Hamargarrena bide motzenetik lortu nahi dute

Bera Berak hamargarren liga titulua irabaz dezake gaur Elxen irabaziz gero. Galduz gero, ostegunean jokatuko dute partida erabakigarria, Gaskan.

Bera Berako jokalariak, pozarren, asteazkeneko partida amaitzean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bera Berako jokalariak, pozarren, asteazkeneko partida amaitzean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko maiatzaren 31
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bera Berak ez du denboraldia gehiago luzatu nahi. Seinale ona litzateke bihartik aurrera Donostiako taldeko jokalariak oporretan egotea, esan nahiko lukeelako ligako txapeldun direla, eta denboraldiko hirugarren titulua Bidebietako garaikurren gelan dagoela. Hala izateko kontuak errazak dira: gaur finaleko bigarren partida irabazi behar dute Elxen pabiloian (18:00, ETB4 eta Teledeporte). Lortzen ez badute, partida erabakigarria hurrengo ostegunean jokatuko dute, berriz ere Gaskan. Baina hamargarren liga titulua ahalik eta azkarren lortu nahi dute. Lortuz gero, azken hamar urteetan irabazten duten zortzigarrena izango da.

Asteazkenean nagusitasunez irabazi zuen Imanol Alvarezen taldeak Gaskan: 28-19. Lehen zatian, bi taldeak ez ziren fin aritu erasoan. Kostatu egin zitzaien aurkariaren defentsan zuloak topatzea, eta baloi dezente galdu zituzten. Dena den, Bera Bera une oro aurretik izan zen. Atsedenaldira lau golen aldearekin joan zen: 13-9. Aldagelatik buelta, partida hautsi zuten. Defentsan estuago jardun zuten, eta erasoan eraginkorrago aritu ziren. Horri esker, aldea handituz joan ziren, eta 45. minuturako norgehiagoka ia erabakita utzi zuten, bederatzi golen aldea baitzuten. Neurketaren azken zatian abantaila horri eutsi zioten. Bera Berako golegile nagusiak Elba Alvarez eta Marie Louis izan ziren; bosna gol sartu zituzten. Dena den, partidako jokalari onenaren saria Lucia Prades atezainak jaso zuen. Hamabi geldiketa egin zituen. Bera Berako atezaina denboraldi amaiera ikusgarria egiten ari da.

Finala golen aldeak erabakiko balu, Bera Berak eskuetan izango luke titulua, oso zaila baita Imanol Alvarezen taldeak bederatzi gol baino gehiagoko aldearekin galtzea. Iaz donostiarrek nahikoa izan zuten Gaskan lortu zuten aldea txapeldun izateko. Orduan ere Elx izan zuten aurkari finalean. Baina denboraldi honetan txapelketa eredua aldatu dute. Txapeldun izateko bi partida irabazi behar dira. Horrenbestez, esan daiteke Bera Berak oso gertu duela titulua, eta lana biribiltzea baino ez zaiola falta.

Elx ez da plaza erraza izaten aurkarientzat. Gainera, Joaquin Rocamoraren taldea kontrario deserosoa da, taktikoki oso landua, eta beharrezkoa denean trebea aurkariek eskatzen duten horretara egokitzeko. Denboraldi honetan bertan Imanol Alvarezen taldeak ezin izan zuen Herrialde Katalanetako taldea mendean hartu bere etxean: 33-31 galdu zuen. Iazko finalean, berriz, 27-27 berdindu zuten, eta Bera Bera Donostian lortutako aldeari esker izan zen txapeldun. Duela bi urte, berriz, Elxek Bera Bera kanporatu zuen finalerdietan. Horrenbestez, bete-betean aritu beharko dute gaur.

Asteazkeneko partida amaitutakoan, Imanol Alvarezek goraipatu egin zuen taldeak defentsan egin zuen lana. «Une oro jakin dugu haiek nondik egin ziezaguketen min, eta Luciak [Prades] ere asko lagundu digu egin dituen geldiketekin. Defentsan egindako lan onak izugarri lagundu digu, ondoren erasoan korrika egiteko. Partida biribila egin dugu». Gaur ere hori izan daiteke gakoa, baita Alvarezek aipatu zuen ondorengo hau: «Haiek ezinbestean irabazi behar dute, eta horrekin ere jokatu behar dugu, presio hori antzeman dezaketelako. Horregatik esan nuen lehen partida irabaztea oso garrantzitsua zela»

Kapitainen agurra

Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainek apirilean jakinarazi zuten denboraldi amaieran erretiroa hartuko zutela. Denboraldia ari da azkenetara iristen eta, ondorioz, Menendezi eta Arrojeriari ari zaie agortzen talde donostiarrean jokatzeko daukaten denbora. Bera Berak gaur irabazten badu, gaurkoa izango da haien azken neurketa. Galtzen badu, ordea, datorren ostegunean izango da zarauztarraren eta usurbildarraren agurra; zaleen aurrean, gainera. Haiek merezitako agurra izateko ere irabazi nahi dute garaikurra.

Ligako txapeldun izatea lortzen badute, klub donostiarra agurtzeko modu ezin hobea izango da Menendez eta Arrojeriarentzat. Beste behin, hiru titulu irabaziko lituzkete denboraldi berean, aurreko sasoian bezala: Iberiar Superkopa, Espainiako Kopa eta liga. Titulu horiekin, are gehiago luzatuko dute garaipen zerrenda. Menendezek bederatzi liga ditu –aurtengoa irabaziz gero, hamar–, zazpi Espainiako Kopa, zortzi Espainiako Superkopa ta bi Iberiar Superkopa. Arrojeriak, berriz, Menendezek baino Espainiako Superkopa bat gutxiago dauka, 2007-2008 denboraldian, Bera Berak bere lehen Superkopa irabazi zuenean, ez baitzegoen taldean oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.