2004KO PORTUGALGO EUROKOPA

Hamaseien Europa biribila

frantzia berriro edo beste txapeldun bat izan bitartean, portugalen dago zaleen arreta

jon ordonez garmendia
2004ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gaur hastera doana euroaren lehen Eurokopa da, hogeita bost herrialdeen batasunean jokatuko den lehenengoa. Hamasei dira, batzuk EBtik kanpokoak, lehian neurtuko diren selekzioak. Txapelketa guztietan izaten dira ezustekoa ematen duten taldeak, eta buztana hanka artean etxera espero baino lehenago itzultzen direnak. Hala ere, bakoitzak badu jada bere faboritoa. Alferrik izaten da askotan. Nola asmatu bada jokalari eta entrenatzaileek ere ez dakitena?

Aldez aurretik, Eurokopa honek osagai interesgarriak ditu. Selekzio handi guztiak daude: Frantzia, Alemania, Ingalaterra, Italia, Holanda... Selekzio handia izan ez arren, bere ligaren edo jokalarien distiragatik beti protagonista izan daitezkeenak: Espainia eta Portugal. Eta lehenengoen pareko handitasuna izateko liga indartsu bat falta duena: Txekia. Selekzio txikiak ere badira, apalak, palmares handirik gabekoak, handiei puntuak ematera deituak, gero Kopa irabazten badute ere, une honetan final-laurdenetara igarotzeko aukera gutxi dutenak: Letonia eta Suitza. Gainontzekoak maila ertainekoak dira. Gauza bat du ona txapelketa honek. Kanpora begiratuta selekzio garrantzitsuenak barruan daudela ikusten da. Aipatutako azken biak sartzeko garbi dago baten batek kale egin behar zuela. Hutsune bakarra, ordea, Turkiarena da. Munduko Kopan final-erdietara iritsi ondoren etxean geratu da.Lau urte pasatu dira. Orain dela lau urte Tayfun eta Arif Turkiako jokalariei begira geunden, Realera etorri behar zirelako. Bixente Lizarazuri Munduko Txapelduna zelako. Orain, ordea, Lizarazuk azken txapelketa handia jokatuko du Frantziarekin. Turkiarrei begiratu beharrean Müller Suitzako jokalariari eskaini behar zaio arreta. Aranzubiak bere lehen Eurokopa nagusia jokatuko du Espainiarekin, Etxeberria lagun eta Saez hautatzaile. Xabi Alonsok Real Madrilen jokatuko du ziurrenik, eta Westerveld ere badoa.Askotan Euskal Herrian derrigorrez gustuko talde bat aukeratu beharra izaten dugu selekzioen arteko txapelketetan. Bakoitzak har dezala berea. Hori da gure abantaila, eta gure patua. Ez du zergatik irabazlea izan behar. Ni, Kroaziarekin.

-Hasiera ekitaldia: Poetikoegiak izaten dira futbolean hasiera ekitaldiak. Gaurkoa Portugalgo historian eta ariman oinarrituko omen da. Gainera etorkizuneko herrialdea erakutsi nahi du. Eurokopa bezalako txapelketak erakuslehio bat dira. Hiru aste hauetan Portugal hartuko duten zaleak motz geratzen zaizkie turismo bulegoei, eta telebistaren arreta aprobetxatu beharra dago. Hamabost minutu iraungo ditu gaurko hasiera ekitaldiak. Hamabost minutu, herrialde baten historia eta arima laburbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.