Hamiltonek lasaitua hartu du, Abu Dhabin irabazi ondoren

Alonso eta Button ere igo ziren podiumera, eta Vettel hasi eta berehala erretiratu zen, arazo mekaniko batengatik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Lewis Hamilton eta Fernando Alonso igo ziren Abu Dhabiko Sari Nagusiko podiumeko lehen bi mailetara, igandean. Ingelesak irabazi beharra zuen azken hilabeteotako emaitza eta jarrera traketsak zuzentzeko. Espainiarrak, berriz, garaipena merezi zuen, bere autoaren mugak beste inork baino hobeto ustiatu zituelako. Agian, Hamiltonen garaipena bezainbesteko albiste bada Sebastian Vettelek ez zuela lasterketa amaitu, lehen itzulian arazo mekaniko bat izan baitzuen. Iaz gertatu zitzaion hori azken aldiz, Korean: orduan ere, arazo mekaniko baten ondorioz, motorra hautsi zitzaion. Bi aste barru, Brasilera irabazteko irrikaz joango da, zalantzarik gabe. Hori bai, jada ezin du berdindu Michael Schumacherren hamahiru garaipeneko marka, azken horrek 11 baititu.

Hamiltonek behar zuen garaipen hori, burua altxatu ezinda baitzebilen. Korean pole-a lortu zuenean, gauzak berriro hobetzeko beta zuen, baina, lasterketan, Vettelek birrindu egin zuen. Jenson Buttonek aurrea hartu izan dio azkenaldian, eta horrek eragin zuzena izan du Hamiltonen mailan. Igandeko garaipena behar zuen McLarenekoak berriro bere mailarik onena emateko. Alonsoren bigarren postuak garaipen baten balioa du, ez lortutako postuagatik bakarrik, baizik eta erakutsitako abiaduragatik.

Amaitzeko, hona hemen zifra batzuk. Azken hamasei lasterketetan, 48maila izan dira podiumean. Maila horiek guztiak bost gidariren artean banatu dira: Vettel, Mark Webber, Button, Hamilton eta Alonso. Argi dago zein talde izan diren nagusi. Gidari horien artean, Felipe Massaren hutsunea nabarmendu behar da. Garaipenei dagokienez, lau garaile bakarrik izan dira aurten: Vettel, Button, Hamilton eta Alonso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.