Iraupena. 67.40.
Pilotakadak. 366.
Sakez. Olaizola II.ak 3; Saralegik 2 eta falta bat.
Markagailua. 0-4, 1-4, 1-5, 5-5, 5-10, 10-10, 10-12, 11-12, 11-13, 13-13, 15-13, 15-15, 16-15, 16-16, 16-18, 18-18 eta 22-18.
Bestelakoak. Sarrera ona Iruñeko Labrit pilotalekuan, 900 ikusletik gora. Zaratatsuenak, Amezketatik joanikoak. Apustuak 100-20ri irten ziren Olaizolaren alde.
Galtzaile batek gutxitan jasoko zituen hainbeste txalo. 22ra iritsi gabeko pilotari batek ez zuen askotan horrelako gorazarrerik jasoko. Ekaitz Saralegik bere ibilbideko partida polit eta garrantzitsuena galdu zuen atzo, eta Labrit pilotaleku osoak zutik eta txaloka agurtu zuen. Ondo merezita, gainera, Amezketakoak ez zuelako faborito garbiaren logikaren patuari men egin nahi izan, eta ausart jokatu zuelako. Ausardia beti miresten da eta estu baino estuago hartu zuen kaiolako munstroa. 16-18 aurreratu zen, baina Aimar Olaizolak asko jokatzen du motzean eta gehiago izan zen azken txanpan. Zerbaitegatik jokatuko du, printzipioz bihar zortzi, lau t'erdiko txapelketako zazpigarren finala.
«Nik ezin dut gehiago jokatu» onartu zuen bukaeran Saralegik. «Irabaztera bainoago partida on bat egitera etorri naiz eta lortu dut», gehitu zuen. Ez da egia, Saralegi irabaztera kantxaratu zen, eta horregatik izan zuen hain gertu finala. Olaizola II.ari itxaron beharrean erasoa bilatu zuen, arriskatuz, eta aurkaria aurretik jarri zen aldietan ere ez zen amildu. Kirioei eutsi eta ikuskizuna eman zuen, mota guztietako erremateak egin eta tanto ederrak pilatuz. 34 urte eta Bigarren Mailako partiden itzalpean eginiko urteek zaildu egin dute eta atzo mila aldiz amesturiko partida jokatu zuen. Borobiltzea falta izan zitzaion. Asegarcek otsailean kontratua berrituko dion ez daki, bada beste urtebete merezi du gutxienez, beste aukera bat lau t'erdiko txapelketan.
Olaizola II.ak, bere aldetik ez zuen partida ona jokatu, zehaztasuna falta izan zitzaion. Aldakako min txikia zuela ere esan zuen, finala atzeratuko duen aurreratu gabe. «Data zein den ere ez dakit, enpresek zer dioten ikusi beharko da». Ez bazuen bere maila eman, baina, hein handi batean Saralegik ez ziolako utzi izan zen. Amezketakoak biziago mugitu zuen pilota eskuinez eta min handia egin zion airez. Errestoan ere oso seguru aritu zen eta horri esker aurreratu zen hasieran (5-10).
Olaizola deseroso zebilen, baina bertute teknikoak gordetzen dituen sotora jaitsi eta botera jokatu eta pareta bilatzeko duen trebezia erreskatatu zituen. Zazpi tanto lortu zituen erreskadan (10-12), eta bukaera artekoak zuzenean egingo zituela zirudien. Saralegi nekatuago zegoen, tanto gogorrak izan ziren, biziak, baina ez zion bere bizitzako aukerari ihes egiten utzi nahi. Artista da, eta hor bilatu zuen bidea, dakiena egiten. Tanto bilduma dotorea egin zuen: ezker airez, efektu askodun hormabikoz —lau guztira—, zabalean, txokoan... Ametsa esku eskura zuen (16-18).
Nekea Olaizola adinako aurkari bilakatu zen Saralegirentzat. Txapeldunak zorte pixka batekin sakea berreskuratu eta partidako tanto onenak azken txanparako utzi zituen. Saralegi higatzeko bere estrategia berandu hasi zen fruituak ematen baina garaiz zen oraindik. 18nako tantoa izan zen partidako gakoa, Olaizolak luze jo eta Saralegik kale egin zuen boleaz. Pasatzen utzi izan balu pilotakadak lau t'erdiko marra pasako zukeen eta 17-19 Saralegiren alde. Gero konturatu zen hura ere, a zer nolako damu aurpegia. Olaizolak gupidarik gabe egin zituen azken tantoak, botera ondo mugituz. Azkenaren ondoren gozo elkar besarkatu zuten, Saralegiren zaleek kantxa harmailetatik botariko txapel beltzekin estali aurretik.
Olaizola II.a 22. Saralegi 18
Harro egon daiteke
Saralegik partida bikaina jokatu du, baina Olaizola II.a gehiago izan da azken txanpan, eta lau t'erdiko finalerako sailkatu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu