Hasiera txar baten arrazoiak

Baionak eta Miarritzek ez dute batere ongi hasi Top14ko denboraldia. Antzeko arrazoiak daude bi euskal taldeen txakalaldia azaltzeko, baina klub bakoitzak baditu berezko gabeziak ere.

Tanguy Molcard Miarritzekoa, baloiarekin, aurkari bat gainditu nahian, Castresen aurkako Top14ko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Top14ko hasierako balantzea ez da oso distiratsua izaten ari bi euskal taldeentzat. Miarritze azkena da sailkapenean, hiru punturekin. Baionak hiru gehiago ditu, eta Tolosari estreinakoan irabazi ondotik ihes egin dio garaipenaren bideak. Egoera ez da izan zitekeen onena Heineken kopa jokatu nahi duten bi taldeentzat. Agileran eta Jean Daugerren, hala ere, etsipenik gabe hartu nahi dute egoera. «Ez nuen hain sasoi hastapen txarrik espero», azpimarratu du Serge Blanco Miarritzeko presidenteak. «Hainbat arrazoirengatik azken postura jaitsi gara», azaldu du Patrice Lagisquet xuri-gorrien errugbi arduradunak. «Denboraldi hasiera zaila da. Tolosari irabazita hasi arren, zailtasunak izaten ari gara», dio, berriz, Michel Cacouault Baionako presidenteak.

Horiek erranik, nola azaldu Lapurdiko bi taldeen arazoak? Erantzunaren zati bat Zeelanda Berrian jokatzen ari den Munduko Kopan bilatu behar da. Miarritzek zazpi jokalari ditu han, tartean Hariñordoki eta Yachvili. Baionak ere jokalari anitz ditu Zeelanda Berrian. Fitxatutako asko Munduko Kopan ari dira elastiko xuri-urdina jantzi aurretik. «Bagenekien Munduko Kopak iraun bitartean sufritu egingo genuela. Ekaitza pasatzen utzi behar da», gaineratu du Cacouaultek.

Baina Munduko Kopa ezin da izan arrazoi bakarra. Baionan zein Miarritzen hamabostekoak dezente ahuldu dira, hainbat lesiorengatik. Miarritzen Balshaw, Haylett-Petty, Bolakoro, Baby, August edo Lund anaiak falta izan dira partida batean ala bestean. Baionan, berriz, bereziki nabaritu dira Elhorga, Pietersen, Huget, Boyet edo Mazarsen hutsuneak. Jokalari horiek guztiak titularrak izan ziren iragan sasoian Miarritzen zein Baionan.

Ondorioz, gazteei konfiantza egitea beste erremediorik ez dute izan. Miarritzen talde erdia harrobiko jokalariz osatuta dago. Gazte anitz. Gehiegi? «Jakina gehiegi dela. Gazte bat konfiantzan ezarri behar da, eskarmentuzko jokalariz inguraturik. Hori egin ezean, taldea galbidera doa», dio Serge Milhas Miarritzeko aitzinekoen entrenatzaileak. «Gazteak oraindik bigunegiak dira. Kalitatea badute, baina agian goizegi da haientzat», zehaztu du Lagisquetek.

Baionan ere, Lagain, Otazo, Ziegler eta Visensangek ardura handia izan dute gibelean. Eta haien eskarmentu falta nabaritu da Toulon eta Parisen aurka. «Lehen hamar minutuetan ateak irekita utzi ditugu. Pena da, gauza onak erakutsi baititugu», dio Benjamin Boyet irekitzaileak. «Mazarsen hutsuneak min egin digu», aitortu du, berriz, Thibault Lacroix barnekoak.

Diruaren muga

Gabezia horien gibelean, aurrekontuaren mugak ikus daitezke. Aurrekontu handiena duten taldeak ari dira Munduko Kopa hobekien kudeatzen: jokalari anitz eskas izanik ere, Tolosa, Racing eta Clermont goian daude. Ez da horrela Baiona eta Miarritzen: «Hamasei milioi euroko aurrekontua dugu, eta 30 milioi dutenekin borrokatu behar dugu», nabarmendu du Blancok. Baionan ere, arazoa antzekoa da. Dirurik gabe geratu dira fitxaketa asko egin ostean. Chisholm, Elhorga eta Da Ros ordezkatzeko, ez du inor ekarri, adibidez. «Harrobian badugu behar duguna», dio Christian Gajanek. Agian, bankuan ez dagoena harrobian bilatu behar dela erratea zuzenagoa da.

Azken finean, mailaz zein aurrekontuz talde ertainak dira Baiona eta Miarritze, eta Munduko Kopa kudeatzeko arazoak izaten ari dira. Bi taldeetan kalitatea badago, baina Munduko Kopa bukatzearen zain egon beharko dute. «Azaro hasieran hobeto ibiliko gara», dio Cacouaultek. Ordu arte sei partida jokatuko dituzte. Sufritzeko prest egon behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.