Sifan Hassanek (Herbehereak) helburu bat dauka Tokioko Olinpiar Jokoetan: urrezko domina lortzea 1.500 metrokoan, 5.000 metrokoan eta 10.000 metrokoan. Eta gaur lortu du aurrenekoa jatorri etiopiarreko 28 urreko atletak, 5.000 metrokoan. Ia lasterketa osoan taldetxoan ezkutatuta joan ondoren, azken itzulian erritmoa aldatu du; ondo irabazi du, 14.36,79ko denbora eginez. Hellen Obiri (Kenya) sailkatu da bigarren, 14.38,36ko denborarekin, eta Gudaf Tsegay (Etiopia) hirugarren, 14,38,87ko denborarekin.
Eta handia egin du Hassanek, hamabi ordu lehenago, 1.500 metrokoaren kanporaketan, balentria egin behar izan baitu. Azken itzulia hastear zirenean, erori egin da, baina, amore eman beharrean, altxatu, hortzak estutu, erritmoa bizitu, eta kontrario guztiak aurreratu ditu, kanporaketa irabaziz. Ikusgarria izan da.
[youtube]https://youtu.be/jXwlRRLGoxE[/youtube]
Hiru urreak kolkoratu nahi baditu, datozen egunetan beste hiru lasterketa korritu beharko ditu: asteazkenean, 1.500 metrokoan finalerdia; ostiralean, finala; eta larunbatean, 10.000 metrokoaren finala.
Bestalde, Olinpiar Joko batzuetan atletismoan lortutako aurreneko domina eman dio gaur Jasmine Camacho-Quinnek Puerto Ricori. 100 metroko hesidunean nagusitu da, 12,37ko denborarekin, lasterketan hesi bat bota duen arren. Bigarren izan da Kendra Harrison (AEB) 12,52ko denborarekin, eta hirugarren Megan Tapper (Jamaika), 12,55ekin. Puerto Rico AEBetako Estatu Libre Elkartua da, 1952tik.
Modu horretan, 2016ko Rioko arantza atera ahal izan du. Duela bost urte, Brasilen, 19 urterekin, erori egin zen finalerdietan. Gaur ere erortzekotan egon da: «Marka lortzeko korri egiten ari nintzen, eta hesi bat jo dut. Dena arrazoi batengatik gertatzen da», adierazi die kazetariei, lasterketa eta gero.
Camacho Quinn-ek 100 metroko hesidunaren munduko marka hautsi nahi zuen —Harrisonek du marka, 12,20rekin—, finalerdietan Olinpiar Jokoetako marka ezarri eta gero: 12,26. Lortutako urrearekin, uharteko haurrak inspiratu nahi dituela esan du: «Pozten naiz hori egin ahal izango duen pertsona banaiz».
Gizonezkoen luzera jauzian Miltiadis Tentoglou (Grezia) Europako txapeldunak irabazi du urrea, azken jauzian, 8.41 metroko jauzi batekin. Marka bera egin du Juan Miguel Echevarriak (Kuba), baina zilarrezko dominarekin konformatu behar izan du, greziarrak bigarren jauzi hobea egin duelako —8.15 Tentoglouk eta 8.09 Echevarriak—. Brontzea ere kubatar batek kolkoratu du, Maykel Massok: 8.21 metro.
Beste finalak
Beste bi final jokatuko dira gaur atletismoan. Emakumezkoen disko jaurtiketan, Valarie Allmanek (AEB) irabazi du urrea, 68.98 metroko jaurtiketa batekin. Bigarren Kristin Pudenz (Alemania) izan da, 66.86 metrorekin, eta hirugarren Yaime Perez (Kuba), 65.72rekin. Eta gizonezkoen 3.000 metro hesidunetako finalean, Soufiane Bakkali marokoarra nagusitu da, 8.08,90eko denborarekin; bigarrena Lamecha Girma (Etiopia) izan da, 8.10,38ko denborarekin; eta hirugarrena, Benjamin Kigen (Kenya), 8.11,45eko denbora eginda.