Hazia hazten hasia da jada

UCI Kontinental mailan ariko da sasoi honetan Laboral Kutxa, Euskadi Fundazioaren emakumeen taldea. Luzera begirako proiektu bat da, eta harrobia du ardatz.

Euskadi Fundazioko txirrindulariak azalpenak entzuten, Itziarren egindako egonaldian. MARKEL BAZANBIDEA.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Hazi bat landatu eta ondo zaintzen baduzu, gerora fruituak emango dizkizun zuhaitz bat lor dezakezu». Laboral Kutxa taldeko kirol zuzendari Ion Lazkanoren (Mendaro, Gipuzkoa, 1988) hitzak dira. Euskadi Fundazioak emakumezkoen ziklismoan egindako apustuaz ari da. Egitura horrek 2019an erein zuen hazia, Laboral Kutxa taldea sortuta, eta bi urteren buruan, ernamuina atera zaio. Izan ere, UCI Kontinental mailara igo da denboraldi honetan. Hots, nazioarteko bigarren koskan jardungo du, Bizkaia-Durango eta Sopelarekin batera. «Sekulako bultzada» da, Lazkanok azpimarratu duenez.

 

Hamabi txirrindulari izango ditu aurten Laboral Kutxak, iaz baino zazpi gehiago. Taldera iritsi direnetako bat da Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998). Proiektu sendo baten bila zebilen, eta horixe aurkitu omen du. «Segurtasun apur bat nahi nuen. Izan ere, emakumezkoen ziklismoan, ez dakizu talde batek urtetik urtera jarraituko duen ala ez. Bada, proiektu iraunkor bat aurkitu dut hemen, etorkizunera begira dagoena». Lazkanok ere garbi du luzera begira dagoela Euskadi Fundazioa. «Euskal txirrindularitza bultzatzea da iparra, harrobia landuz eta nagusiki etxeko ziklistekin pausoak emanez. Neska gazteek talde honetan bidea egin ahal izatea nahi dugu. Urrats sendoak eginez gero, batek daki noraino irits gaitezken».

Proiektuaren filosofia hori izanik, ez da harritzekoa taldearen bereizgarrietako bat gaztetasuna izatea: 21 urtekoa da txirrindularien batez besteko adina. 23 urtez azpikoak dira denak, Tania Calvo izan ezik 28 urte ditu hark. Horregatik, errepidean fruituak lortzeko itxaron beharra dagoela azaldu du kirol zuzendariak. «Hazia ereitean, ez duzu eskatzen berehala sagarrak ematea. Emaitza onak ongi etorriak izango dira, baina, oraintxe, ez dira gure lehentasuna». Hala ere, txirrindulariek anbizioa dute. Larrartek, adibidez, «garaipenak» eman nahi dizkio taldeari. «Aurtengoa izango da lehen urtea errepidean UCI mailako egutegi bat izango dudala, baina Espainiako Kopan egin ditut lasterketa batzuk. Orain arte talderik gabe lehiatzen nintzen, eta hori desabantaila bat da. Inguruan taldekideak izanda, ordea, aukera gehiago izango dut».

Dena den, oinak lurrean ditu txirrindulariak. «Oso gazteak gara, eta dena daukagu ikasteko», adierazi du hasiberriei dagokien apaltasunarekin. Alde horretatik, gazteei oso lagungarria izan dakieke Calvoren eskarmentua. Haren eta gainerako taldekideen artean «alde handia» dagoela azaldu du Lazkanok. «Tania 28 urteko neska bat da, urte askoan soilik bizikletaz bizi izan dena, pistan Olinpiar Jokoetan parte hartu duena. Beste aldean, 19 urteko neskak daude, orain arte ziklismoa beste modu batean bizi izan dutenak». Alta, taldea aberastu egin dezake kontraste horrek. «Taniak asko eman dezake, baina gazteek ere bai, ikasteko gogoa eta umiltasuna oso baliagarriak baitira beterano batentzat. Bakoitzaren alderdi onak plazaratzea nahi dut. Denek ikastea da kontua, duten adina dutela».

Lazkanoren hitzetan, «primerakoa» omen da txirrindularien artean dagoen elkar ulertzea. Larrartek ere goratu egin du talde barruan dagoen giroa. Garrantzi berezia eman dio Itziarren (Gipuzkoa) hilabete hasieran egindako kontzentrazioari. «Mugarria izan da, nire iritziz. Elkarbizitzak asko batu gaitu. Gainera, hitzaldi bat eman zigun Uxue Otxoa psikologoak, eta erabat ireki ginen bertan, gure arazo eta beldurrekin. Gakoa hor egon da, nire ustez. Orain hobeto ezagutzen ditut taldekideak. Eta konfiantza hori nabaritu egiten da gero, lehian zabiltzanean».

Pozik lehen emaitzekin

Egonaldi horren ondotik egin zuen debuta Laboral Kutxak aurten UCI mailako lasterketa batean. Valentziako Itzulian izan zen, apirilaren 18an. Calvok izan behar zuen taldeburu, baina, arazo mekaniko batzuk tarteko, Larrartek hartu zion lekukoa. Ez zen batere gaizki moldatu: hamargarren egin zuen. «Taldea oso ondo egon zen; asko lagundu ninduen. Lehen aldia da errepidean babes hori izan dudana. Ia ez nuen indarrik gastatu. Itxita gelditu nintzen amaieran, baina taldearentzat garrantzitsua izan zen lehen hamarren artean sartzea». Ondoren, Idoia Erasok laugarren egin zuen Beasainen (Gipuzkoa), Espainiako Kopako lehen proban. «Oso baikorrak izan dira lehen emaitzak. Aurrera egiteko indarra eman digute», esan du Lazkanok.

Orain arte apenas izan duten lehiatzeko parada, baina lasterketa ugari izango dituzte hemendik aurrera. «Goi mailakoak» izango dira horietako zenbait, Lazkanok azaldu duenez. «Maiatzean, Nafarroako bi probetan, Eibarren eta Durangon izango gara. Eta gero, oker handirik ezean, Donostiako Klasikoan hartuko dugu parte. Munduko ziklistarik onenekin lehiatuko gara proba horietan, eta sari bat bezala hartuko dugu. Baita erronka gisa ere. Oso gogotsu gaude». Oraingoz, ez daude atzerrira begira. «Lehenik, jakin behar dugu non gauden estatu mailako lasterketetan».

Laboral Kutxarekin noizbait nazioarteko probetan jardutea gustatuko litzaioke Larrarteri. Pistan 18 urterekin hasi zen munduko onenekin lehiatzen, eta belodromoan jarraitzeko baimena eman dio taldeak, beste zenbait taldekideri bezala. «Zentzuzkoa da, geroz eta garbiago baitago beste modalitate batzuk egitea lagungarria dela gero errepidean lehiatzerako orduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.