«Tourreko etapa bat irabaztea baino gauza handiagorik ez dago». Roberto Laisekarena da esana. Malkoei eutsi ezinik ari zen hizketan. Orain hamar urte. 2001eko uztailaren 21ean. Lainopean, Luz Ardidenen argitan. «Lasai erretiratzeko moduan naiz». Erretiratu zen, eta pasatu zen Euskaltel-Euskadiren historiara. Frantziako Tourreko lehen garaipena zen. Sufritutakoa. Baina, hamar urte geroago, gozamenarekin lotzen dena. Atzoko egunaren moduan. «Umetako ametsa bete dut». Samuel Sanchezena (Euskaltel-Euskadi) da esana. Malkoei eutsi ezinik ari zen hizketan. Atzo. 2011ko uztailaren 14an. Luz Ardidenen argitan. «Gustatuko litzaidake Roberto Laisekak etapa irabazi zuen leku berean irabaztea». Esan eta egin. Falta zitzaion kolpea eman zuen atzo Euskaltel-Euskadiko espainiarrak. Gutxitan bezala, urrutitik erasoa jota. Arriskatuta.
Luz Ardidenen magaletik gora begiratu, eta laranja kolorea besterik ez zen ikusten. Ez zeru urdinik. Ez laino zuririk. Laranja. Euskal zaleen kolorea. «Gaur hasiko da Tourra». Hori zen atzo berripaper askoren esana. Eta Sanchezek negar malkotan ekin zion Tourrari. Pirinioetan. Bi besoak altxatuta. Baimena eman zioten Tourra irabazteko faboritoek, eta lehen etapako deskalabruari etekina ateratzen asmatu zuen.
Igor Antonek eta Mikel Nievek erakustaldi bana eman dute aurtengo Italiako Giroan, mendiko bi etapa mitiko irabazita. Eta Sanchezek hirugarren balentria egin zuen atzo. «Etapa bat irabaztea da helburua, eta, ahal dela, podiumera gerturatzea». Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko managerrak behin eta berriz egin ditu adierazpen horiek. Lehen helburua bete dute. Talde estrategia bikainarekin, gainera —kritikak entzun behar izaten dituzte sarri, erasoa beranduegi jota, kontraerasoan aritzen direlako—. Tourmaleten behera aurrera egin zuen Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto), eta mugitzea erabaki zuen espainiarrak. «Hori zen momentua». Ordurako aurrean zebilen Ruben Perez taldekide nekaezina. Hirugarrenez sartu zen ihesaldian, Jose Ivan Gutierrez (Movistar), Biel Kadri (Ag2r), Geraint Thomas (Sky), Jeremy Roy (Francaise) eta Laurent Mangelekin (Saur Sojasun) batera.
Bederatzi minututik gorako aldea ere izan zuen aurreko seikoak. Baina Tourmaleten lehen maldetan Johnny Hoogerland (Vacansoleil), Roman Kreuziger (Astana) eta Sylvain Chavanelen (Quick Step) mugimenduek lehenengo, eta Leopard eta Saxo Banken erritmo aldaketek gero, ezerezean utzi zuten ahalegin oro. Ordurako ezinean zihoazen Robert Gesink (Rabobank), Andreas Kloeden (RadioShack) eta Tony Martin (Highroad). 17.44 minutu galdu zituen Gesinkek, 8.26 Kloedenek, eta 9.03 Martinek.
Tourmaleten gora bete-beteko ahalegina egin zuen Kreuzigerrek, baina ahalegin horretan hustu zen txekiarra. Roy eta Thomas buruan zirela, hiru minutu pasatxora igaro zen tropela Tourmalet gainetik. Beherakoan izan zen mugimendurik, besteak beste Christophe Riblon (Ag2r) eta Juri Trofimov (Katuxa) joan zirelako aurrera. Baina Gilberten mugimendua izan zen harrigarriena. Belgikarra erakustaldiak eman eta eman aritu da Tourreko lehen astean, eta atzo ere hark piztu zuen sua Samuel Sanchezen gorputz meharrean.
