Mikel Orbañanos. Hondarribia taldeko entrenatzailea

«Harrobiko lanaren etekina indartu behar da»

Dena irabazi du Mikel Orbañanosek Hondarribiaren buruan. Aurtengo denboraldian, bi bandera soilik. Baina entrenatzaile oriotarra pozik dago.

EUSKO LABEL LIGA.
pettan uralde
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da denboraldi erraza izan Hondarribiarentzat, aurkariak aspaldiko gogorrenak izan baitira. Baina taldeak erakutsi duen mailak bete egiten du Mikel Orbañanos entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1973). Gaur (18.47 ETB1) izango dute ligako azken-aurreko estropada, Bermeon, eta bihar Portugaleten (Bizkaia) ariko dira (12.42 ETB1). Asteburuko helburua, «liga itxura onarekin amaitzea» dute.

Zer analisi egiten duzu taldearen denboraldiaz?

Errendimenduari begiratuta, pentsatzen dut oso denboraldi ona egin dugula. Horrelako hausnarketa bat egiteko garaian, aurkarien maila ikusi behar da, eta Urdaibaik oso maila ona eman du. Merezimendu guztiz da txapelduna. Baina gu gerra ematen saiatu gara, eta, alde horretatik, gustura nago taldeak erakutsi duenarekin.

Beste behin, bereizgarri duzuen erregulartasunari eutsi diozue, ezta?

Helburua beti ahalik eta azkarren ibiltzea da, eta, ahal bada, irabaztea. Baina ez da erraza, eta aurtengo aurkaria oso gogorra izan da. Erregularrak izatea eta estropadetan itxura ona ematea ere helburu bat da guretzat, eta halaxe izan da aurten ere. Momentu oro, maila txukuna erakutsi dugu, eta aurpegia eman dugu. Uste dut gure onenetik gertu aritu garela. Niretzat oso garrantzitsua da uda guztian erregularra izatea, batez ere liga postu on batean bukatzeko, eta helburu hori bete dugu. Azken urteetako joera erakutsi dugu: lan egiteko era antzekoa. Oso borrokalariak gara, beti gaude garaipenetik gertu. Eta batzuetan irabaztea lortzen dugu.

Baina erregularra izateak ez ditu beti garaipenak ziurtatzen.

Hala da. Haiek ere oso erregularrak izan dira, eta bien arteko puntu aldea murrizten saiatu gara denboraldi osoan. Aurten irabaztea oso garesti zegoen, eta, esan dudan moduan, gustura nago egin dugun lanarekin.

Aurten atzetik ere izan duzue aurkari gogor bat.

Zierbenak oso denboraldi ona egin du, eta lehengo urtetik ageriko salto bat eman dute. Ikusita nola osatu zuten taldea eta zein entrenatzaile zuten, bagenekien kontuan hartzeko taldea izango zela eta horrela erakutsi dute. Udan zehar, gure mailatik gertu aritu da, eta goitik ere bai batzuetan. Sailkapena ikustea besterik ez dago, oso puntu gutxiren aldea dugu, eta horrek esan nahi du oso uda ona egin dutela.

Eta goitik Urdaibai, noski. Horrelako talde baten aurka denboraldi osoan lehiatzeak zer eragin du taldean?

Ez da erraza. Ikusita nola osatuta dagoen taldea... Haien filosofia errespetatzen dut, baina, kirol aldetik, abantaila batekin jokatzen dute. Alegia, selekzioz osatutako talde bat da. Batzuetan, ordezko arraunlariak titularrak baino hobeak izaten dira. Inongo meriturik kendu gabe, errendimenduari dagokionez beste maila batean jokatzen dute.

Esaten duzun filosofia horrek ere arraunzale asko jarri ditu haien aurka. Zer iritzi duzu berezko arraunlariak erabili behar direla esaten dutenekin?

Etorkizunera begira, harrobiko lanaren etekina indartu behar da. Gehienbat, gazte mailan arraunlariak ateratzen saiatzeko, eta goi mailara iritsi eta lehiakorrak izateko. Arraunlari horiek zaindu egin behar ditugu; bestela, goi mailara iritsi eta talde batzuei txalotzeko gaude bakarrik. Ez goaz ondo bide horretatik. Estimulu positibo gehiago landu behar ditugu arraunaren inguruan. Arrauna nahiko gogorra bada, gutxienez tarteka poz batzuk hartzeko balio behar du. Harrobiko arraunari garrantzia eman behar zaio, baita herriko arraunlariei ere. Iruditzen zait bertako herriko jendea identifikatuta sentituko dela traineru horrekin. Gaur egun, badira arraun elkarte batzuek herri bertako hiru edo lau arraunlari bakarrik dituztenak traineruan. Kontxako estropadara joaten bagara, traineru batzuk bat, bi edo hiru arraunlari besterik ez dute bertakoak. Herri horrekzer sentitzen du traineru horrekiko? Uste dut alde horretatik galtzen ari garela. Buelta batzuk ematekoa da.

Kontxako Bandera jokatu duzue. Nolakoa izan da taldearen errendimendua?

Gure mailan ondo aritu ginen, baina bagenuen hobeto ibiltzeko aukera. Bai lehenengo igandean, eta bai bigarrenean; gauzatxo batzuk hobeto eginda azkarrago ibiltzeko aukera genuen. Gutxienez, bost edo hamar segundo azkarrago ibiltzeko. Argi dago Urdaibaik erakutsi duen mailara ez ginela iritsiko. Bigarren igandean kaleak ez zigun lagundu, eta lehenengoan kale txarra ez zen arren, ezin izan genuen nahi genuen norabidea eraman. Azkarrago ibiltzeko aukera bai, baina Urdaibairen mailaren azpitik.

Asteburu honetan amaituko duzue liga. Taldea, ligako azken estropadetan, garaipenetik urrunegi aritu da?

Zorte kontuan ez gara sobera ibili. Urdaibai nahi izan duenean garaile izan da, eta bigarren maila batean borrokatzera ohitu gara. Aurkari gogor batekin topatu gara. Asteburuan, itxura on batekin bukatu nahiko genuke liga, eta ea garaipenetik gertu ibiltzeko aukera dugun.

Taldeak lortu al du eskatzen zenuena betetzea?

Zalantzarik gabe. Ahalegin handia egin dugu arraunlari eta zuzendaritza aldetik etekin handienak ateratzen. Oso ondo aritu dira arraunlariak, eta lan bikaina egin dute. Ikusi besterik ez dago Kontxako bigarren igandean zer egin genuen. Banderaren bila joan, eta, hain atzean geratu arren, txandako bigarren postua borrokatzen jakin genuen. Meritu handikoa izan zen.

Dagoeneko hurrengo denboraldiari begira?

Denbora pasatzen utziko dugu; liga amaitzeko itxaron eta gero hasiko gara pixkanaka hitz egiten. Atsedena beharrezkoa da orain, baina hasiko gara hurrengo denboraldirako gauzak pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.