Pilota. Lau t'erdiko txapelketako finala

Hasi da finala

Bengoetxea VI.arentzat Olaizola II.ak aukeraturiko pilotak ez dira egokienak lau t'erdirako, «bote eta irteera gehiegi» baituteLau t'erdiko finala irabazteko aukera «berak» dituzte biek, Goizuetakoaren ustez

Gasteiz
2012ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Bi egun falta dira lau t'erdiko txapelketako finalerako, baina jada esan daiteke finala hasi dela, bai behintzat atzo Ogetan egindako pilota aukeraketan gertatutakoa kontuan hartuta. Izan ere, Aimar Olaizolak aukeraturiko pilotak «gehiegizkoak» direla azpimarratu zuen Oinatz Bengoetxeak. Leitzarra gustura agertu zen berak saskitik hautatu dituenekin. Aldiz, ez zitzaion gehiegi gustatu Olaizola II.ak bote handiena eta irteera gehien dutenak hartu izana. Goizuetarrak, ostera, pilotak «distantziarako zein pilotalekurako onak» direla esan zuen.

Saskitik hartutako materialarekin kexarik izan ez arren, penatua azaldu zen leitzarra. «Ez nuen espero», aitortu zuen. Argi du goizuetarraren aukeraketa horren zergatia. «Ni atzera bidaltzen saiatuko da; berari partida lasaia komeni zaiolako. Niri, ordea biziagoa». Azken finean, bakoitzaren jokoaren araberako pilotak aukeratu zituzten biek. Olaizola II.a pozik azaldu zen. «Ez dago pilota baxu edo biziegirik; agian, bere pilotek bote gutxiago dute, eta azpitik dabiltza».

Pilotaren aukeraketari buruzko iritziak kontrajarriak izan arren, bifinalistek bat egin zuten partidaren itxuraz galdetzerakoan. «Oso intentsua izango da», onartu zuten biek. «Biok asko jokatzen dugu airez, eta aukera duen bakoitzean arriskatu egiten du Oinatzek; erritmo biziko partida izango dela argi dago, hala ere, ez dakit luzea izango den edo ez», adierazi zuen Olaizola II.ak. Fisikoak erabakiko du, beraz.

Finala Ogetan izateak ere eman du zeresanik. Olaizola II.a erabakiari garrantzia kentzen saiatu zen. «Enpresak agintzen duena onartu behar da». Bengoetxea VI.aren ustez, ostera, lau t'erdiko finalak buruz burukoaren antza hartuko du. «Hormatik ikaragarri gora irtengo da pilota. Bote ikaragarria du, eta jokoa zazpitik zazpirakoa izango da».

Olaizola II.a faborito

Presioa gainetik kentzeko modu on bat izan ohi da hau aurkariari pasatzea. Bengoetxea VI.ak goizuetarra historiako pilotari onenetakotzat jo zuen, horretarako.«Ez du ia hutsik egiten». Hala ere, irabaztea mirari kontua izatea baztertu zuen: «Inor ez da menderaezina; dakidan bezala jokatu, eta guztia ongi irtenez gero, irabazteko aukerak ditut; badakit oso gogorra izango dela». Hain zuzen ere, Olaizola II.ak bost txapel irabazi ditu kaiolan. Leitzarrarentzako, ostera, lehen finala izango da diziplina honetan.

Olaizola II.ak, berriz, norgehiagoka «parean» dagoela nabarmendu zuen. «Ez dut uste faboritoa naizenik; dudan guztia ez badut ematen, galdu egingo dut». Final bezperetan ohikoa den lore banaketak gehiagorako ere eman zuen, halere: «Oinatz oso pilotari osoa da; distantzia honetan oso azkarra da, ongi defendatzen du eta oso arriskutsua da».

Olaizola II.ak eta Bengoetxea VI.ak elkarren aurka jokatu zuten ligaxkan. Goizuetarra gailendu zen Labriten (22-13). Hala ere, oraingoa «ezberdina» izango dela deritzote biek. «Igandean hobeto dagoenak irabaziko du», esan zuen Olaizola II.ak. Bengoetxea VI.aren ustetan, fisikoa izango da gakoetako bat. «Oso partida ona egin genuen biok. Hala ere, bigarren zatian bera hobeto ibili zen».

Hasiera batean, abenduaren 2an zen jokatzekoa finala, baina Olaizola II.aren bizkarreko mina zela-eta astebetez atzeratu zuten. Abenduaren 5ean beste astebetez atzeratu zuten,Bengoetxea VI.akbirus bat baitzeukan. Arazo fisikoak alde batera utzita, igandean «guztia emateko asmoz» kantxaratuko dira nafarrak. Ogeta ia beteta egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.