Denbora kontua zen. Lewis Hamilton (McLaren) denboraldi hasieratik ibili zen garaipenetik hurbil, baina igandean bakarrik lortu zuen helburua. Aurretik beste sei gidarik dastatu zuten garaipen zaporea, eta askotxo zen hori haren harrotasunerako. Hiru lasterketatan eskas ibili zen, Bahrainen, Montmelon eta Monakon, eta puntu asko galdu zituen. Hala ere, ez zen txapelketan asko atzeratu, garaile dantzak lagunduta. Igandeko garaipenak lehen postura igo du, jauzi bakarrean.
Asko ikasi zuten taldeek Kanadan, eta lezio horiek edertu egin zuten lasterketa. Montrealgo lasterketak selekzio naturala egin zuen. Sebastien Vettel (Red Bull), Hamilton eta Fernando Alonso (Ferrari) izan ziren lasterketa buruan, ia une oro. Haiek dira hiru gidari sendoenak azken urteotan. Haietako edonor izan zitekeen garaile, abiadura aldetik berdinduta zebiltzalako. Lasterketa amaitzeko hogei itzuli falta zirela hasi ziren gertakari erabakigarriak. Ausardiaz jokatu zuen McLarenek Hamilton boxetara sartuta; ausardiaz jokatu zuen Ferrarik Alonso proba amaierara arte pistan mantenduta; eta ausardiaz jokatu zuen Red Bullek sei itzuliren faltan geldialdia eginda. Hamiltonen lan onaz gain, McLarenen estrategia gailendu zen herenegun.
Arazoak pneumatikoekin
Zirkuitua gorabehera, autoek pneumatikoak nola zaintzen dituzten ikusteko balio izan zuen lasterketak. Lotusek bikain zaintzen ditu, Katalunian ere erakutsi bezala. Oso sendo iristen dira lasterketa amaierara. Kimi Raikkonen bi itzuli gehiagorekin garaile izango zen Montmelon, eta Romain Grosjeanek ez zuen urrun izango Hamilton Kanadan. Sauber da Pirelli gomak mimatzen dituen beste autoa, batez ere Sergio Perez finaren eskuetan.
Ferrarik azkarrago irensten ditu pneumatikoak. Ihes-tutuen konfigurazio berriak errendimenduan lagundu die, pneumatikoak gehiago berotzearen kontura. Horixe da oreka zaila. Orain, behintzat, badakite ezin dutela besteek bezain luze jo pneumatiko sorta batekin. McLarenek bazekien hori, eta horregatik sartu zen Hamilton boxetara.
Hamiltonek hogei itzuliren faltan egin zuen azken geldialdia, baina zortzi itzuliren faltan bakarrik aurreratu zuen Vettel; eta sei itzuliren faltan Alonso. Azken bi horiek podiumetik kanpo utzi zituzten azkenean Grosjeanek eta Perezek. Inor ez dago harrotuta ibiltzeko moduan, baina Valentzian, bi aste barru, norbaitek garaipena errepikatuko du. Ia ziur.
Hamilton falta zen
1 Formulako sasoiko zazpi probetan zazpi garaile izan dira, ingelesa azkena, Kanadan, lasterketa ikusgarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu