Bradley Wiggins (Sky). Horra aurtengo Frantziako Tourraren jabea. Jabea, ez meritu gabea. Une batean baino gehiagotan jarri izan da ezbaian britainiarraren garaipena, talde bereko Chistoper Froomeren mesederako. Azken hori indartsuagoa dela entzun behar izan du irabazleak sarri, eta taldeko zuzendariei esker eraman duela jantzita maillot horia. Baina sailkapenari erreparatu besterik ez dago zalantzak argitzeko. Hiru minutu baino gehiago atera dizkio Wigginsek Froomeri, eta horrek zerbait esan nahi du. Skyn gustura egoteko moduan dira, lehen bi postuak eskuratuta. Hirugarrena, berriz, Vincenzo Nibalirentzat (Liquigas) izan da, merezita. Hiru txirrindulari horiek podiumean igota izan da Tourraren azken argazkia, baina momentu gehiago utzi ditu, onak zein txarrak.
1. Esprintak, banatuta
Onak. Oso esprint onak eskaini dituzte Tourreko hiru txirrindularirik azkarrenek: Mark Cavendishek (Sky), Andre Greipelek (Lotto) eta Peter Saganek (Liquigas). Hirurek hiruna garaipenekin esan diete agur lehiari. Cavendish urteetan aurrera joana da, baina sasoiko jarraitzen du. Azken bi esprintak berarentzat izan dira —Pariskoa barne—, eta guztira, 23 aldiz jaso ditu bi besoak Tour batean. Zenbaki harrigarrietara heldu da, eta ziur gehiago lortuko dituela. Greipel ere ez dago inoren inbidiatan egoteko moduan, esprint ederrak egin baititu. Dena den, Sagan da distira egin duen izarra. Gaztea da oso, eta jakintsua. Hiru garaipen lortzeaz gain, hainbat ihesalditan ibili da, eta maillot berdea ere eskuratu du. Ziklista bikain bat irabazi du txirrindularitzak.
2. Eroriko sonatuak
Tourra hasi bezain laster erakutsi zituzten euren dohainak hiru esprinter horiek, eta erorikoak ere segituan iritsi ziren. Urteroko kontua izaten da. Sasoi guztian Tourra prestatu, eta hastearekin batera, asko eta asko etxera joaten dira. Aurten ere, noski, halaxe izan da. Izen handiei begiratuta, Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadi), Ryder Hesjedal (Garmin) eta Robert Gesink (Rabobank) izan dira kaltetu nagusiak. Kaltetu nagusiak aipatuta, talde laranjaren zoritxarra nabarmendu behar da. Samuel Sanchezekin podiumean lekutxo bat lortzeko asmoz joan Tourrera, eta uste baino lehenago geratu hanka motz. Erori eta lehian baldintzapean ere hainbatek segitu dute: Alejandro Valverde (Movistar), Janez Brajkovic (Astana)... Tropelaren abiadura itzela da etapetan, aurrean egoteko lehiakortasuna gero eta handiagoa, eta horrek guztiak erorikoak dakartza.
3. Alpeetan, Sky
Alpeetako etapetan izen bakar bat nabarmentzea ez da lan erraza. Bai, ordea, talde bat nabarmentzea: Sky. Oro har Tour guztian izan da nagusi —nahiz eta talde onenaren saria RadioShackek irabazi—, eta Alpeetan ekin zion nagusitasun horri. Aurreneko etaparen sailkapenei begiratzea da onena: Froomek etapa irabazi zuen, eta Wigginsek lidergoa lortu. Bide horretatik joan da lehia, ez baitira gauzak asko aldatu. Nibali, Jurgen Van den Broeck (Lotto) eta Tejay Van Garderen (BMC) zaku berean sar daitezke. Ez Cadel Evans (BMC).
3. Voeckler maisua
Skyren nagusitasuna ikusita, ihesaldi ahaleginak egunero utzi ditu Tourrak, eta ez txarrak, gainera. Esaterako, Valverdek erakustaldia emanda irabazi zuen Pirinioetako bigarren etapa. Lehenengo kilometroetan ihes egin eta gustura altxatu zituen bi besoak Peyragudes gainean. Faboritoen artean mugimendu gutxi ikusi ahal izan dira. Eskerrak Nibalik ausart jokatu duen. Sasoi onean lehiatu da italiarra, eta hura izan da Wigginsi zein Froomeri kontra egiten saiatu den bakarretakoa. Erritmo aldaketak ugari egin ditu, eta Skykoak atzean uztea lortu ez duen arren, gainontzekoek sufritu egin dute. Erakustaldiekin jarraituz, Europcarren balentria izugarria izan da. Hiru etapa irabazi ditu, bi Thomas Voecklerrekin eta bat Pierre Rollandekin. Voeckler Tourrean parte hartu edo ez zalantzan egon zen lesio baten erruz. Asmatu zuen erabakiarekin.
5. Euskaltelek saririk ez
Ihesaldietan inor gutxik hartu du parte Euskaltel-Euskadik adina. Lehenengo aste eta erdian lau txirrindulari galdu arren —Samuel Sanchez, Astarloza, Amets Txurruka eta Gorka Verdugo—, lan aparta egin du. Gorka Izagirre eta Egoi Martinez ez dira aspertu aurrean egoteaz, eta etaparen bat irabazteko zorian izan dira. Ez dute lortu merezitako fruiturik, baina kontent egoteko moduan dira. Egoi Martinezek, gainera, 17.postuan amaitu du Tourra.
6. Zubeldia, ezin hobeto
Hamazazpigarren ez, seigarren amaitu duena Haimar Zubeldia (RadioShack) izan da. Birritan lortu du bosgarren postua, eta aurten ere bikain aritu da. Gaixotasun larri bat igaro arren, eta haren taldekideek laguntza gutxi eman arren, harrigarria da zer-nolako lana egin duen. Pirinioetako etapetan apur bat sufritu zuen, eta denbora dezente galdu, baina erlojupeko ona eginda, postu aparta eskuratu du Usurbilgoak. Taldeko oilarrak leku onean utzi ditu.
7. Erlojupekoan, Wiggins
Zalantzak argitzeko, erlojupekoak baliatu ditu Wigginsek. Mendian akaso ez, baina bakarka onena izan da, eta alde handiarekin, gainera. Tourreko biak berak irabazi ditu, bai hasieran eta bai bukaeran. Hasi eta buka, beraz, Wiggins izan da nagusi. Ikustekoa izango da, dudarik gabe, 2013ko Tourra: Wiggins, Andy Schleck, Alberto Contador...
Hasi eta buka: Wiggins
Bradley Wiggins, Chistoper Froome eta Vincenzo Nibali. Argazki horixe utzi du 2012ko Tourrak. Baina une gazi-gozo gehiago eman ditu, artean erorikoak eta erakustaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu