Arrauna. Eusko Label liga: Hondarribia

Hautagai handienetako bat da

Hondarribia banderen lehian ibiliko da aurten ere, oso ontzi eta talde fidagarria baitu oraindik ere. Iazko maila berean ibili nahi du, eta prestakuntzako arlo batzuk doitu ditu

Hondarribiako arraunlariak, ahalegin betean, joan den larunbatean, Pasai Donibanen jokatutako estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondarribiak liga nagusiaren azkeneko hiru aldietan 28 bandera irabazi ditu: 2014an, zazpi; hurrengo urtean, hamabi, eta, iaz, bederatzi. Marka handia da gero. Iaz izan ezik, aurreko bi urteetan ligako garaile izan zen, eta, 2011tik, beti bukatu du lehen lauren artean. Gauzak hain ondo ateratzen direnean, zertarako hasi aldaketak egiten? Bestela ere, kluba ez da iraultzen zalea, eta bere-berean segitzen du azkenaldi luzean.

Taldean ere antzeko hitzak eta jarduna ateratzen dira liga nagusia hasi bezperan. «Iazko maila bertsua eman nahi dugu. Badakigu hala eginez gero goian ibiltzeko moduan izango garela», esan du Beñat Egiazu arraunlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994). Horixe jarri dute helburu, ligako garaipena, bandera kopurua eta horrelakoak zehaztu ordez. Mezu zuhurra da Hondarribiaren bereizgarrietako bat, eta horretan ere ez da aldaketarik.

Badaki Egiazuk goian ibilita banderak irabazi egiten direla, baina zehaztu egin nahi izan du oso aldagai garrantzitsua: «Aurkarien mailak asko baldintzatzen du dena. Gerta daiteke gu iaz bezala ibiltzea, baina aurkariek maila hobea ematea eta haiek irabaztea. Edo gerta daiteke denok behera egitea, eta guk irabaztea. Oso erlatiboa da kontu hau».

Aurkariak bai, beraiekin lehianzein espero dituen zehaztu ditu: «Urdaibai eta Orio izango dira, eta Kaikuk ere eman lezake sustoren bat, Lekeition hil honen hasieran eman zuen bezala». Gehiago ere zehaztu du aurkarien gaia, eta bat nabarmendu du: «Uste dut Urdaibai egon daitekeela koska bat gorago. Izan ditu aldaketa handiak iaztik, baina sekulako taldea osatu du berriz ere, eta, gainera, azken urteetako bolada ona lagungarri izango zaie».

Hondarribiak izan ditu hutsune batzuk ere, eta bat ekarri du gogora, bereziki, Egiazuk: «Asier Puertas faltako zaigu, eta asko zen talde barruan. Ekaitz Aznar, Iñigo Jauregi eta Ugutz Bilbao ere ez daude. Hala ere, uste dut ondo ordezkatzeko moduan izango garela, eta, azken urteetan bezala, estropadatik estropadara aldaketak lasai asko egin ahalko ditu entrenatzaileak».

Hasieran, «lasaiago»

Izan dute taldean azkenaldera zailtasun bat, espero gabekoa, gainera. Xabier Etxebeste birusen batek jo du, eta pattal ibili eta gero buelta eman badio ere, ez da sasoi betean oraindik. Oso arraunlari garrantzitsua da hura ere taldean, baina Egiazuk lehengo bera berretsi du: baduela konfiantza taldekideengan.

Prestakuntzari dagokionez, aldaketa batzuk egin ditu Mikel Orbañanosek sasoi honetarako: «Elikadura aldetik, beste estutu bat eman digu. Lehen ere oso fin zaintzen genuen jatekoa, eta, aurten, are gehiago. Badakizu, handik edo hemendik irabazi nahi izaten dira segundo batzuk». Beste aldaketa prestakuntza fisikoan izan du Hondarribiak: «Aurreko urtean baino lasaiago ibili gara, eta ez gara puntu-puntuan helduko denboraldiaren hasierara. Iaz oso ondo hasi ginen, baina, aurten lasaiago goazenez, baliteke fisikoan gu baino doituago dagoen talderen batek aurrea hartzea. Aurkariren bat oso indartsu azaltzen bada hasiera honetan, kostako zaigu irabaztea».

Arraunketa aldetik, berriz, ohi bezala daudela esan du Egiazuk, urtero bezala: «Oso ondo ari gara arraunean, eta, alde horretatik, ez dugu batere aitzakiarik». Bihar azalduko da talde bakoitza nola dagoen, Eusko Label ligako lehen estropadan, Bilbon, 19:00etan. Ez zaio berehalakoan iritsi lehiaketaren hasiera Egiazuri: «Luze egin zaigu bai denboraldi-aurrea. Iaz baino hamabi egun geroago hasiko gara, eta egun horiek astunak egin zaizkigu. Beti izaten da zama handiena azkeneko hilabetea, nahiz eta estropadak egon, eta aurten luze egin zaigu itxaron beharra, beranduago hasiko garelako lehian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.