Tap, tap-tap. Maila gutxi batzuk igo, eta argia ikusi dute. Eta argiak erakutsi die zelai handi bat; ezaguna, bai, baina arras aldatua. Aspaldi ikusi gabeko adiskide bat balitz bezala, hor dute, begien aurrean. Gora so egin dute sei gizonek, alderik alde begiratu, baten batek ahoa zabalduta. «Polita, ezta?»; galdera erretorikoa bota die Peio Etxamendi gidak. «Bai, beste bat dirudi», erantzun dio, hala ere, bisitari batek. «Oso ongi gelditu da. Beteta dagoenean sekulakoa izango da», aurreratu du gidak. Harresi gorria proiektuaren emaitza dira Sadarreko harmaila berriak. Hotz dira, baina, zalerik gabe.
Osasunaren futbol estadio berritua ikusteko bisita gidatuetako bateko pasadizoa da. Pandemia dela-eta partidak ikuslerik gabe direnez, zelai eraberritua zaleei erakustea erabaki du Iruñeko klubak. Barrutik eta kanpotik, goitik behera zeharkatu dute estadioa agertu diren zaleek. Gehienek haien jarlekua bilatu dute, han jarraitzen duela segurtatu nahian edo. Bien bitartean, langileak dabiltza batetik bestera. Zelaian, bi lagun, belarra mozten. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte.
Etxeandiak ongi etorria eman die bisitariei. Ez da emakumerik taldean. «Gogoa genuen etortzeko; urte bat eta hilabete bat generaman hemen sartu gabe». Aldageletan sartu dira lehenbizi, eta batzuek aprobetxatu dute aukera beraien gogoko jokalariaren takilaren aurrean argazkia egiteko. «Sinplea da. Jendea Camp Nou edo Bernabeutik etortzen da eta galdetzen du ea non dagoen jacuzzia», kontatu du gidak.
Barrutik eta kanpotik, berri
Gero, zelaiko belarra zapaldu dute bisitariek; han dira Miguel Cuesta eta Fidel Medrano Osasunako zuzendaritza batzordeko kideak. «Ongi etorri gure etxe berrira», agurtu du Medranok. Azaldu du Sadarren 6.000 lagun gehiago sartzen direla orain, eta bideomarkadore erraldoiez harro da: «Hori egin dugu bi zaharrak batuta, eta beste hura berria da». Jarraian, argazkietarako tartea berriro, baina taldeen aulkian.
Barrura sartu dira berriro: egurrezko korridore argitsuak, gela zuriak eta eskailera zabalagoak. Prentsa aretoa txukundu dute. Eta, azkenik, gora, zaleen eremura. Izkina guzietatik ikusi dute estadioa, maila guzietarik ere. Hegoaldeko harmailan eserlekuak bilduta daude, Borussia Dortmund taldearen zelaian bezala. «Hemen futbola beti zutik ikusiko dute. Baina hori ez da problema, beti zutik ikusten dutelako». Indar Gorriko zaleen tokia da.
Igogailuak izkina guzietan daude, hamabost ostatu eta komun gehiago paratu dituzte. «71 komun daude: 33 gizonentzat, 23 emakumeentzat eta 15 mugikortasun murriztua dutenentzat», azaldu du Etxamendik. Esan duenez, bazkideen arabera egin dute banaketa, gizon gehiago direla iradokiz. «Nik uste futbola ongi ikusten dela hemendik», esan du gidak goiko harmailan. «Beti izan gara taldearen gainean egon garen zaleak, eta orain gertuago gaudela dirudi, harmaila berria makurtuago dagoelako».
Bitxikeria batekin bukatu da bisita. Pareta bat botatzean agertu da. 1967an ireki zuten Sadar, eta garai hartako kartela galdutzat jo zuten. Berritze lanek agertu dute plaka historikoa. Han utzi dute, agerian, zikin eta zahar, estadio berrituak betiko izaerari eusten diola irudikatuz. Agur esan diote elkarri, hurrengoan harmaila berotzen elkar ikusiko dutelakoan.
Datuak
21.000.000 euro, berritzearen kostua. Sadar berritzeko 15.998.225 euroko aurrekontua bazegoen ere, 21 milioi ingurura igo da dagoeneko.
23.516, zelaiaren edukiera. Iruñeko futbol estadioak 6.000 eserleku gehiago ditu orain, eta 23.516 ikusle sar daitezke.
24 metro, harmailaren garaiera. Orain arte 18 metroko altuera zuen harmailak; orain, 24 metrokoa, 30 graduko inklinazioarekin. Goiko zaleek hobeki ikusiko dute.
1967, zelaia ireki zuten urtea. Sadar futbol estadioa 1967ko irailaren 2an inauguratu zuten. Zaragozak eta Vitoria de Setubalek jokatu zuten estreinako partida.