Everest izan da mugarria. Duela 40 urte, Martin Zabaleta lehen mendizale euskalduna bilakatu zen munduko mendi garaienaren tontorra jotzen, eta igoera hura sinbolo bat bihurtu zen. Edurne Pasabanen (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) bidea ere han hasi zen: hura izan zen alpinistak igo zuen lehen zortzimilakoa (Nepal, 8.848 metro), 2001. urteko maiatzaren 23an, hirugarren saiakeran. Handik hamar urtera, 2010eko maiatzaren 17an, Shisha Pagmara igota (Tibet, 8.027 metro), historia egin zuen: lehen emakumea izan zen munduko hamalau gailurrik altuenetara igotzen.
«Hamalau zortzimilakoak igo ditut, bai, baina hankak lurrean ditut», adierazi zion BERRIAri 2011n egindako elkarrizketa batean. Bide luzea egin zuen igotzen hasi eta lurrera itzuli arte. Everesten hasi zuen zikloa, 2001ean. Hurrengo urtean, Makalura (Nepal, 8.465 metro) igo zen, eta esperientzia gogoangarritzat du ordukoa: «Gehien bete ninduen zortzimilakoa». Urte berean igo zen Cho Oyura (Nepal, 8.201 metro), eta «festa bat» izan zen harentzat. Han ezagutu zituen Juan Vallejo eta Juanito Oiarzabal. 2003an, beste bi tontor jo zituen aste batean: Gasherbrum II (Pakistan, 8.035 metro), «errazena», eta Gasherbrum I (Pakistan, 8.068 metro), «madarikatua»; TVEko Al filo de lo imposible saioaren babesa izan zuen orduan.
2004an, munduko lehen emakumea bilakatu zen K2 (Pakistan, 8.611 metro) mendira igo eta bizirik jaisten, eta «amets bat» bete zuela adierazi izan du: «Gehien markatu nauen mendia, nire bizitza banatu zuena». Ez zen samurra izan, halere: bi behatz hezur galdu zituen izozketengatik. Hurrengo urtean, indarberrituta, Nanga Parbatera (Pakistan, 8.125 metro) igo zen. Itzuli osteko garaia ez zuen gozoa izan, baina. Depresioa izan zuen, eta urte eta erdian abandonatuta eduki zuen zortzimilakoak egiten jarraitzeko asmoa. 2017an, osatu, eta Broad Peakera igo zen (Pakistan, 8.047 metro): «Begiak ireki zizkidan».
2008an lortu zuen Dhaulagiri mendiaren gailurra (Nepal, 8.167 metro) zapaltzea. Saiatu izan zen aurretik ere: hura izan zen zortzimilako bat egiteko Pasabanen lehen saiakera. Ezbehar bat ere gertatu zen mendi hartatik jaisten ari ziren batean, lehen zortzimilakoa igo eta denbora gutxira. Pepe Garces espediziokidea hil egin zen. Gainera, Pasaban Katmandun zegoela, gertutik bizi izan zuen Pumoriko istripua. Urte hartako urrian igo zen Manaslura (Nepal, 8.156 metro).
Kangchenjungan ere (Nepal, 8.598 metro) une latzak bizi izan zuen, 2009an: «Jaitsieran gauzak asko okertu ziren. Izoztuekin itzuli ginen Alex Txikon eta biok. Orduan konturatu nintzen zein garrantzitsua zen lagun talde on bat izatea alboan. Argi daukat haiek gabe orain ez nintzela hemen egongo», esan zion BERRIAri iragan apirilean egindako elkarrizketa batean.
Azken bi zortzimilakoak Annapurna (Nepal, 8.091 metro) eta Shisha Pangma (Tibet, 8.027 metro) izan ziren; 2010ean igo zituen, bata apirilaren 17an eta bestea maiatzaren 17an.
Hamalau zortzimilakoen balentriaren ondoren, Pasabanek Eusko Jaurlaritzaren Euskal Herritar Unibertsala saria eta Espainiako Kirol Merituaren urrezko domina jaso zituen 2010ean.