Ez zen giro atzo Zarauzko estropada eremuan, eta ez da giro Eusko Label ligako sailkapenean. Haizeak bidali zituen handik honantz hangoak, eta hemendik harantz hemengoak. Ondorioak, asko: batetik, Hondarribiak ia eskura dauka Zarauzko Ikurrina preziatua hirugarren urtez segidan irabaztea, bigarrena izan zen Cabori 22 segundo sartu zizkiolako, Santurtziri 26 eta hortik gora gainontzekoei; bigarrenik, ligako sailkapenean beste iraultza handi bat gertatu zen, Santurtzik berreskuratu zuelako lehen postua, Urdaibai liderrak azkena egin zuelako; eta hirugarrenik, beste muturrean, atzealdean, lehia are gehiago estutu da, atzo etxean aritu zen Zarautzen kalterako, berriz ere kanporaketako lekuan delako.
Emana zegoen haizeak gora eta gora egingo zuela arratsaldeak aurrera egin ahala, eta bai bete ere iragarpenak. Kalterik gehien azkeneko txandakoei eragin zien, eta hori horrela izanda ere, nahikoa egin zuten Santurtzik eta Oriok eguna taxutzen, hirugarren eta bosgarren eginda. Ez, ordea, Donostiarrak eta Urdaibaik, hamargarren eta azkena atzo, hurrenez hurren.
Haizea hartu zuena eta neurri mugababean Hondarribia izan zen, eta ez bakarrik Zarauzko garaipenera asko gerturatzeagatik. Sailkapenean ere sekulako jauzia egin zuen, postu bakarra aurreratu arren.Puntu uztak eman zion arnasa, eta inork espero ez zuenean, Eusko Label liga irabazteko lehian sartu da: Santurtzirengandik sei puntura jarri da, Oriok bost ateratzen dizkio, eta Urdaibaik bi. Aurtengo lehian dagoen berdintasunarekin eta postu dantzarekin, ez dira alde handiak.
Atzokoaren beste irakurketa laugarren kalearena da. Trakets, gaizto eta zital aritu zen bertatik joan behar izan zutenentzat. Zarautzek estreinatu zuen sufrikarioa, Zierbenak eman zion txanda gero, eta Urdaibai hondoratu egin zuen. Bermeotarrena oso deigarria izan zen, estropadaren lehen minutuaren erdia jokatzerako, lau segundoko galera zuelako txandakide zituen Santurtzi, Orio eta Donostiarrarekiko. Badu Zarauzko eremuak horrelakoak egiteko joera. Kontakizun hau duela urte batzuetakoa da, orduko arraunlari bati entzundakoa, laugarren kaletik arraun egin eta gero: «Eman eta eman, baina ezin aurrera egin, itsaso azpiko zerbaitek helduta edukiko bagintu bezala».
Laugarrena ez,bigarren kalea egokitu zitzaion Hondarribiari. Bigarren txandan. Cabo zuen alboan ababorrean, Isuntza istriborrean, eta Ziebena laugarrenean. Gero etorriko zenaren aurreneko zantzua berehala azaldu zen: txanda hasi eta bigarren minutura iritsi baino lehen, atzoko garaileak lau segundoko aldea ateratzen zion Zierbenari. Ziaboga eman eta hurrengo minutuan, hamabikoa zen koska. Cabo zuen aurkari gogorrena Hondarribiak, estropada handia egiten ari zirelako galiziarrak ere. Hondarribiak olatu gainean egin zuen minutu erdi bat, eta Galiziako ordezkaria zazpi bat segundo atzean utzi zuen bigarren luzearen erdian. Baina Cabokoak gutxiago ez izan, eta olatuarena kopiatuz, bi segundora gerturatu ziren. Laukoa zen aldea ziabogan.
Eutsi zioten galiziarrek Hondarribiari hirugarren luzearen zati batean, baina ospa egin zien gero. Mendean zuen txanda, eta laugarren luzean, azpiratu egin zuen. Zarauzko ohiko joerari muzin eginez, kanpoko kaleetatik sartu ziren atzo helmugan traineruak, eta Hondarribiak muga desiratu hori gurutzatu zuenetik 22 segundo pasatu ziren Cabo azaltzerako. Zierbena 33. segundoan igaro zen helmugatik, eta 46.ean Isuntza. Atzoko giroarekin, 21 minutu justu egitea ez zen denbora txarra. Oso lan on baten berri ematen zuen, eta gero haizeak kalte egin bazien ere hirugarren txandako aurkariei, ezin du itsusitu Hondarribiak atzo egindako lan handia.
Gogorra izan behar du atzo azkena lehiatu ziren lau taldeei gertatua bizitzea. Bereak eta bi egin minutu luzez, Santurtziren kasuan pentsatuz lan handiak sari potoloren bat emango ziola, baina lehorretik denborak trainerura heltzean, sekulako disgustoa eta amorrazioa hartu behar, garaileak alde handia atera ziolako.
Kaikuren susperraldia
Ligako sailkapenari begiratzen bazaio, Kaikuk esnatu egin dela ematen du aditzera. 11 puntu goitik zuen azken-aurrekoa atzoko lanen aurretik [Ares], eta zortzira du orain postu horretara erori zen Zarautz. Lehenengo txanda irabazi izanak, eta ondorengo iraultza guztiak eman zizkion aukerak. Ikusgarria izan zen nola irabazi zuen txanda, bigarren ziabogan azkena zelako, Ares lehen sailkatuarekiko 11 segundora. Denei aldea jaten hasi, eta 12 ehunengatik menderatu zuen Ondarroa azken txanpan. Gaur ere aukera izango du atzoko berriz lortzeko saiakera egiteko. Liga zoro honek Zarauzko bigarren jardunaldian (12:00) izango du segida.
Haizearen diktaduran, aise
Hondarribiak 22 segundotik gora atera die aurkariei bigarren txandatik, Zarauzko Ikurrinaren lehen egunean. Haize indartsuak txikizioa eragin du, eta Urdaibaik lidergoa galdu du, azkena egin baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu