Lagun Aroren kontu korronteari gehien erreparatzen dion pertsona da German Cea (Donostia, 41 urte). Euro bakoitza ondo erabiltzen dela ziurtatzea da bere lana, klubeko zuzendari nagusi gisa, «sosak biltzea lan zaila bilakatu delako». Denbora behar izan du entsalada eta onddo nahaskia bukatzeko, azalpenak eman beharraren poderioz. Arduratuta, sarri, baina itxaropentsu ere bai. Kirol emaitza onen ondorioz taldea arlo askotan hazi egin dela dio, eta horrek eragin handia duela denean: «erakundeetan, enpresetan, zaleen bultzadan...».
Ziur irailean ez zenuela pentsatzen maiatzean halakorik ikusiko zenuenik.
Bada, ez, baina abenduan ere baikor nintzen, emaitzek kontrakoa esaten bazuten ere. Hamar partida jokatu eta zortzi galduta ere, taldea neurria ematen ari zela ikusi genuen, eta horregatik etorri da gero etorri den guztia. Kimika ona egon da taldean, eta zaleekin batasun handia lortu da. Horri garaipenak gehituz gero, arrakastaren formula lortuko duzu.
Abendu hasiera, 2-8 balantzea. Entrenatzailea kargugabetzeko aukera mahai gainean egon al zen?
Ez. Zergatik? Emaitzak txarrak zirelako? Emaitzak garrantzitsuak dira kirolean, baina ez da neurgailu bakarra. Sito ondo ari zen lanean, taldeko giroa ere ezin hobea zen, baina emaitzak falta ziren. Partida asko bi, hiru edo lau puntugatik galdu genituen, eta horrek arrakasta jaurtiketa pare baten kontua zela esan zigun. Nolatan botako dugu entrenatzaile on bat jaurtiketa bategatik? Denborak arrazoia eman digu gero. Baliteke emaitza onak lortu baina lan txarra egiten duten entrenatzaileak egotea, eta kasu hori eman izan balitz, errazagoa izango zen kargugabetzea aztertzea.
Zer sentitu zenuen igandean?
Poza, emozioa. Hunkigarria izan zen taldean urte asko daramatzagun langileontzat. Illunbek ez du baldintza onik 9.000, 10.000 lagun elkartzeko, haraino joan behar da, baina elkartu dira, eta ikaragarria da.
Illunben urte batzuk egin dituztenentzat ere harrigarria izan da harmailak hain beteta ikustea sarri samar. Zein izan da gakoa?
Batez ere, taldeak lortutako garaipen kopurua, zaleak zerbaitekin identifikatzen badira garaipenekin baita. Hortik aurrera, taldearen jarduna: lana, kemena, umiltasuna, bakoitzak bere lana onartu izana berekoikeriari tarterik utzi gabe... Gipuzkoa eta euskaldunon nortasunarekin bat datozen balioak direla esango nuke, eta horregatik sortu dela batasun polit hori zale eta jokalarien artean. Kanpotik ikusten dena gara, gertukoak eta gauzak txukun egiten saiatzen den jendea.
Zertan dira sos kontuak?
Denboraldia ez da bukatu oraindik, baina ez dut uste zenbaki gorriekin bukatuko dugunik. Joan den urteko aurrekontuan ere irabaziak izan genituen. Apalak, bi mila eurokoak, baina galerarik ez behintzat. Ea aurten antzekoa gertatzen den.
Zer moduz Gipuzkoa kudeatzen ari den alderdi politikoarekin?
Ondo. Harremana emankorra da, Lohizune Txarolarekin, batez ere [Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea], baina Martin Garitano ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin ere bildu izan gara. Kopara ordezkaritza bat joan zen, eta Valentziara ere bakarren bat joango da. Alderdi politikoen gainetik, Gipuzkoaren interes orokorra dugu jomugan, baina Bildurekin harremana ona da.
Zer eskatzen diozue agintariei?
Konpromisoa taldeari bultzada emateko. Haiei bezala, enpresei, zaleei, komunikabideei, proiektu honek bidea egingo badu, denon inplikazioari esker egingo duelako. Eskaera zehatza da Illunbeko konponketak abiatzea, eta klubak kirolgune horretako ustiaketa eskuratzeko prozesua abian jartzea.
Ondo bidean, taldeak Eurokopa jokatuko du hurrengo sasoian. Zer diozu?
Zenbakiak egin beharko direla, eta komeni dena egin. Esan nahi dut, galerak baldin badakartza, bada, pentsatu egin beharko dugu. Beste taldeekin hitz egin duguna aintzat hartuta, Euro Challenge delakoak galerak eragiten ditu, Eurokoparekin parean geratzen zara, eta Euroligarekin dirua irabazi. Eurokopa jokatzen badugu, normalena jokatzea izango da, Europa ispilu ezin hobea delako taldearen hazkuntzan. Enpresak erakartzen ditu, zaleak, eta denek batera bultzatuz, sasoi honetako arrakastari segida ematea lortuko dugu.
Europan jokatzeko taldea sendotu beharko da, eta, horretarako, derrigorrezkoa da aurrekontua handitzea.
Beno, diru sarrera berriak bilatzen ari gara dagoeneko, eta fruituak lortuko ditugulakoan gaude. Ezin dugu sarrerak baino diru gehiago erabili. Anbizio handikoak? Erabat? Zentzudunak? Gehiago.
«Sito gera zaitez» oihu egiten zuten zaleek igandean Illunben? Zergatik? Taldea uzteko arriskua al dago?
Sito Alonsok bi urteko kontratua sinatu zuen joan den udan, eta ez du taldea utziko. Eskertza keinu gisa ulertu nuen nik.
Beste jokalari askok kontratua bukatzen dute, eta lan asko izango duzue denboraldia bukatuta.
Horretarako gaude. Hasiera bateko asmoa egungo taldea mantentzea da, guztiz. Asmoa diot, asmoak asmo izaten baitira batzuetan.
Zer esan nahi duzu?
Lagun Aroren denboraldia bikaina izan dela, eta zenbait jokalariren lana aparta. Hori ez da oharkabean pasatzen merkatuaren begietara, beste kluben begietara, eta jokalari on horiek eskaintza onak jasoko dituzte.
Eta, zein izango da zuen jokaera?
Jokalari horiei eusten saiatu, baina burua galdu gabe. Jokalari batek berdindu ezin dugun eskaintza jasotzen badu, ez gara erotuko.
Zaleak taldeko ikurrak izan direnetako asko taldea uzteko beldur dira.
Baliteke hala izatea, baina kluba gurekin gera daitezen ahaleginduko da bere indar eta baliabide guztiekin.
Gaur zortzi hasiko dira kanporaketak, eta Valentziako lehen partida ezingo da telebistan ikusi.
Gure eskuetan ez dagoen kontua da hori, telebista kateek erabakitzen baitute zer eskaini eta zer ez. Gipuzkoarrek merezi dutela uste dut, baina ezin dugu ezer egin.
German Cea. Lagun Aro GBC taldeko zuzendari nagusia
«Hazi garela baliatu nahi dugu hazten jarraitzeko»
4,7 milioiko aurrekontu apalarekin, gailurrera iritsi da Lagun Aro, eta burua galdu gabe jarraituko dutela dio German Ceak. Europa ate-joka dagoela, denen inplikazioa eskatu du, «hasi den bide polita eten ez dadin». Taldeari bere osotasunean eustea omen da «asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu