Lehen jardunaldian lehen puntua urratu du Realak Coruñan (Galizia), Deportivoren zelaian. David Moyesek zuzendutako taldeak itxura ona eman du, denboraldi-aurrean erakutsitakotik urrun, eta gertu izan du garaipena.
Jonathas aurrelari brasildarra izan da Realeko jokalari onena. Zelai erdian ez dira nagusi izan txuri-urdinak, baina Deportivoren areara heldu dira behin baino gehiagotan. Aukera argi bat izan du Jonathasek lehen zatian, baina ez du atearen aurrean asmatu.
Bigarren zatian, pauso bat aurrera eman du Deportivok, eta lanak eman dizkio Rulli atezainari. Halere, hark ez du aparteko arazorik izan etxekoen ahaleginak gelditzeko. Datorren larunbatean, Sportingekin jokatuko dute txuri-urdinek, Anoetan (18:30).