Perfumerias Avenida. Dominguez (6), Mestdagh (5), Elonu (18), Nicholls (4), Laura Gil (2) —hasierako bostekoa—, Robinson (4), Asurmendi (5), De Souza (8) eta Givens (6).
IDK Gipuzkoa. Brkic (7), Lucas (10), Aduriz (4), Weaver (10), Alleyne —hasierako bostekoa—Iparragirre (3), Sarr (10), Lara Gonzalez (2), etaNystrom (2).
Markagailua. 19-15, 41-29 (atsedenaldian);46-37 eta 58-48.
Epaileak. Morales, Rios eta Areste. Lara Gonzalez (37. min) eta Nicholls (40. min) kanporatu dituzte faltengatik.
Bestelakoak. 2.500 ikusle Zaragozako Felipe Borboikoaren pabiloian.
IDK Gipuzkoa ez da izango gaur Espainiako Kopako finalean. Azu Muguruzaren taldeak 58-48 galdu zuen atzo, Perfumerias Avenidaren aurka, finalerdietan. Baina egindako lanarekin harro eta burua tente itzuliko dira etxera, eta halako txapelketak jokatzeak dakarren eskarmentuarekin. Herenegun, final-laurdenetan, partida ikusgarria egin zuten Ferrolen aurka; atzo, berriz, galdu arren, ondo lehiatu ziren ligako eta Espainiako Kopako txapeldunaren aurka.
Espainiarrek, ordea, IDK-k Ferrolen aurkako norgehiagokan pilatutako nekea baliatu zuten, fisikoki duten nagusitasuna ezarri, eta finalera sailkatzeko. Hor egon zen gakoa. Donostiarrak ondo aritu ziren defentsan. Ez da erraza Perfumerias bezalako talde bat 58 puntutan uztea —batez beste 75 puntu sartzen ditu partidako—. Baina erasoan ez zuten nahi beste asmatu. Baloia ondo mugitu arren, aukerako saskiratzeak huts egin zituzten, eta halako aurkari baten aurka zama handia da hori.
Nahiz eta lehen laurdenean errenta handirik ez lortu, Permuferias hasieratik egon zen aurretik. Lehen jokaldietan, IDKren joko antolatzaileak, Iva Brkicek, bi falta egin zituen erreskadan, eta, hori dela eta, aulkian eseri behar izan zuen. Taldeak nabaritu zuen hori, hark jartzen baitie erritmoa partidei. Urduritasunak eraginda, gainera, hainbat baloi galdu zituzten Azu Muguruzaren jokalariek. Erasoan, berriz, lehen huts egiteak egiten hasi ziren. Sarr, eta batez ere Weaver, ez ziren final-laurdenetan bezain fin aritu. Waver, gainera, taldeari laguntzeko ahaleginean, itsutu egin zen eraso batzuetan, eta ez zituen jaurtiketa egokiak aukeratu. Hala, zazpi punturen aldearekin amaitu zen lehen laurden hori: 19-12, ordu arteko handiena.
Dena den, bigarrenean lortu zuen Perfumeriasek abantaila erabakigarria. Beren ahalmen fisikoa inposatu zuten Nichollsek, Laura Gilek eta De Souzak, IDK-ko barruko jokalarien nekea aprobetxatuz. Errebotea goitik behera menperatu zuen, etaerrenta handituz joan ziren. 19. minutuan lortu zuten partidako handiena, hamazazpi puntu: 39-22. Bazirudien partidak ihes egin ziola IDKri. Baina, azken minutuan lortutako 2-7ko partzial bati esker, errenta hori hamabira gutxitu zuen: 41-29, atsedenaldian.
Bigarren zati hasieran ere antzu aritu zen IDK aurkariaren uztaipean. Lehen hiru minutuetan ez zuen saskiratzerik sartu, eta Perfumeriasek hamazazpi punturen abantaila berreskuratu zuen markagailuan: 46-29. Baina, defentsan koska bat gora egin, eta, Perfumeriasek hainbat jokalari garrantzitsuri atsedena eman ziela baliatuz, aldea murriztu zuen Donostiako taldeak. Orduan jokatu zituen partidako minutu onenak, eta azken laurdenera aukerekin iritsi zen, Perfumeriasen abantaila bederatzi punturena baino ez zelako: 46-37. Baina saiakera hor geratu zen. Azken laurdenean nahi eta ezin aritu zen. Perfumeriasek hamar punturen aldeari eutsi zion, eta ondo kudeatu zituen azken minutuak. IDKren aldetik gehiago izan ziren kemena eta ahalegina.
Perfumerias Avenida 58 IDK Gipuzkoa 48
Harro egoteko moduan
IDK-k galdu egin du Perfumerias Avenidaren aurka Espainiako Kopako finalerdietan. Final-laurdenetako lehiako ahalegina nabaritu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu