Segur aski, bi aldeek izango dute arrazoia. Bai Realeko jokalariek, Bartzelonaren aurka beren esku zegoen guztia egin zutela esaten dutenean, eta bai zaleek, taldeak emandako itxura eskasagatik kexatzen direnean. Segur aski, zelai barruan egon beharra dago Bartzelonaren aurka jokatzea zeinen zaila den jabetzeko eta Aranburuk aipatzen zuen ezintasuna sentitzeko. Eta, segur aski, kanpotik ikusi izan balute, jokalariek ere askoz hobeto ulertuko zuten jarraitzaileek hartutako etsipena. Zorionez, gaurkoa desberdina da. Partida gogorra da, noski, baina Valentziak lurtarra dirudi, Bartzelonak ez bezala. Hezur-haragizko talde bat da, dohain handiak dituena, baina baita balia daitezkeen gabeziak ere.
Horri erantsi behar zaio Realak etxean jokatuko duela eta han konfiantza handiagoa duela. Aurrekontuari begiratuta, bai, beste planeta batean dago Valentzia. Sailkapenean, berriz, hiru puntura du Realak, eta horren sona handiko aurkaria eskura edukitzea akuilu handia da, atzo Martin Lasartek aitortu zuenez. Egunek aurrera egin ahala, Bartzelonako kolpea gainditu omen du taldeak: «Partida galtzeko moduak kutsatuta hasi genuen astea. Baimen eske jokatu genuen, aurkaria gehiegi errespetatuz. Baina buelta eman diogu eta baikor gaude». Kanpoan partida txarrak jokatu eta gero, Realak Anoetan bidea zuzentzen asmatu du orain arte, haren esanetan. «Mallorcan, Valentzian eta Iruñean galdu ondoren, adibidez. Lasai eta orekatuta ikusten dut taldea».
Valentziaren aberastasuna azpimarratu zuen uruguaitarrak, jokalariei zein taktikari dagokienez. «Zaila da definitzea. Aukera asko ditu, eta erabili egiten ditu. Sistema eta joko eredua aldatzen ditu. Zuzen jokatzen du batzuetan, beste batzuetan ez; bi aurrelarirekin zein bakarrarekin aritu izan da, eta geldikako jokaldiak oso ondo maneiatzen ditu». Haatik, baliabide aniztasun horrek baino gehiago, Valentziak «egun ona edukitzeak» kezkatzen du Lasarte. «Oso jokalari onak dauzka lerro guztietan, baita aulkian ere». Zenbait alorretan Atletico Madrilen antza duela aitortu zuen —2-4 irabazi zuten espainiarrek Anoetan—.
Lasarteren arabera, Realari mesede egin dio, igo berria izanik, ezagunegia ez izatea, baina goian egoteak gauzak aldatzen ditu. «Talde historikoa izanda ere, batzuek ez zuten gure jokalarien berri, eta ustekabeak eman izan ditugu, baina efektu hori bukatu egingo da». Unai Emeryk aurkariak oso ondo aztertzen dituelaeta kontuan hartuko duela ohartarazi zuen: «Sentiarazi beharko diogu sufritu beharko duela puntuak eramateko, eta irabazteko gaudela». Realak partidak ondo aztertzen ikasi behar duela eman zuen aditzera, bestalde: «Jokoa noiz azkartu jakin behar dugu, noiz komeni zaigun eta noiz ez».
Ohiko hamaikakoa
Hamaikakoari dagokionez, ez dirudi Lasartek astindu handirik emango dionik. Ustekaberik ezean, Zurutuza hasieratik ariko da, Elustondoren kaltean. Aste hasieran kezka zegoen Bravoren lesioaren inguruan, baina atezaina jokatzeko moduan dago gaurko, Xabi Prieto eta Carlos Martinez bezala. Jokalari guztiak ditu bere aginduetara aspaldiko partez, Ifran izan ezik —Uruguain dago jada, oporretan—. Sutil, Estrada eta Viguera gelditu dira deialditik kanpo. Albacetek errioxarra eta Agirretxe utzita hartzeko interes handia duela eta «alde guztientzat ona den erabaki bat» hartu beharko dutela esan zuen entrenatzaileak. Ez da Realarengana jo duen talde bakarra.
Valentzia da Realarentzat aurkaririk gaiztoena Anoetan jokatzen hasi zenetik. Bi partida baino ez dizkio irabazi bertan; azkena, 2001-2002 denboraldian (2-0). Valentziarrak iaioak izan dira azken bolada luzean txuri-urdinen gabeziak aprobetxatzen. Kontraerasoan azkar ateratzen dira, baina badituzte erritmoa mantsotzeko gai diren jokalariak ere, hala nola Tino Costa eta Banega —min hartuta dago—, hegaleko oldarkorrak eta gol sena handiko aurrelariak. Irregulartasuna izan da orain arte taldearen arazo nagusia. Atepean, berriz, Cesar ez dabil fin, eta presiopean ari da Guaita gaztea. Taldeko giroaren inguruan polemikak izan ditu azken boladan, eta jokalariei hedabideekin hitz egitea debekatu die klubak.
Hauek lurtarrak dira
Bartzelonan jasotako kolpea ahaztu, eta oparoa izan den urtea garaipen batekin agurtu nahi du Realak Valentziaren aurkaTalentu handia izan arren, erregulartasunik ez du topatu Unai Emeryren taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu