Hasierarik latzena

Zelairik madarikatuena da txuri-urdinentzat Camp Nou: hiru garaipen baino ez ditu lortu 64 partidatan

Hasierarik latzena.
Donostia
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Futbolean ustekabeek txoko pribilegiatua beti izango duten arren, garbi azaldu behar da zein eremu zapalduko duten txuri-urdinek gaur lantegiaren benetako gogortasunaz jabetzeko; zenbakien hoztasunetik abiatuta: Bartzelonak azken lau urteetan, Josep Guardiolaren aro ahaztezinean, ia ez du hutsik egin ligako etxeko partidetan: 65 garaipen eta lau porrot 76 partidatan. Are gehiago, lehia bakoitzeko hiruna gol sartu izan ditu, eta 180 minutuz behin hartu gola. Hori bai, kataluniarrak liga hasieratan ez dira izan ondoren bezain fidagarriak, Francesc Vilanova entrenatzaile berriak ohartarazi moduan, irrist egin baitute Numantzia, Racing, Hercules eta Realaren beraren kontra tarte horretan. Bazterrak nahasteko asmotan aterako dira Montanierren jokalariak, hortaz, etxekoak urduri jartzekotan.

«Ezinezkoa izan arren haiei baloia kentzea, guk beste gauza batzuk erabil ditzakegu, eta gure aukerak sortu. Benetan gogotsu gaude», esan du frantziarrak. «Gure eginahaletan sinetsita atera behar dugu, inolako beldurrik gabe. Haiek egun petrala behar dute izan, noski, eta guk, berriz ,sekulakoa, baina horren bila aterako gara», gehitu du Bravo atezainak. Donostiarren artean hark du eskarmentu gehien izar handien aurkako partidetan.

Hain zuzen, buruari eraginez aldatu nahi du Realak etxetik kanpoko joera ezkorra. Joan den urtean gauza onak egin zituztelako Rosaleda, Cornella, Mestalla eta Vicente Calderonen moduko zelai txarretan. Egun haietako jokabideari eustea falta izan zitzaien, ordea, txapelketaren bide osoan: jarraikortasuna. Gaur jokatuko duen zelai berean ere ikasgai ona atera zuen joan den otsailean: «Lana txukun bete duzulako sentipen onarekin amaitzea baliotsua da aurrera begirako neurketei konfiantzaz heltzeko, emaitza baikorra lortzeko aukerarik ez izanagatik». Helburu horrexekin ekingo diote txapelketari.

Montanierrek atzo osatu zuen lehen zerrendatik kanpo geratu ziren Iñigo Martinez, Zurutuza, biak ala biak min hartuta, Carlos Martinez, Ifran eta Sarpong. Hamaikakoari begira, entrenatzailearen ideia Bartzelonaren barruko pase joko azkarra etetea izango denez, litekeena da Elustondok eta Markelek hasieratik ekitea zelai erdian lan egin dezaten. Horiekin batera Illarramendi ariko da. Atzean, Estradak, Ansotegik eta Mikel Gonzalezek tokia ziurtatua dute. Prietok eta Griezmannek aurrealdean bezalaxe. Bi kokapen daude kolokan, beraz: batetik, De la Bella eta Jose Angelen artean dago ezker hegalekoa, eta, bestetik, taldearen gezimuturra Agirretxe edo Vela izango da.

Guardiolaren ondarea

Irtenbide instituzionala eman nahi izan dio Bartzelonak Josep Guardiolaren irteerari arrakastaren bidetik jarraitu ahal izateko. Oinarria, ideia eta lana lehenetsi zituzten Sandro Rosell eta Andoni Zubizarreta agintariek bestelako erabaki handikien aurretik. Horregatik hautatu zuten Francesc Tito Vilanova, Guardiolaren adiskide leiala. Gaur, Realaren aurka izar guztiak jarriko ditu zelaian, nahiz eta duela egun gutxi nazioarteko neurketak jokatu zituzten horietako askok munduko hainbat bazterretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.