Denboraldi hasierako mamuak uxatu ditu Oriok. Azken jardunaldian, etxean irabazi ostean, aurreko denboraldiko San Nikolas bueltan zenaren itxura ematen zuen. Atzo, horixe baieztatu zuen Getxoko uretan. Nagusitasunez irabazi zuen bandera, hasieratik bukaerara arte traineru azkarrena izanik. Goitik behera menderatu zituen Getxoko urak, eta lehen kaletik bikain bete zituen bi luzeak.
Hasiera emateko arazoren bat izan bazen ere, Nadeth Agirre patroiak gogor heldu zuen estatxa, eta askatu zuenerako tinko hartu zuten estropadaren burua. Hasiera parekatua izan zen, zalantzarik gabe. Ohorezko txandako lau brankak parez-pare izan ziren, maila onena erakutsi nahian. Orio lehen kaletik, Tolosa bigarrenetik, Arraun Lagunak hirugarrenetik eta Donostiarra laugarrenetik. Segituan hasi zen lehen txandan Hondarribiak markatutako denbora atzean geratzen, eta bandera ohorezko txandan zegoela zalantzarik ez zen. Oriok eta Tolosaldeak hasi zuten hobekien, eta apalago Arraun Lagunak eta Donostiarrak.
Orioren errenta oso handia izaten hasi zen, eta garaipena eramateko aldarrikapena eman zuen lehen luzetik. Tolosaldea saiatu zen, Mirotzak ezetsiz, baina ez zen hurbildu ere egin. Ziabogan 6.15eko denbora ezarri zuen Oriok. Tolosaldea 10 segundora, Arraun Lagunak 12ra eta Donostiarra 14ra. Poparean erritmo berarekin jarraitu zuen Oriok, eta garaipena eskuan izan zuten Patxi Francesen arraunlariek. Bigarren postua nork lortuko zen zalantza orduan, eta apal hasi zen Arraun Lagunak gailendu zen horretan. Olatuak harrapatzen hasi zen Andrea Astudillo, eta atzean utzi zuen Tolosaldea. Oriorekin zuten tartea ere murriztera egin zuten, eta presioa sartzen saiatu ziren. Oriok, ordea, oraindik ere erritmo handiagoa sartu zion arraunketari, eta 11.23ko denboran iritsi zen. Jarraian Arraun Lagunak 14 segundora, Tolosaldea 18ra eta Donostiarra 26ra.
Ohorezko txandaren hasiera zaila izan bazen, zer esanik ez lehenengoarena. Malkartsua, zerbait esatearren. Tirani estatxa kateatu zitzaion, eta laguntza behar izan zuen hori berreskuratzeko. Bost-hamar minutu inguru galdu ziren horretan, eta hasiera baldintza normaletan hastear zegoela, baliogabekoa egin zuten. Semaforoa oraindik gorri zela hasi ziren arraunean Tiran eta Hibaika, bigarren eta hirugarren kaleetatik. Bi traineruek hiru segundoko zigorra jaso zuten, eta saioa oraindik ere gehiago zaildu zitzaien. Hasiera guztiz nahasgarria.
Hamabost minutuko atzerapenarekin hasi bazen ere, itxaroteak merezi duela frogatu zuen Hondarribiak. Egurtu egin zuen hasieratik Ama Guadalupekoak, eta estropada eremuaren jabe izan zen. Lehen luzea osatzen aurrena izan zen Hondarribia,eta beste traineruak ez ziren gai izan horien abiadura jarraitzeko. Poparean, Hibaikak denbora tartea moztu bazuen ere, ez zen nahikoa izan. Azken metroetan estutu, eta olatu gainean iritsi zen helmugara ontzi berdea. 11.54ko denbora kokatu zuen, eta Hibaika izan zen bigarren 27 segundora. Hirugarren Cabo iritsi zen 50 segundora, eta laugarren Tiran minutu batera.
Arrauna
Hasi eta buka, Orio nagusi
Getxoko ikurrina irabazi du Oriok, nagusitasunez. Bigarren, Arraun Lagunak izan da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu