Handia egin beharrean dira

Athleticek irabazi eta gutxienez gol bi sartu beharko ditu gaur Sanchez Pizjuanen, Sevilla kanporatu eta Europa ligan aurrera egiteko. Giro beroa izango da harmailetan

Handia egin beharrean dira.
haritz gallastegi
Bilbo
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbat aukera dauzka Athleticek Europa ligako finalerdietarako sailkatzeko? Bilbotarrentzat, gutxi, eta futbolari jaramon egiten dioten zale gehienentzat, batere ez. Atera kontuak nola dauden gauzak: berez oso baikorra den zalea ere etsita dago; ez du Sevilla mendean hartzeko aukerarik ikusten. Joaneko partidako porrotak min handia eman du. 1-2 irabazi zuen Sevillak San Mamesen. Emaitza oso txarra da, eta azken bi urteetan Europa ligako txapeldun sendoa izan dena edukiko du aurrean. Hortaz, ez da berotasun handirik ikusten zuri-gorrien inguruan. Amore emanda daude. Inork ez du mirarian sinesten. Tira, ia inork ez. Badago Bilbo inguruan elkartzen den gazte kuadrilla bat konbentzituta dagoena ez dela ezinezkoa. Kuadrilla hori Athleticen lehen taldea da. «Gaitza da. Sevilla da faborito, baina, gure jokoa egiten badugu, aurrera egingo dugu. Nik ez daukat dudarik». Ander Iturraspek esana da, baina haren mezua talde osoarena da. Eta, finean, haiek sinestea da garrantzitsuena. Haiek atera behar dituzte babak eltzetik.

Baina zer egin behar du Athleticek Sevilla kanporatzeko? Partida osoa jokatu beharko du. Ia perfektua. Izan ere, ezinezkoa dirudi Sevillari bere etxean irabazteak. Unai Emeryk zuzentzen duen taldea jarraitzaileen aurrean ematen ari den maila ikusgarria da. Espainiako Ligan, hamahiru garaipen segidan zeramatzan, azken partidan Realak bolada bikain horri amaiera eman zion arte. Europa ligan ere antzera ari da. 11 aldiz irabazi du erreskadan. Azken hiru neurketetan, gainera, batez beste hiru gol sartu ditu. Bistan da Sevillak gotorleku bihurtu duela Sanchez Pizjuan. Hori gutxi ez, eta Athleticentzat ez da nahikoa izango gol bakar bat sartuta irabaztea. Gutxienez bi beharko ditu.

Williams, etxean

Horretarako, lehiaketako golegilerik onena dauka. Aritz Adurizek bederatzi gol sartu ditu txapelketan. Taldeak bere premia izan duen guztietan agertu da Atleticeko izarra, eta gaurkoan beste inoiz baino premia handiago dauka. Haren atzetik Raul Garcia ariko da. Joanekoan zigortuta zegoen, eta ezin izan zuen jokatu. Athleticek haren grinaren, eskarmentuaren eta gol senaren falta sumatu zuen. Aditu gehienek diote Athleticek aurrerapausoa eman duela nafarra fitxatuta, lehiakorragoa dela. Ez da gaur egun txarra nafarraren talentua azaleratzeko.

Baina kanporaketa hankaz gora jartzeko ahalmena zuen futbolari bakarra etxean geratu da, min hartuta: Iñaki Williams. Hark ez dauka inoren premiarik aurkariak dantzan jartzeko. Baina ez dago sasoi betean. Azken neurketan, izterreko minez erretiratu zen, eta Ernesto Valverdek ez arriskatzea erabaki du. Denboraldion laugarrenez lesionatzeko arrisku handia dago. Hortaz, beste batzuek eman beharko dute aurrerapausoa; esate baterako, Iker Muniainek. Joanekoan, huts larria egin zuen. Baina, horretaz gain, taldearen pisua eramateko gaitasuna daukala erakutsi behar du; aldea egiteko kapaz dela, alegia. Deialdian Ibai Gomez eta Yeray Alvarez erdiko atzelari gaztea dira berritasun nagusiak.

Jakinekoa da zein futbolari nabarmendu behar diren Athleticek arrakasta izateko. Baina, horrez gain, talde guztiak eman beharko du maila. Jokalari guztiek egin behar dute partida osoa. Eta guztiek erakutsi beharko dute Espainiako Kopan Bartzelonaren kontra Camp Noun azaleratutako nortasuna eta gosea. Orduan ere gaurko antzeko egoeran egon zen Athletic, eta estu hartu zituen Messi eta enparauak. Baina ez da ahaztea komeni Athleticek goi mailako aurkari bat izango duela aurrean. Dohain asko ditu, baina, batez ere, arlo fisikoan gailendu zitzaion jaonekoan talde zuri-gorriari. Valverderenak apur bat nekatuta daude; N'Zonzi, Kritxowiak, Rami, Iborra eta enparauak, aldiz, oso indartsu. Horrez gain, Gameiro dute. Egun Espainiako Ligan dagoen aurrelaririk erabakigarrienetakoa da. Eta, gaur, gainera, lekua izango du bere abiadura baliatzeko. Athleticek arriskatu egin beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.