Harian dabil

Denboraldia hasi zenetik, Athletic ez da jaitsiera postuetatik lau puntu baino gehiago urrundu

jon ordonez garmendia
2007ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Herenegun zer gerta zitekeen ohartarazi zuen aurreko astean Javi Martinez Athleticeko erdilariak: «Inork ez dezala pentsa koadrila baten aurka jokatzera goazenik. Europako txapelduna dugu aurkari, eta dena emango dute». Aurkaria Bartzelona izanik, erabat normala da jokalari zuri-gorriak hori esatea. Gaztea izanagatik, Bilbora iritsi zenetik ezohiko heldutasuna ari da erakusten Martinez, bai jokatzen duenean eta bai hitz egiten duenean; Bartzelonak arrazoia eman zion igandean. Athleticen ez dira asko haren zuhurtzia dutenak. Aurreko astean Getaferi 2-0 irabazi ondoren, baikortasuna zen nagusi klubean eta inguruan. Denboraldi honetako ibilbideak, ordea, ez du oraindik baikor izateko motiborik eman. Denboraldia hasi zenetik, sailkapenaren zulotik irten ezinik dabil Athletic, beti harian. Gimnasticen aurka irabazi zuen sasoiko lehen partida; Manerekin, taldeak bere jokoa berreskuratu zuen, eta gol gutxiago jasotzeko bidea aurkitu zuen; Recreativoren aurka lehen garaipena lortu zuen San Mamesen, baina orain, Ligako 24. jardunaldia jokatu ondoren, jaitsiera postuetara itzuli da berriro.

Athleticek beti izan du zaleen babesa. Azken bi denboraldietan -klubaren historiako txarrenetakoak biak- inoiz baino ikusle gehiago izan dira San Mamesen, eta Getaferen kontra zaleek izan zuten erantzuna nabarmentzekoa da. Ilusioak baditu bi aurpegi, ordea. Une txarrenetan taldea ez da bakarrik geratu, baina partida bat irabazi bezain pronto gehiegizkoa izan da sortu den giroa, sailkapenaren errealitatetik urrun. Ehun urtean kluba aldatu egin da, eta, horrekin batera, zaleen jarrera, egoera txarretara ohituta akaso. Agian horregatik, edo agian Gimnasticek eta Realak jaitsiera postuetako bi bereganatzeko meritu handia egiten ari direlako, partida bat irabaztea nahikoa da taldea salbu dagoela pentsatzeko. Sasoi honetako ibilbideari erreparatuta, ordea, ustea erdi ustel. Jaitsiera postuetatik kanpo egon denean, ez du Athleticek lau puntuko abantaila baino handiagorik izan, eta abantaila hori azken jardunaldietan desagertu egin da, eta taldea Bigarren Mailara jaisteko hirugarren postura eraman du.

Athletic 11 jardunaldi egon da jaitsiera postuetatik kanpo. Recreativori etxean 4-2 irabazi zionetik egon da salbu, 14. jardunalditik. Arriskua, ordea, ez du sekula urrundu. Gehienera, denboraldi honetan, jaitsiera postuetatik lau puntura egon da Bilboko taldea. Mallorcari irabazi ondoren lortu zuen alde hori, 17. jardunaldian, eta 15. postura igo zen. Harrezkero, ordea, azken zazpi jardunaldietan ez du alde hori baliatu. Urtarrilaren 7an irabazi zion Athleticek Mallorcari, baina ondorengo lau partidetan bakarra irabazi zuen (Realaren aurka), beste bat berdindu zuen (Levanterekin) eta bi galdu zituen (Vila-real eta Betisen kontra). Emaitza horiekin, lau jardunalditan galdu zuen jaitsiera postueekin zuen aldea; 21. saioa jokatu ondoren 18. zegoen taldearekin, Levanterekin, berdindu egin zen, 22 punturekin.

Futbola ez da matematika hutsa, eta horrek salbatu du taldea ezkortasunetik. Jokalariak jokalari, Mane aulkian dagoenetik taldeak partida guztietan egin du ondo jokatu eta irabazteko ahalegina, eta une jakin batzuetan irabazten ere asmatu du. Aintzat hartu behar da, gainera, zorte ankerra izan duela lesioekin. Gurpegiren zigorrari Tikoren, Orbaizen, Garmendiaren, Ustaritzen, Etxeberriaren, Prietoren eta Gonzalezen lesioak gehitu zaizkio. Egoera okerragoa izan zitekeelako usteak mesede egin dio taldeari, eta ordezkoen-Gonzalez eta Garmendia min hartu aurretik- eta ohiko postutik kanpo ari diren jokalarien ahaleginak -Martinez, Iraola, Murillo...- merezi du horrenbeste. Sailkapena, ordea, bada matematika hutsa. Irabazten duenak gora egiten du, eta galtzen duenak, ez. Athletic behean dago Liga amaitzeko hamalau partida falta direla.



ORAIN, LAU AURKARI ZUZEN. Egutegi gogorra datorkie zuri-gorriei martxoan, denboraldia marka dezaketen partidak jokatuko ditu. Hilabete batzuek talde baten ibilbidea erabaki dezakete. Realari Valentzia eta Recreativoren arteko tarte horretan gertatu zitzaion. Urtarrilaren 21a baino lehen, Lehen Mailari eusteko itxaropena handia zen, baina hilabetean zapuztu zen. Tarte horretan lau partida galdu eta bat berdindu zuen, eta orain dagoen egoeran dago. Realak ez bezala, datozen lau partidetan Athleticek gora egin beharko du. Benetako egoera lasaian egon nahi badu, partidak bata bestearen atzetik irabazten hasi behar du. Izan ere, mailari eusteko borrokan dauden beste taldeek ere ez dute amore eman. Iaz 40 puntu nahikoa izan ziren mailari eusteko. Athletic azkenaurreko jardunaldian salbatu zen. Erabat lasai egoteko sei partida irabazi behar dituzte zuri-gorriek orain, hau da, orain arte denboraldi osoan irabazi dituztenak adina.

Apirilaren 1a bitartean Gimnastic, Celta, Osasuna eta Racing izango ditu aurkari talde zuri-gorriak. Lehen taldea sailkapeneko azkena da, eta aste honetan bertan, San Mamesen, galdu ezin duen lehen partida dauka horren aurka. Beste hiru aurkariak bost punturen bueltan ditu aurretik, eta une honetan hirurak dira mailari eusteko borrokan aritzeko hautagai. «Partida garrantzitsuak ditugu orain, guk puntuak irabazteaz gain aurkariek ez irabaztea lor dezakegulako. Datozen lau partidetan dena eman behar dugu, arreta handiz jokatu eta aldarte onenean aritu», pentsatzen du Josu Sarriegi atzelariak. Bartzelonaren aurka 3-0 galdu ondoren, errealitateak oraingoan gaina hartu dio ilusioari. Garaipenak argitasuna egiten duen moduan egiten du porrotak iluntasuna. Agian beste partida bat irabazi arte soilik iraungo dute kezka ilunek, baina argi dago Athleticek gutxienez beste hemezortzi puntu irabazi beharko dituela harian ibiltzeari utzi nahi badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.