Hamabi aizkolari ariko dira bihar Elizondon, maila nagusikoaren kanporaketan

Lehen sei sailkatuek azaroaren 18an jokatuko dute finala, Arbizun; eta azken biak Bigarren Mailara jaitsiko dira

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Maila nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketa bihar hasiko da, Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekuan (12:30). Hamabi aizkolari jardungo dira lanean, eta, ohiko denez, lehen seiak sailkatuko dira hilaren 18an Arbizun (Nafarroa) jokatuko den finalerako. Azken biak, berriz, mailaz jaitsiko dira, eta Bigarren Mailan ariko dira heldu den urteko txapelketan.

Kanporaketak eta txapelketaberak faborito handia dute: Floren Nazabal. Iaz ez zuen irabazi, baina kanporaketetan— lan motzagoa da— hura izan zen onena bederatzigarren urtez jarraian. Sailkatuko balitz, 21. finala litzateke harentzat. Harekin batera, 11 aizkolari hauek ariko dira: Iñaki Azurmendi iazko txapelduna, Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Jexuxmari Mujika, Lus Txapartegi, Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez, Antonio eta Aitor Senosiain aita-semeak, Unai Otaño eta Jon Rekondo. Azken bi horiek Bigarren Mailatik igo ziren iaz. Parte hartzaile bakoitzak sei pago enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko.

Kanporaketa irekia dago, eta ez da erraza kiniela egitea. Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi sasoi onean daude, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldun izan berri dira, hurrenez hurren. Atutxa iaz bosgarren izan zen, eta aurrenekoz sartu zen finalean. Otaegi, berriz, segundo bategatik gelditu zen kanpoan, behin lanak bukatuta ondo ebaki gabeko egur bateko lanak bukatzera bueltatu behar izan zuelako. Sailkatzen bada, haren hirugarren finala izango da.

Azurmendi txapelduna ere, ondo bidean, bere hamargarren finalean egon beharko luke, eta Joxemari Olasagasti 23.enean. Igeldoko beteranoa laugarren izan zen iazko sailkatze fasean. Lopezek hamabigarren kanporaketa du, eta iaz bigarren izan zen sailkatze lanentzat. Antonio Senosiainentzat 15. kanporaketa da, eta seigarrena haren semearentzat eta Jexuxmari Mujikarentzat. Txapartegik, berriz, hamargarrena du. Eskarmentu gutxien iaz mailaz igotako biek dute, Joseba Rekondorentzat bigarren sailkatze kanporaketa baita, eta aurrenekoa Unai Otañorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.