Goizetan Donostian ikasi, arratsaldeetan entrenatu, eta gauean atsedena hartu. 20 urteko gazte batengan ezohikoa den bizitza egiten du Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa). 23 urtez azpikoen mailan Euskal Herriko eta Espainiako onena izan da, eta Espainiako selekzioarekin korrituko du Munduko Txapelketa gaur (14:30). Ausart mintzatzen da Italiara abiatu bezperan: «Hamar onenen artean bukatzea sekulakoa litzateke».
20 urte bakarrik dituzu, baina dagoeneko hirugarren Munduko Txapelketa.
Bai. Lehen biak junior mailan korritu nituen. 2004. urtean Pointchateaun (Frantzia), eta urtebete geroago Sainkt-Weldenen (Alemania). Aurtengoa serioagoa da. 20 urte ditut, nahiko denboraldi txukuna egin dut, eta, gozatzeaz bat, emaitza ona lortu nahi nuke.
Eta zer da emaitza on bat zuretzat?
Hamar onenen artean bukatuko banu, erotzeko modukoa izango litzateke. Dena den, egun bakarreko probetan zuritik beltzera tarte txikia dago oso. Fisikoki-eta bete-betean egon zaitezke, baina egun txarra edukitzea ez da arraroa. Matxuraren bat edukitzea ere bai. Agian, itzuli bat galduko dut onenekiko, batek daki.
Ziklo-krosak nahiko maila apala dauka Euskal Herrian beste herrialde batzuekin alderatuta, baina mundialean 10 onenen artean sailkatzea nahiko erronka serioa da. Zergatik duzu helburu hori?
Azken probetan izan ditudan sentsazioengatik. Ispasterren korritu genuen azkena, eta Wesley Van der Linden garaileak hiru minutu atera zizkidan. 11. postuan helmugaratu nintzen, baina ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin. Halere, Belgikako Txapelketan hirugarren postua lortu zuen ziklo-kroslari baten aurretik sailkatu nintzen, Stijn Huysen aurretik. Huys ni baino ziklo-kroslari hobea da, Munduko Kopan hamar onenen artean dago, eta haren aurretik sailkatu izanak halako indarra eman dit Trevisora begira.
Nolakoak izaten dira probak munduko txapelketetan?
Pentsatzen dut atzera samar abiatuko naizela. 23 urtez azpikoetan talde handi samar bat egiten da lehen itzulia bukatzerako, 20 bat lagunekoa edo, eta nire asmoa talde horretan sartzea da. Talde horretatik kanpo geratzen bazara, akabo, ez dago 20 onenen artean helmugaratzeko aukerarik, bigarren taldea lehenengoa baino mantsoago doalako. Lehen itzuli horretan ahaleginak eta bi egin behar dira aurreko taldean sartzeko, eta sartutakoan hartu atsedena. Lehen itzuli horretan lasterketako %60 egoten da jokoan.
Aditu guztien ahotan dagoen faboritoaren izena esango didazu zeuk ere, ezta?
Bai, Niels Albert. Sven Nysi berari irabazteko ahalmena duela esango nuke. Sekulako maila du.
Zirkuituaren arrastorik bai? Azkarra dela diote.
Zuzengune luzeak badaude, niretzat hobeto. Zirkuitu bihurrietan baino hobeto moldatzen naiz plater handia erabili behar den ibilbideetan.
Ziklo-krosean ondo zabiltza, baina errepidean hobeto. Bietan txukun dabiltzan txirrindulari bakarretakoa izango zara.
Bai, hala da. Niri ziklo-krosa ikaragarri gustatzen zait. Errepideko denboraldia luzea da, eta monotono samarra egiten da urria iristen denean. Niretzat pizgarria da ziklo-kros garaia. Entrenamenduak ez dira hain luzeak, teknika asko lantzen duzu, eta bat-batekotasuna ere bai, aldapak pikoak izaten direlako. Esprintean eskarmentua hartzeko ere egokia da, hasieran ziztu bizian irteten garelako.
Zure kideek eta talde profesionaletako kirol zuzendariek entzungo ahal zaituzte!
Nik oso gustukoa dut ziklo-krosa, baina askok ez dute atsegin. Lokatza, eguraldi txarra, erortzeko arriskua... Nik arrisku hori hain handia ez dela esaten diet, errepideko erorikoak arriskutsuagoak direla, abiadura handiagoan joaten garelako.
Gertutik ezagutzen duzu ziklo-krosaren egoera Euskal Herrian. Jendeak dio egoera hobetzen ari dela.Ados al zaude iritzi horrekin?
Bai, zer edo zer hobea bai, baina ez lasai geratzeko modukoa. Lanean jarraitu behar da. Hobekuntza jendearen parte-hartzean izan da. Gero eta jende gehiago ari da laguntzen, eta kirol egoerak ere asko laguntzen du horretan. David Seco zegoenean monotonia handia zen, baina Yus eta Ruiz de Larrinaga, Suarez, Vazquez eta Hermidarekin askoz ikusgarriagoak dira lasterketak jendearentzat.
Sosak, agian, gabezia handiena, ezta?
Beno, Gipuzkoako probetan eta Espainiako Kopan sariak onak dira. Bizkaian apalagoak, baina trukean proba gehiago antolatzen dituzte.
Beste urtebete geratzen zaizu 23 urtez azpikoetan, baina etorkizuna zeurea dela dirudi. Elite mailan onenak ematen hasten zarenerako David Seco eta Unai Yus erretiratuta egongo dira, ziurrenik, eta Ruiz de Larrinaga ere onenak emanda.
Bai, baliteke, baina batzuk joan eta beste batzuk etortzen dira. Ondo nabil aurten, baina ni bezain ondo edo hobeto ibil daitezke beste asko ere. Erlantz Uriarte ez da txukun ibili aurten, baina ibili da, eta horrek ibil daitekeela esan nahi du. Garikoitz Bravo, David Juarez, Jon anaia... Lehengai ona dago.
«Hamar onenen artean sailkatzeko itxaropena daukat»
Hirugarrenez korrituko du Munduko Txapelketa bat Gorka Izagirre gazteak. Errepidean etorkizun ona du, baina ziklo-krosa maite du, «monotonia hausten duelako». Hamar onenen artean sailkatzeko helburua du Trevison.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu