Berasaluze II.a-Albisu 17. Mtz. Irujo-Barriola 22

Har ditzatela kontuan

Irujok eta Barriolak ligaxkako hirugarren partida irabazi dute jarraian; pilota biziek jokoa baldintzatu dute

Irujo, pilota bat kontrakantxatik bueltatzen, jarrera behartuan, atzoko partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Iraupena. 1.02.16.

Pilotakadak. 465.

Saketik. Berasaluzek bat, eta falta bat; Irujok bat.

Markagailua. 1-0 ,1-1, 2-1, 2-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-4, 9-4, 9-9, 9-12, 12-12, 12-16, 13-16, 13-19, 17-19 eta 17-22.

Bestelakoak. Iruñeko Labrit pilotalekua bete egin zen. Apustuetako dirua Irujo-Barriolaren alde irten zen: 100-70i.

Joan dadila aurretik: pilota biziegiak ziren, eta partida luzatu ahala, gero eta bote handiagoa zuten. Hori esanda, benetako protagonistak pilotariak izan ziren, batez ere bat: Juan Martinez de Irujo. Hura jokoan sartu zenean aldatu zen partidaren norabidea. Baina pilotek ere baldintzatu zuten jokoa, eta irabazleak hobeto moldatu ziren. Pilotengatik irabazi zuten? Ez, baina hobeto egokitu ziren, eta, Berasaluze saihestuz, Albisu zamatu eta itotzea lortu zuten. Era berean, kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi zuten, eta zerbaitegatik jarri zietela faborito xingola aurkezpenean.

Irujok eta Barriolak elkarrekin jokaturiko hiru partidak irabazi dituzte jarraian. Gainera, beste bertute bat dute alde: eskarmentua. Irujok ez du ahaztu 2012ko txapelketa: «Duela bi urte Abelek eta biok elkarrekin jokatu genuen, eta ligaxkako lehen lau partidak irabazi arren, ez ginen finalerdietarako sailkatu». Berasaluze eta Albisu, aldiz, ez dira ondo hasi, baina ezta iaz ere. Inor ez dadila harritu bi bikote hauek finalerdietan topo egiten badute.

Partidak bi zati izan zituen. Hasieran, gorriak gehiago izan ziren. Albisuk modu ikusgarrian ekin zion lehiari. Menpean hartu zuen Barriola, ezkerrez eta eskuinez luze joz. Irujo jokoz kanpo zegon, presaka jokatuz eta hutsak eginez. Berasaluze II.ak, aldiz, errematerako nahi beste aukera izan zituen, baita ondo baliatu zere (9-4). Hortik aurrera, baina, dena aldatu zen. Irabazleek piloteoa gogortzea erabaki zuten. Irujok atzera jo zuen, eta Barriolak ondo gurutzatu zuen. Pilota erabat bihurritu zuen, paretara itsatsiz. Albisuk lau huts egin zituen jarraian, eta irabazleek aurrea hartu zuten (10-12). Albisu deseroso aritu zen, 132 aldiz jo zuen pilota, horietatik 49 ezkerrez. Barriolak 122 pilotakada jo zituen, eta 18 baino ez ezkerrez. Bada aldea.

Berasaluze piloteotik kanpo zen, eta kideari arnasa emateko koadro bat egin zuen atzera. Bi magia ukiturekin, partida berdindu zuen (12-12), baina ez zuen joera aldatu. Irujo jaun eta jabe zen, hala piloteoan nola tantoa bukatzen. Hamabost tanto egin zituen guztira, eta Albisu nekatu zuen. Atzelariak duin eutsi zion zaparradari, baina pilota biziekin aurkariak eroso zebiltzan, Barriolak ez zuelako hutsik egiten. Partida erabakita zegoela zirudien (13-19).

Berasaluzek azken hitza esateke zuen, baina. Zerbait egin beharra zeukan, eta arriskatzen hasi zen. Ausart jokatu zuen, Albisu erreskatatzeko. Bete-betean sartu, eta partida orekatu zuen (17-19). Jeinu hutsa da, baina ez perfektua, eta Irujok haren pilotakada txar bat baliatu zuen tanto egin eta egoera lasaitzeko (17-20). Azken bi tantoak ere Irujok egin zituen.

Gaur, Logroñon eta Eibarren

Binakako txapelketako ligaxkako 4. jardunaldiko azken bi partidak gaur jokatuko dira, Eibarren (17:00, ETB) eta Logroñon (17:30). Astelenan Urrutikoetxea-Beroizek eta Ezkurdia-Zabaletak gazte bikoteen artekoa jokatuko dute. Adarragan, Titin III.a-Merino II.ak, Bengoetxea VI.a-Ladis Galarzaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.