Hazteko toki aproposean

Espainiako Ohorezko Mailako lider da Aparejadores Burgos errugbi taldea; hango jokalariak dira Iker Aduriz eta Urko Zumeta. Etxea jartzeaz gain, klubak soldata bat ematen die. «Oso gustura gaude hemen», dio Zumetak. Ikasketekin uztartzen dute errugbia.

(ID_13411937) IKER ADURIZ-URKO ZUMETA.
Iker Aduriz eta Urko Zumeta. BEATRIZ MASSOT
Iñaki Berastegi.
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Burgostik (Espainia) Zarautzera edo Hernanira (Gipuzkoa) 200 kilometro daude, gutxi asko. Autoz, bi ordu inguruko bidaia da. Halere, Iker Aduriz (Hernani, Gipuzkoa, 2001) eta Urko Zumeta (Zarautz, Gipuzkoa, 2001) Aparejadores Burgos errugbi taldeko jokalariek bi hilabete daramate etxera bueltatu gabe. «Libre dauzkagun asteburu guztietan itzultzen gara etxera, baina azken asteetan hainbat partida jarraian izan ditugunez, ezin izan gara etxera joan. Laster Gabonak dira, eta aukera izango dugu etxera bueltatzeko. Edonola, gurasoak partida gehienak ikustera etortzen dira», azaldu du Zumetak.

Jokalari zarauztarraren bigarren denboraldia da taldean, eta hernaniarra, berriz, bere lehen sasoia osatzen ari da. «Aspaldi» ezagutzen dute elkar. «Gazte mailan asko jokatu genuen elkarren aurka, eta, ondoren, Gipuzkoako eta Espainiako selekzioan batera ibilitakoak ere bagara», esan du Adurizek. Ibilbide antzekoa egin dute, gainera. Izan ere, euren herriko taldeetan hasi ziren errugbian, eta Burgosera ailegatu aurretik, Ipar Euskal Herrira jo zuten; Baionako harrobian aritu zen Aduriz, eta Miarritzekoan Zumeta. «Pare bat derbi elkarren kontra jokatutakoak gara. Partida bereziak eta gogorrak izaten ziren, tensio handikoak», gogoratu du Adurizek. «Miarritzerentzat ere urteko partida zen. Ia nahiago izaten zuten derbia irabazi, ligan goiko postuetan amaitzea baino», gogoratu du Zumetak.

Miarritzeko aroa bukatuta, Zarautzera itzuli zen Zumeta, Burgosera igaro aurretik. «Taldean bi urte egin eta gero, berriz ere jauzi bat eman nahi nuen. Unibertsitateko ikasketak hasi behar nituenez, Burgosen aukera ona neukan ikasten hasi eta goi mailan errugbian jokatzeko. Nicolas Rocaries Burgosko jokalaria aurrez ezagutzen nuen, eta haren bitartez jarri nintzen klubarekin harremanetan. Berehala lortu genuen akordioa», adierazi du zarauztarrak. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasketak egiten ari da orain. 

«Burgos ez da Espainiako Ohorezko Mailako talde klasiko bat, VRAC den moduan, adibidez. Errugbia beranduago iritsi zen Burgosera, baina kluba oso lan ona egiten ari da lehen taldean zein harrobian». 

URKO ZUMETA Burgos errugbi taldeko jokalaria

Adurizek, berriz, Donibane Lohizunen egin zuen aurreko sasoia. «Baionan sei urte egin ondotik, Donibane Lohizunera jo nuen. Frantziako laugarren mailan zegoen taldea. Lehen taldearekin partidak jokatzen nituen arren, 23 urtez azpiko taldearekin ere asko jokatu nuen. Gustura nengoen taldean, baina apur bat geratuta sentitzen nintzen, garatzeko aukera gehiegirik gabe».

Denboraldia amaitutakoan, Miguel Velasco Espainiako hautatzaile eta bere entrenatzaile izandakoari idatzi zion hernaniarrak. «Eskuin harroin baten bila ari zen talderen baten berri ba ote zuen jakiteko. Burgosi buruz beti asko hitz egiten zidan, lan egiteko modu oso ona zutelako. Pare bat egun geroago Urkori idatzi nion, taldeko entrenatzailearekin hitz egiten hasi nintzen, eta egun gutxiren buruan tratua itxi genuen». Zuzenbideko ikasteketak egiten ari da Aduriz, urrutiko hezkuntzarako unibertsitatean.

Baliabide profesionalak

Klubak jarritako pisu batean bizi dira orain Aduriz eta Zumeta, elkarrekin eta beste bi taldekiderekin. «Oso gustura gaude hemen», nabarmendu du Zumetak. Etxeaz gain, soldata txiki bat ere jasotzen dute. «Bizitzeko adina ematen digu errugbiak, jokatzen segitzen dugun bitartean. Baina behin jokalari izateari uzten diogunean, beste zerbait izan behar duzu, ez baita horrenbeste diru irabazten», esan du Zumetak.

Espainiako Ohorezko Mailan erabat profesionala den talde gutxietako bat da Burgos. «Talde gehienetan jokalari batzuk profesionalak dira, eta beste batzuk ez. Burgosen, aldiz, denak gara profesionalak. Goizetan jokalari guztiek batera entrenatzen dugu, gimnasioan aurrena eta joko zelaian ondoren, eta bazkaldu ere batera egiten dugu. Hau da, dinamika eta baliabide profesionalak dituen klub batean gaude, eta hori gero nabaritu egiten da. Ezin gara kexatu», azpimarratu du Adurizek. «Erraztasun handiak ematen dizkigute. Lan talde zabala dago, eta detailerik txikiena ere zaintzen dute; GPSarekin entrenatzen dugu beti, gimnasioko lana ere nola egin irakasten digute, eta prestatzaile fisikoa zein entrenatzaile taldea beti gainean daude», erantsi du Zumetak.

«Talde gehienetan jokalari batzuk profesionalak dira, baina beste batzuk ez. Burgosen, aldiz, denak gara profesionalak. Dinamika eta baliabide profesionala dituen talde batean gaude, eta hori nabaritu egiten da». 

IKER ADURIZBurgos errugbi taldeko jokalaria

Lan hori bere fruituak ematen ari da. Taldea 2018an igo zen Ohorezko Mailara, eta aurreko denboraldian Kopako zein Ligako finala jokatu zituen, galdu arren. Sasoi honetan, Superkopa irabazi dute jada —27 eta 30 menderatu zuten VRAC—, eta ligan sailkapeneko aurreneko postuan daude partida bakar bat galduta. «Burgos ez da Ohorezko Mailako talde klasiko bat, VRAC den moduan, adibidez. Errugbia beranduago iritsi da, baina kluba oso lan ona egiten ari da, lehen taldean zein harrobian. Aurreko denboraldia oso ona izan zen, eta, nire ustez, inork ez zuen espero, ezta herriak ere, hain urrun ailegatuko ginenik. Burgosek beti izan du talde txukuna, baina pixkanaka mailaz igo egin da. Lantalde bikaina dago hemen, eta lan handia eginda emaitzak ailegatu dira», esplikatu du zarauztarrak.

Emaitza on horiek hobetzeko lanean ari da orain taldea. «Argi daukagu sailkapeneko goiko postuetan amaitzea dela helburua. Denboraldi hasieran final bat jokatu behar izateak motibazio handia ematen dizu lan egiteko, eta finala irabazteak are indar handiagoa eman zigun. Ligako liderrak gara, oso lan ona egiten ari gara, baina oraindik ez dugu ezer lortu», adierazi du Adurizek. Helburuei dagokionez, anbizioarekin hitz egiten du Zumetak. «Titulu guztien bila joan behar dugula ikusi genuen aurreko sasoian. Bi finalak galdu egin genituen, baina aukerak izan genituen biak irabazteko. Jada berretsi dugu goiko postuetan egoteko taldea dugula sasoi honetan, eta titulu guztiak irabaztea da asmoa. VRACen aurka irabazteak konfiantza handi eman digu». Ordiziaren aurka, adibidez, 52-24 irabazi zuten, Burgosen.

Jokatzea, zail

Bi jokalariek aitortzen dutenez, ez da samurra Burgosen hasierako hamabostekoan sartzea. «Ez da batere erraza, ez. Pixkanaka gero eta gehaigo jokatzen ari naiz, baina egun partidak aulkitik hasten ditut. Denboraldi hasieran bai titular izan nintzela neurketa batzuetan. Jokatzen dudanean aprobetxatu, eta taldeari ahalik eta gehien lagundu; horixe egin behar dut orain», esan du Zumetak.

Antzekoa da Adurizen egoera. «Burgosera etorri nintzenean banekien oso zaila izango zela hasierako hamabostekoan sartzea. Oso jokalari onak daude hemen, eta ni baino urte gehiago daramate taldean. Azken partidetan aulkitik sartu naiz, baina horrek ez du ezer esan nahi. Lanean segitu behar dugu. Superkopako finala, esaterako, hasieratik jokatu genuen Urkok eta biok».

