Jon Iriondo. Ondarroako entrenatzailea

«Harrobia izango da Ondarroaren ardatza»

Datorren urtean, San Miguel ligan ariko da aurreneko aldiz Ondarroa. Taldeak aurten egindako lanari eman dio balioa entrenatzaileak, eta oso garbi dauka indartu bai baina klubak ez duela burua galduko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Jon Iriondok (Ondarroa, Bizkaia, 1976) bigarren sasoia izan du aurtengoa entrenatzaile hasi zenetik, eta herriko taldean iaz hasitako bideak segida paregabea izan du. KAE 1 liga irabazi du, hamabi bandera lortu, eta San Miguel ligara igo da, aurrenekoz.

Egun batzuk igarota, lasaitasun handiagoz, zer duzu esateko Ondarroaren balentriari buruz?

Konturatzen ari gara handia egin dugula. Ematen du erraza izan dela, baina lan handia dago atzean. Oso zaila izango da berriz horrelako zerbait egitea. Gozatzeko garaia da, eta gero gerokoak.

Gehiago ari zara gozatzen egunak pasatu ahala?

Lanak fruituak eman dituela nago jabetuta, eta gauza handia da hori. Taldea eta herria oso pozik ikustea bezalakorik ez dago.

Bi urteotan Ondarroan egindako lana progresiboa izan da, ala bakoitza aparte hartu behar da?

Ez da bi urteko lana bakarrik. Nire aurretik Gotzon Arrasate eta Jon Lete ibili ziren entrenatzaile lanetan, eta KAE 2 ligan ibili zen taldetik sei-zazpi arraunlari daude oraindik. Horiek dira bizkarrezurra. Arraunketa landuz joan gara, eta, gero, entrenamendu eta mentalitate aldetik, San Miguel ligako talde bat bezala aritu gara lanean. Elkar hartzen ere lan egin dugu, blokea esaten den hori. Iaztik nabaritu da taldeak jarraitu egin duela, eta hori onerako izan da, arraunlariek barneratua zeukatelako arraunketa. Fisikoki ere koska bat egin dugu gora.

Lan bat gutxiago datorren urterako: arraunlariek badakite zer den San Miguel ligakoek bezala entrenatzea.

[Barrez] Liga nagusia beste kontu bat da. Egiten ari garen lanari segida eman behar zaio, eta garbi dago zein den bidea. Oso ondo dakigu nola prestatu behar garen.

Entrenatzaile moduan ere handia zarela zabaltzen hasi da arraun munduan; badakizu zer ekartzen duten emaitza onek...

Ez da nire lana bakarrik izan. Adibidez, prestakuntza fisikoaren arloan, sekulako lana egin du Gotzon San Miguelek. Gotzon Arrasatek ere laguntzen jarraitzen du. Taldeko giroa ere oso ona da, eta, osagai guztiak batera jarrita, bi urte oso on egin ditugu.

Taldearen ardura hartu zenuenean, ondo landuta zegoen arraunlari multzoa, ezta?

Bai. Ikusten zen arraunketa luzea hartu zutela Arrasaterekin. Falta zitzaien sinestea, lehiatzeko dinamikan sartzea, eta aurten buruz ere salto handia eman dute.

Buruak zenbat lan egiten duen…

Iaztik asko hobetu dute arlo horretan, eta momentu txarretan sufritzen ikasi dute; adibidez, beste traineruren batekin lehia estuan ibili garenean, edo igoerako kanporaketako lehen jardunaldian denboraleak une batez 11 segundo atzetik jarri gintuenean. Nahiko momentu txarra pasatu genuen, baina bururik ez genuen galdu, eta ezta arraunketa ere.

Bidea nabarmentzen hasita, ia talde osoa da harrobikoa.

%95-edo gara etxekoak, eta besteak ingurukoak. Gerora begira ere gure alde daukagu hori.

Talde hau bera, ezer aldatu gabe, gai izango litzateke San Miguel ligan mailari eusteko?

Maila aurtengoa bezalakoa izanez gero, uste dut moldatuko ginatekeela. Ez dut esan nahi estropadaren batean sekulako maila emango genukeenik, baina erregularrak izango ginateke. Hori da gure ezaugarrietako bat, eta aukera izango genuke estropada batzuetan puntu asko batzeko.

Bermea edukitzeko, taldea indartu egin beharko litzateke?

Dudarik gabe.

Nola indartu nahi duzue?

Nire aurreneko helburua da oraingo taldeari eustea, eta, ahal bada, pare bat arraunlarirekin indartzea. Hor beste lan bat sartzen da, eta ea zer ateratzen den.

Badira bi ondarroar Urdaibain, Alain Colunga eta Mikel Azkarate. Badago etxeratzeko aukera?

Ez dakit. Ez naiz sartuko diru kontuetan, baina badira beste formula batzuk, eta horiek aztertzen ariko da zuzendaritza. Kanpoan ibili izan naizenean, beti izan dut ilusioa Ondarroarekin San Miguel ligan arraun egiteko, eta horretarako itzuli nintzen herriko taldera. Lortu dugu, eta Ondarroako arraunlariei ilusioa egingo die etxeko taldearekin liga nagusian lehiatzeak. Badakit Urdaibai oso klub handia dela, eta ez dela erraza, baina bakoitzak ikusi eta aztertu behar du zer egin. Niri, behintzat, asko gustatuko litzaidake bi horiek itzultzea.

Debako beste bi ere badira Bermeon, Ibon Basterretxea eta Javi Zulaika. Gertukoak, eta zuen filosofian sartzen direnak.

Legez, ezin da talde beretik bi arraunlari baino gehiago fitxatu, baldin eta ez badago akordiorik bi taldeen artean. Ikusiko dugu.

Ingurukoak ezin badituzue erakarri, kanpora joko duzue bila?

Bai. Beste nonbaitetik ekarri beharko ditugu, baina, ahal dela, inguruko herri edo taldeetatik.

Indartu bai, baina harrobiari lekua kendu gabe?

Hori da. Ondarroak ez du burua galduko, eta ez da sartuko beste talde batzuen dinamikan.

Zu izango zara entrenatzailea?

Bai. Adostu dugu tratua.

Izan al duzu deirik beste klubetatik?

Ezta bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.