Denboraldi hau ez da nolanahikoa izaten ari Munduko Motoziklismo Txapelketan. Sortu zenetik inoiz ez dute zazpi gidarik laugarren karreran lider izateko aukera izan. Baina aurten, Valentino Rossiren makalaldiak (Yamaha) askok eurentzat hartu nahi duten postua utzi du hutsik. Haydenek, Capirossik, Melandrik, Stonerrek, Rossi berak, Pedrosak eta Eliasek lider izateko adina puntu irabaz dezakete Txinako Sari Nagusian, Shangaiko zirkuituan. Denboraldiko laugarrena da, eta igande goizaldean jokatuko da. Nicky Hayden iritsi da guzti artean lehena, eta postu horretan sendotuko lukeen garaipena lortu nahi du Hondako gidariak. Bitxia bada ere sailkapeneko liderrak ez du aurten oraindik karrera bakar bat irabazi; 2003an egin zuen debuta Japoniako Sari Nagusian, eta harrezkero garaipen bakarra lortu du, iaz AEBetako Sari Nagusian. Aurten Qatarren eskura izan zuen garaipena, baina ezin izan zuen ezer egin, Xerezeko erorikoaren ondoren, Rossik erakutsi zuen garaipen gosearen aurka.
Hayden iaz bederatzigarren izan zen Shangain, baina neguan errepide bustian asko entrenatu du, eta euripean jokatuko diren lasterketetan dena emateko moduan da. Zirkuitua, berez, 1 Formularako egina dagoela esan du Haydenek aste honetan, eta zati azkarrak bihurgune itxiekin uztartzen dituela. Eskerrak asfaltoa gogorra den.
Lehia estua izango da Shangain. «Borroka polita dago aurten MotoGPn», esan du Rossik. 25 urtetik beherako belaunaldi berri bat hasi zaio txapeldunari aurre egiten, eta italiarra gustura dago gazte horien bultzadari eusten. Pedrosa (20 urte), Stoner (20 urte), Melanddri (23 urte), Elias (24 urte) eta Hayden (25 urte) etorkizuneko txapeldunak izango dira, eta Rossik ez du eurekin lehiatzeko aukera galdu nahi. Pedrosa eta Stoner nabarmendu ditu besteen artetik, eta australiarra ikusten duenean beldurra sentitzen duela dio, «muturrean aritzen delako».
Haydenen hautagaitza, beste seiren artean
Txinako Sari Nagusian zazpi gidarik dute Motoziklismo Txapelketako lider izateko aukera, igande goizaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu