Hazi da, eta gehiago nahi

Donostiara ailegatuz geroztik, Alex Sorloth unerik gozoenak bizitzen ari da. Erasoko jokalarien arteko erreferente bihurtuta, golaren bolada onean dago.

Alexander Sorloth Anoetan, Osasunaren aurkako azken partidan sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Alexander Sorloth (Trondheim, Norvegia, 1995) da Realaren garai onaren adierazle nagusietako bat. Taldeak nola, aurrelariak ere une gozoak bizi izan ditu azken partidetan. Lesioek erasandako multzoan aurrerako urratsa egin du, eta erasoko erreferente bilakatu da. Azken hilabeteetan hazi egin da norvegiar erraldoia, eta halaxe segi nahi du.

Gola sartzeko gaitasuna da aurrelarien ezaugarri eta behar nagusia. Zer esanik ez, Sorloth bezala, helburu horrekin fitxatubaldin badute. Aurrelari eskandinaviarrak gola sartzea lortu du jokatu dituen azken bost norgehiagoketatik lautan, eta kontrarioaren atea luzatu du ligako azken bi neurketetan.

Berebiziko garrantzia du horrek txuri-urdinentzat. Lesio kopuru handiak taldea eratzea zaildu dio sarri Imanol Alguacili, eta egoera horren jiran Sorlothek koska batzuk igo ditu bere futbol emarian. Ez golei dagokienez soilik; jokoaren ere bizi ari da, eta Brais Mendezen eta Take Kuboren moduko taldekideekin oso ondo ari da ulertzen.

Izan ere, emankorra da norvegiarraren jokoa. Errematatzaile klasikoaren figura baldin badu ere, Sorlothen gaitasun sortari gehitu behar zaizkio jokorako aldagai zenbait. Esaterako, haren bizkarkako jokoa, zeinak erasoa pausatzeko eta kideei jokaldietara ailegatzeko bet ematen dien, hegalekin jokatzeko.

Realak asko baliatu du hori azken hilabeteetan, eta Sorlothen sinadura gehitu dio gola sartzeko lan koralari. Halaber, baloia oinetan edukitzeko duen abilezia eta abiadura agerian utzi zuen Realaera ailegatuz geroztik, baina sasoi honetan fintasuna lortu du alderdi horietan ere.

Konfiantza handiz ari da Sorloth, eta jokorako akuilu zaio hori. Ageriko da hori, iragan sasoiarekin alderaketa eginda. 2021-2022ko denboraldian hiru gol soilik sartu zituen Espainiako Ligan, 32 partida jokatuta —zazpi sartu zituen orotara—. Aurten, aldiz, bost lortu ditu 11 neurketatan, eta jada gainditu du joan zen denboraldian txapelketa guztiak batuta lortutako gol kopurua, bederatzi egin baititu.

Batez ere, azken jardunaldietako errendimendua baliatu du bere marka propioa lortzeko. Egun hura da Realaren itsasargia, aurrelari petoari dagokionez, bederen: Sadiq Umar luzarorako min hartuta dagoela, Alexander Isak lagunaren erreleboa hartuta ari da azkenaldian, eta suediarra ahantzarazi du taldekideekin elkarlanean arituta.

Dena den, Sorlothen jarduna ez da ateari begira egindakora mugatzen. Defentsako lanean ere zorrotz aritzen da. Aurkarien korner jaurtiketak dira horren adibide; baloiak aldentzen espezialista bilakatu da, lehen zutoinean kokatuta. Hori, eta aurkariak oldartzean taldekideak defendatzeko duen suhartasuna ditu, alderdi golegile izateaz gain, bere jokabiderik esanguratsuenak.

Alexander Sorloth gustura dago Donostian, eta nabari zaio. Lortu du aurrelariek horren beharrezko duten gol jario askatzailea bere egitea, eta, horri esker, taldeari bere abilezia guztia ematen jakin du. Aldartea garrantzitsua da futbolerako ere, eta aurrelari batentzat funtsezko den aldagaiak baditu Sorltohek: gosea, konfiantza, eta gaitasuna. Horiei eusten dien bitartean, Realak eskertuko du gorengo koskatan sailkatzeko helburua betetzeko asmo horietan.

Hiru puntuak xede

Realak onenen artean segi nahi du aurrerantzean ere. Ligako hirugarren postuari eusteko borrokan hiru puntu gehiago eskuratu nahi ditu gaur, Almeriaren zelaian (14:00, Dazn). Osasunaren eta Logroñesen aurka irabazita —azken hori, Espainiako Kopan—, Munduko Koparen osteko garai onari segida eman nahi dio talde txuri-urdinak.

Imanol Alguacil teknikariak 23 laguneko deialdia osatu du Power Horse estadiorako. Takefusa Kubok gainditu ditu arazo fisikoak, eta zerrendan dago. Baita Mikel Oiartzabal eta Ander Barrenetxea ere; beren lesioetatik osatuz geroztik, hirugarrenez eta bigarrenez ariko dira, hurrenez hurren.

Kontrara, Brais Mendezek ez du jokatuko. Maila bikainean ari da galiziarra, baina zigortuta dago, sasoi honetan estreinako aldiz. Edonola ere, Imanolek ahalik eta multzorik lehiakorrena zelairatu nahi du Almerian: «Hamaikakorik onenaren alde egingo dut. Irabazteak axola du, ez minutuak banatzeak. Taldea prest dago, eta maila onean ari da. Horrek laguntzen du aukeraketa egiteko orduan», adierazi zuen prentsa aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.