Azken denboraldietan Taxoareko harrobia emaitza gutxi ekartzen ari zen, eta Osasunaren bigarren taldea, beti hain garrantzitsua izan den hori, garrantzia galtzen ari zen. Raul Garciak Javier Aguirrerekin eman zuen lehen talderako jauzia, baina Jose Angel Ziganda izan zen harrobia benetan aintzat hartu zuen Osasunako azken entrenatzailea. Larraintzarkoak landu zuen Raul Garcia bigarren taldean, eta haren eskutik iritsi ziren lehen taldera Natxo Monreal eta Cesar Azpilikueta. Jose Antonio Camachok gazteei aukerak eman baino nahiago izan zuen mailari eusteko helburua ziurtatzeko beteranoak fitxatzea. Roberto Lopez Ruper-ek eta Jorge Galanek izan zuten aukerarik, baina Camachok ez zuen haien aldeko benetako apusturik egin.
Jose Luis Mendilibarrek ere argi utzi zuen iritsi zen unetik harrobikoa izateagatik soilik bigarren taldeko jokalariek ez zutela izango lehen taldean aritzeko aukerarik. Irabazi egin behar zuten aukera hori. Eta zaldibartarraren mezua ondo hartu zuten bigarren taldekoek, dirudienez. Xavier Annunziata eta David Timor lehen taldean daude udaz geroztik. Joan den asteburuan Raoul Cedric Loe euskarri frantziarrak lehen taldearekin Ligan lehiatzeko aukera izan zuenez, denboraldi honetan lehen taldearekin aritu diren bigarren taldeko jokalariak lau dira dagoeneko: Eneko Satrustegi ezker hegaleko atzelaria, Roberto Torres erdilaria, Marcos Perez atzelaria eta Raoul. Horrez gain, Manu Onwu aurrelaria ere lehen taldekoekin entrenatzen ikustea ohiko bilakatzen ari dela aintzat hartuz gero, badirudi Taxoareko harrobia indarberritzen ari dela. Ez da albiste makala gorritxoentzat.
1. Eneko Satrustegi
Satrustegi (Atarrabia, Nafarroa, 1990) da lehen taldean gehien jokatu duen jokalaria. Monrealen salmentak hankamotz utzi zuen ezker hegaleko atzealdea. Oier Sanjurjo utzita joan zen Celtara, Ion Etxaidek min hartu zuen eta Jukka Raitala finlandiarra fitxatu zuen klubak. Raitala Espainiako Ligako jokora ohitu bitartean bigarren taldetik igo da Satrustegi. Erasoan gehiago ausartzea falta zaio, eta defentsan zuhurrago aritzea batzuetan, baina egundoko sasoia dauka, eta ezker hegaleko atzelari on batek behar dituen ezaugarri guztiak dauzka. 21 urte ditu eta etorkizuna berea du. Azken partidetan Raitalak berriro postua kendu diola dirudien arren, lehen taldearekin kontratua sinatu berri du, eta klubak itxaropen handia dauka berarekin.
2. Roberto Torres
Osasunako harrobia ezagutzen duten guztiek aspalditik esaten zuten Roberto Torres (Arrea,Nafarroa, 1989) gauza handiak egiteko moduan zegoela. Zigandaren azken partidan —Okzitaniako Tolosaren aurkako lagunartekoan— jokatu zuen estreinakoz lehen taldearekin, eta falta jaurtiketa batean gol dotorea sartu zuen. Bigarren taldera gazte adinean hasi zen, eta uste baino gehiago kosta zaio bere jokoa sendotzea Arreko erdilariari, baina sasoi honetan bigarren taldeko ikur bilakatu da. Kalitate itzela dauka, teknika aparta du, eta futbola erraz ikusteaz gain. Bi oinekin urrutiko jaurtiketa onak egin ohi ditu. Fisikoki ez da batere sendoa, baina futbolari ona da. Sasoi honetan Ligan zein Kopan aritu da lehen taldearekin, eta datorren denboraldian lehen taldeko jokalaria izango da.
3. Raoul Cedric Loe
Lehen taldearekin debutatzen azkena izan da Raoul (Paris, 1989), eta aurreko asteburuan Osasunak Mallorcan jokatutako norgehiagokan taldeko jokalaririk onena izan zen euskarri frantziarra. Trakets eta baldar itxura izanagatik orain 23 urte Parisen jaiotako jokalariak egundoko lana egiten du zelaiaren erdialdean. Kopan Bartzelonaren aurka aritu zenean erakutsitako maila onari eutsi zion Mallorcan Ligan ere, eta bigarren taldera iritsi berria izanagatik, geratzeko etorri da Osasunara. Manchegorekin eta Ceutarekin aritu ostean, Osasunak lotu zuen udan, eta pozez txoratzen daude hura fitxatzeaz arduratu zirenak eta bigarren taldeko entrenatzaile Miguel Merino. 190 zentimetro pasako garaiera du, eta bere zango luzeekin toki askotara iristen da. Erraz jokatzen du, baloi andana berreskuratzen du, eta Patxi Puñal kapitaina ordezkatzeko hautagai bikaina izan daiteke laster. 2015era arte luzatu berri diote kontratua, eta lehen taldera behin betiko igotzen bada, beste hiru urtez luzatuko diote hitzarmena. Zelai erdiko lan fisikorako dohain ikusgarriak ditu.
4. Marcos Perez
Satrustegik bezala, Marcos Perezek ere (Lucena, Espainia, 1989) Bernabeun debutatu zuen. Atarrabiakoa egotzi zutenean zelairatu zen. Hegalean gora eta behera aritzen da, eta ezkerretik zein eskuinetik joka dezake. Bigarren taldean ezinbestekoa da, eta lehen taldearekin sarri entrenatzen da. Hargatik, duela bi aste lehen taldeko ordezkoen kontra jokatzen ari zenean belaunean min hartu zuen, eta agur esan dio sasoiari. Jokalari interesgarria da, postu askotara egokitu daitekeelako. Ikusteko dago nola osatzen den.
Harrobikoen aldarria
Camachorekin Galan eta Ruper soilik igo ziren Osasunako bigarren taldetik nagusira. Mendilibarrek, ordea, lau jokalariri eman die aukera sasoi honetan: Raoul Loe, Satrustegi, Roberto Torres eta Marcosi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu