Laboral Kutxa 68. Bartzelona 80

Hauxe daukagu, Odom

Laboral Kutxak 6. partida jarraian galdu du Euroligan, eta gero eta zailagoa du final-laurdenak jokatzea

Julen Etxeberria.
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laboral Kutxa. Heurtel (6), Causeur (2), Nocioni (6), San Emeterio (22), Pleiss (15) —hasierako bostekoa—; Mainoldi (1), Hanga (9), Hodge (3), Jelinek eta Diop (4).

Bartzelona. Marcelinho (16), Navarro (15), Papanikolau (2), Lorbek (12), Tomic (24) —hasierako bostekoa—; Pullen, Dorsey (2), Sada, Abrines (2), Hezonja, Oleson (5) eta Nachbar (2).

Markagailua. 17-27, 31-33 (atsedenaldian); 49-59 eta 68-80.

Epaileak. Belosevic, Radic eta Koromilas. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 10.186 ikusle Buesa Arenan.

Laboral Kutxako jarraitzaileak izarrei begira bizi dira asteartetik hona. Lamar Odomen fitxaketak ilusioz bete ditu. Ez da harritzekoa. Batetik, Odomen gisako jokalari baten etorrera aparteko albistea da saskibaloizale ororentzat, nahiz eta ez jakin zehazki jokalari estatubatuarra zer asmorekin datorren. Bestetik, Gasteizko taldeko jarraitzaileen kasuan, NBAko izar izandakoaren fitxaketa sasoi honetan jasotako albiste on bakarrenetakoa da. Horregatik, haren fitxaketaren inguruko lehen berriak zabaltzen hasi bezain laster ametsetan hasi ziren. Eta hala jarraitzen dute, ametsetan, ametsa ez delako amaitu. Odom Gasteizen dago jada, eta bihar jokatuko du lehen partida, ACB ligan, Valladoliden kontra. Aspaldiko ikusmin handiena dago, eta Buesa Arena ia bete egingo da. 15.000 ikusle inguru izango dira, eta hori azken sailkatua datorrela bisitan. Odom gabe, pabiloiaren erdia ere ez zen beteko ziurrenik. 6.000 ikusle eskas bilduko ziren. Horretan, behintzat, hasi da errentagarri izaten Josean Kerejetak egindako apustu arriskutsua.

Odom Gasteizen da. Ametsa errealitatea da. Baina errealitatea ere bada gasteiztarrak ezinean dabiltzala aspalditik. Hilabete daramate irabazi gabe. Zortzi partida jokatu dituzte tarte horretan, eta guztiak galdu dituzte; azkena, atzo, etxean, Bartzelonaren kontra, Euroligako Top 16ko zazpigarren jardunaldian. Neurketak espero zen gidoia izan zuen: etxekoek nola edo hala eutsi zieten bisitariei lehen zatian (31-33), baina minutuek aurrera egin ahala, kataluniarren kalitatea gailendu zen. Azkenean, hamabi punturen aldeaz nagusitu zen Bartzelona (68-80).

Europako lehiaketan jarraian galdutako seigarren neurketa da. Urruti geratu da estreinako jardunaldian Unicajaren kantxan lortutako garaipena. Urrun dago jada final-laurdenetarako txartela, gero eta urrunago. Bigarren itzulia falta da jokatzeko, beste zazpi partida, eta hiru garaipenera du laugarren postua Gasteizko taldeak. Ez da alde gaindiezina, baina, gaur-gaurkoz, ez dirudi Laboral Kutxa egoerari buelta emateko gai izan daitekeenik. Odomen ekarpena akuilu izan dadila, hori da zaleei geratzen zaien itxaropen bakarra. Horretarako etorri omen delako Gasteizera, taldearen maila igotzeko, eta ez soilik elastikoak saldu eta mundu osoan arreta bereganatzeko amu gisa. Atzo lehen aldiz agurtu zituen bere jarraitzaile izango direnak —gaur eguerdian aurkeztuko dute Buesa Arenan—. Txalo zaparrada jaso zuen. Gero, zain duenaren berri izan zuen: suspertu beharrean dagoen talde bat. Badu zertan lagundu. Ezer egin gabe jaso duen babes handiaren ordaina litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.