Zeharka bada ere, etorkizunari begiratzen diote batzuetan. Lehen helburua zein den galdetuta, ia erantzun berbera eman dute. Aduriz hasi da: «Jokalari gisa ahalik eta gehien hazi nahi dut». Eta Zumetak jarraitu du: «Ez diot nire hazkundeari mugarik jarri nahi. Ahalik eta jokalaririk onena izan nahi dut. Hurrengo Munduko Kopa jokatzea gustatuko litzaidake, eta atzerrira joateari ere ez dizkiot ateak ixten; gustura bueltatuko nintzateke Frantziako ligara». Adurizentzat ere Espainiako selekzioan tokia egitea helburuetako bat da, baina orain beste garai batean dago. «Lehendabizi hemen ikasi egin behar dut, eta gero gerokoak. Halere, egia da Frantziako ligan jokatzea nire helburuetako bat dela, baina orain oso gustura nago Burgosen».

«Bizitzeko adina ematen digu errugbiak, jokatzen segitzen dugun bitartean. Baina behin jokalari izateari uzten diogunean, beste zerbait izan behar duzu, ez baita horrenbeste diru irabazten errugbian». 

URKO ZUMETABurgos errugbi taldeko jokalaria

Era batera edo bestera, oraindik ere lotura dute Ipar Euskal Herriko errugbiarekin. «Nirekin aritutako jokalari asko Baionako lehen taldean daude orain; Tevita Tatafu, Tom Spring, Aitor Hourcade edo Matis Perchaud, batzuk aipatzearren. Baionako harrobian sartu aurretik Baionako partidak ikusten nituen, eta orain ere taldea jarraitzen dut. Halere, ezin dut Baionarekiko dudan sentimendua Realarekiko dudanarekin konparatu: niretzat, Reala dena da».

Miarritzera joan aurretik, Baionako zalea zen Zumeta. «Nik ere Baionaren partidak ikusten nituen txikitan. Baina, nola esango nion ezetz Miarritzeri! Orain Miarritzeko jarraitzailea naiz. Gainera, lehen taldean dago Kerman Aurrekoetxea eta harekin harreman estua dut, berarekin jokatu baitunuen, baita Ekain Imazekin ere. Ohore bat da bi hauek lehen taldearekin jokatzen ikustea». Adurizek ere gertutik jarraitzen du Miarritze. «Ekain eta Kerman nire lagunak ere badira, eta ahalegintzen naiz euren partidak ikusten. Agian Baionaren partidak baino gehiago jarraitzen ditut haienak. Maiz hitz egiten dut eurekin».

«Jokalari gisa ahalik eta gehien hazi nahi dut. Lehendabizi hemen ikasi egin behar dut, eta gero gerokoak. Halere, etorkizunera begira, egia da Frantziako ligan jokatzea nire helburuetako bat dela». 

IKER ADURIZBurgos errugbi taldeko jokalaria

Bi horiek ez ezik, hirugarren jokalari bat ere hizpide izan dute: Asier Usarraga. «Nire postu berean jokatzen du, eta, Baionara joan aurretik, bi urtez kointziditu nuen berarekin Miarritzen. Oso pertsona jatorra da. VRACen aurkako ligako finala ikustera etorri zen aurreko denboraldian. Jokalari aparta da, eta bere mailara iristea ikaragarria litzateke. Maila handian ari da Castres taldean». Hirugarren lerroko jokalariak dira Usarraga zein Zumeta. Adurizek ere, Castreseko jokalariari buruz hitz onak besterik ez ditu. «Pandemia garaia zenez, lehengo eta bigarren taldeko jokalariak nahiko bananduta geunden. Entrenamendu pare bat batera egin genituen, eta gazteak laguntzen ahalegintzen zen uneroro. Oso pertsona jatorra da».

Baina, oraingoz, Burgosen «oso pozik» daude bi gipuzkoarrak. Taldearen lan egiteko moduarekin ez ezik, taldeko giroarekin ere gustura daude. «Hasieratik oso ondo sartu nintzen multzoan. Argentinar asko dago hemen, eta horrek ere eragina dauka. Ia etxean bezala gaude hemen. Herria ere gustatzen zait, nahiko lasaia baita. Hotz handia egiten duen arren, oso gustura gaude. Amets bat betetzen ari naiz», zehaztu du Zumetak. Goizetan entrenatu egiten dute, eta arratsaldetan, nagusiki, ikasi. «Arratsaldeko ordubi terdiak aldera ailegatzen gara etxera, taldearekin entrenatu eta bazkaldu eta gero. Normalean arratsaldetan liburutegira joaten gara, baina egia da orain siesta bota aurretik egunero mus partida bat jokatzen dugula etxeko laurek», esan du Adurizek. «Hor bai daukagula pike handia, Hernaniren eta Zarautzen arteko edo Baionaren eta Miarritzeren arteko derbietan baino handiagoa», erantzun dio Zumetak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.