Helmugara iristeko 15 kilometro eskas falta zirenean, hamabost segundoren alde txikiarekin zihoan Samuel Sanchez eta Gilberten taldetxoa. Baina orduantxe egin zuen lanik zoragarriena Ruben Perezek. Luz Ardidengo maldarik gogorrenak iritsi artean, barrua hustu zuen bizkaitarrak, taldeburuaren alde. Eta hamabost segundorena zen aldea 45 segundora joan zen berehala.
Luz Ardiden magalean 2.35 minutura zeuzkan Sanchezek Thomas eta Roy. Baina balizko etapa garaipenak haizatuta, erritmoa bizitu eta txirrindulari bakarra izan zen gai bere gurpilari eusteko: Jelle Vanendert (Omega Pharma-Lotto). Aurretik bikoa, atzetik bikoa, eta tropelean denak elkarri begira, Europcar liderraren taldeak jarritako erritmoaren babesean. Etapa bikaina egin zuen Thomas Voecklerrek —eta Pierre Rolland taldekideak—, eta aise eutsi zion liderraren maillotari. 50 segundo, 55 segundo, minutua, 1.10... Pedalkada bakoitzean Luz Ardidengo argia ikusten ari zen Euskaltel-Euskadikoa.
Helmugarako bederatzi kilometro faltan Liquigasek hartu zuen tropel buruko ardura. Sylvester Szmydek lan polita egin zuen Ivan Bassoren mesedetan. Baina aldea handitzen ari ziren Sanchez eta Vanendert; zortzi kilometro faltan jarri ziren lasterketa buruan, eta 1.15 minuturen aldea ere izan zuten. Arrazoia atzekoen kontrol lanean zegoen. Frank eta Andy Schleck anaiak (Leopard) Alberto Contadorri (Saxo Bank) begira ari ziren, elkarrekin hizketan. Lau kilometroko pankartapean sortu zuen sua, azkenean, Schleck anaietan gazteenak. Hori bai, atzera begira egindako erasoa izan zen Andyrena.
Contador, Basso, Cadel Evans (BMC), Voeckler, Damiano Cunego (Lampre)... Hainbestean erantzun zieten denek Schleck anaien hurrengo mugimenduei ere. Baina ordurako nabari zen Contadorren gorputza muga-mugan zegoela. Helmugarako hiru kilometro falta zirenean jo zuen Frank Schleckek erasorik zitalena, eta inork ez zion jarraitu bere erritmoari. 45 segundo, 35, 25... Kilometro bakarra falta zen balentria egiteko, baina atzetik segika zihoan otsoa.
Frank Schlecken itzalaz jabetuta, Vanendert mugitu zen lehenengo, 500 metro faltan. Baina iaz Morzine-Avoriazen ez bezala, zoragarri kontrolatu zuen egoera Samuel Sanchezek. Hamar urteren ondoren, bi besoak altxatuta, negar malkotan urtu zen Euskaltel-Euskadi, Luzen argitan.
Contadorren sufrimendua
Gonzalez de Galdeanok zehaztutako lehen helburuari lehen aldapa gogorrean erantzunda, bigarrena betetzea falta zaio orain Euskaltel-Euskadiri. Zortzigarren jarri da Sanchez sailkapenean, Voecklerrengandik 4.11ra. Eta 2.05era dauka Evansen hirugarren postua. Inoren beldurrik ez lukeela eduki behar ikusi zuen, gainera, atzo Euskaltel-Euskadikoak, faborito gehienak ibili zirelako ezinaren mugan. Herren nabarmenena Contadorrena izan zen. Emaitzarekin «gustura» zegoela adierazi zuen, baina, azken 500 metroetan hamahiru segundo galduta, ez zuen lasai lo egingo.
Paue eta Lourdes artean, Pirinioetako bigarren etapa jokatuko da gaur, eta Aubisque maila bereziko mendatea igo beharko dute. Gainetik helmugara 42,5 kilometro daude.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Hamar urte, Luzen argitan
Samuel Sanchezek irabazi du Tourreko 12. etapa, Luz Ardidenen, Roberto Laisekak historia egin zuenetik hamar urteraAlberto Contadorrek huts egin du amaieran; Andreas Kloedenek 8.26 minutu galdu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu