chicagok bere defentsa itogarria du ikur. 91,2 puntu hartzen ditu batez beste, Boston baino hamarren pare bat gehiago.

Roseri esker, batez ere. 25,1 puntu eta 7,8 asistentzia lortzen ditu partidako. Zenbaki bikainak, baina zenbakiak baino garrantzitsuagoak dira Rosek partidak erabakitzeko irabazi duen gaitasuna. Inor baino azkarragoa da, buruz burukoan, eta burua argi du, bere aurka zaintza bikoitza edo hirukoitzak egiten dituztenean, taldekideei asistentzia bikainak emateko. Ona da Rose, oso ona, eta hobeak egiten ditu taldekideak. Michael Jordan bezala.

Jakina da, dagoeneko, entrenatzaile eta jokalari on bakar batekin jai dagoela, eta Chicagok talde bikaina egin zuen pasa den udan, jokalari trukaketa eraginkorrei esker. Uda baino lehen zegoen lehengaia ez zen txarra: Rose bera, Luol Deng hegaleko fina edo Joakim Noah pibot borrokalaria. Deng Sudangoa da, eta zazpi urte daramatza Chicagon. Hamazazpi puntu saskiratu ditu sasoi honetan partidako batez beste, eta oso jaurtitzaile fina da. Noah frantziarra trebea da erreboteak jasotzen, 2,11 metroko garaierari esker.

Udan iritsi ziren Chicagora Carloos Boozer eta Kyle Korver hegalekoak, Utah Jazz taldetik, eta draft-ean ere hautaketa ezin hobea egin zuten: Omer Asik Turkiako pibot gaztea, zazpi oinekoa (2,13 metro luzean). Jokalari bat nola eralda daitekeen ulertzeko adibide ona da Asik, Europan aritu zenean ez zuelako kontinenteko talde aberatsenen arretarik erakarri. Chicagon bere zenbakiak apalak dira oraingoz, bost puntu eta lau errebote batez beste, baina jokatzen dituen hamabi-hamalau minutuetan funtsezkoa bilakatu da Thibodeauk eman dion konfiantzari esker.

Pieza eraginkor gehiago daude. Taj Gibson hegalekoa, adibidez, eta Roseri atsedena ematen dioten 1-2 postuetako hirukotea: Keith Bogans, C. J. Watson eta Ronny Brewer. Kantxa barruko aktoreei Michael Jordan beraren hauspoa gehitu behar zaio, Chicago eraztuna irabazteko gai dela esan baitu lau haizeetara. XXI. mendeko zezen berriak izango ote dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.