MUNDUKO MOTOZIKLISMO TXAPELKETA

Has dadila hurrengoa

Valentino Rossik datorren denboraldian Hondarekin ez korritzeak are erakargarriagoa egingo du 2004ko Munduko Txapelketa. Apirilean hasiko da sasoia, Hegoafrikan

jon ordonez garmendia
2003ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aurtengo 1 Formula denboraldiak ez zuela amaitu behar zioen Laurentzi Garmendiak Berrian, denboraldia amaitu zenean. Motoziklismo Munduko Txapelketa igandean amaitu zen Valentzian, eta hobe horrela, hurrengoa lehenbailehen has dadin. Emozio handiko denboraldia izan da. MotoGPn Valentino Rossi izan da garaile hirugarren aldiz jarraian 2001ean 500 cc.-etan irabazi zuen, baina Txekiako Sari Nagusira arte ez du izan beste bi denboraldietako erregulartasuna eta nagusitasuna .

Zenbakiek erakusten dute. Denboraldi honetako lehen bederatzi sari nagusietatik, Txekiako probara arte, lau soilik irabazi zituen. Hau da, Sete Gibernauk adina. Txapelduna krisian zegoela zirudien, eta bere erregetza amai zitekeela. Aurreko denboraldian lehen hamabi probetatik hamar irabazi zituen, eta gero lasaitu egin zen, azken lau probetatik bakarra irabazi baitzuen. Aurten beste bat izan da bere estrategia. Hasiera makal horren ondoren, azken zazpi probetatik sei irabazi ditu, eta bere egin du txapelketa. Horixe egin zuen 2001ean 500 cc.-etan: lehen bederatzi probetatik bost irabazi zituen, eta azkeneko zazpietan sei.Gidari aparta da Rossi, eta aurkariaren arnasa bizkarrean sumatzen duenean badaki motorrari abiadura gehiago ematen, eta horrela ere gidatzen. Honda ez da iritzi berekoa, ordea, eta igandean bertan jakinarazi zuten abenduan amaituko duten kontratua ez dutela luzatuko. Rossi eta Honda banatu egingo dira, eta horrek aurtengoa baino erakargarriagoa egiten du datorren urteko txapelketa.Yamahak orain arte ez zuen publikoki ezer onartzen, baina orain bai, Rossirekin hitz egiten ari direla aitortu du. Zurrumurrua baino zerbait gehiago da, azken probetan negoziazio horiek bolo-bolo dabiltzanetik Yamahak hobetu egin du. Carlos Checa bosgarren geratu da Malaisian eta Valentzian. Ducatiren eskaintza ere mahai gainean du Rossik. Italiako etxeak Desmosedici motoarekin aurten hainbat proba amaitzea zuen helburu, baina Katalunian Gibernauk lortu zuen garaipenarekin pozik zegoen. Ferrari bezala, Marlboro babeslearen eskutik gorri koloreak jantzi du Ducati, eta Ferrarik bezala berezko nortasuna hartu du. Eskaintza bikoitza egin zioten Rossiri bien artean: bi urte Ducatirekin motoziklismoan, eta gero hainbat proba Ferrarirekin 1 Formulan.Yamahak, ordea, dirua eskaintzen dio Rossiri. Hondan seguru daude gidariak baino meritu gehiago izan duela euren motoak azken urteotako garaipenetan. Rossiren ordezkoa Biaggi eta Nicky Hayden estatubatuarra izan daitezke. Haydenek hobetu egin du azken sari nagusietan, eta moto hobe batekin asko hobe dezakeela uste dute Hondan. Hala ere, Rossi Yamahara edo Ducatira joaten badira, datorren urteko lehia handiena bera eta Biaggiren artekoa izango da. Orain arte, biak Hondan egonda ere, aurkariak baziren, hurrengo denboraldian euren arteko ezin ikusia nabarmenagoa izango da.2003ko denboraldia apirilaren 18an hasiko da, Hegoafrikan. Daijiro Kato Hondako gidariaren heriotzak hori da denboraldiko albiste tristea zenbait lan behartu ditu Suzukako zirkuituan, eta 2004an ez da egutegian egongo. Proba horren ordez Qatarrekoa korrituko da lehen aldiz. Beraz, datorren denboraldian ere hamasei izango dira sari nagusiak.

Poggiali izan zen igandean garaile 250 cc.-etan

Aurten azken probarako MotoGPn eta 125 cc.-etan txapelduna erabakita egoteak erraztu egin du datorren denboraldira begira jartzea. 250 cc.-etako lehia geratzen zen zintzilik, eta Poggialik irabazi zuen. 20 urterekin 2001ean 125 cc.-etan irabazi ondoren, bere munduko bigarren txapelketa du San Marinokoak. 14 urterekin hasi zen gidatzen, eta Rossiren atzetik 125 cc.-etako eta 250 cc.-etako irabazle gazteena izateak etorkizun oparoa aurreratzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.